Protestak herrialde arabiarretan

Esku hartze handia nahi dute Parisek eta Londresek

Lurreko esku hartze ororen aurka agertu da Errusiako presidente Medvedev, «gerra piztu» dezakeelako

Erredakzioa
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
NBE Nazioa Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak «paragrafoz paragrafo» aztertzeko asmoa zuen Erresuma Batuko eta Libanoko enbaxadoreek Libian esku hartzeko aurkeztutako ebazpen zirriborroa —Frantziak ere sostengatzen du—. Aire eremua debekatzea da proposatutako ekintza nagusia, baina neurri militar gehiago hartzeko bidea ireki nahi dute sustatzaileek. Berri hau idazterako orduan Segurtasun Kontseiluak ez zuen erabakirik hartu oraindik, baina AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Hillary Clintonek «beranduenez» ortzegunean erabakitzeko eskatu dio.

Erresuma Batuak eta Frantziak herrialde arabiarren parte hartzea nahi dute esku hartzerako orduan. «Helburu zibilak babesteko Arabiar Liga eta gainerako estatuak beharrezko neurriak» hartzera baimendu nahi dituzte, zirriborroan jaso dutenez.

Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten bortz herrialdeetatik bik, ordea, Errusiak eta Txinak —azken horrek batez ere—, esku hartze militarra ez dute argi ikusten, eta horiek konbentzitzea da aukera horren sustatzaileen erronka nagusia. Errusiako presidente Dimitri Medvedevek jakinarazi du lurreko esku hartzearen aurka dagoela, «gerra piztu» dezakeelako, «eta ez gerra zibil bat hain zuzen». Libiako krisian herrialde arabiarretako eta Afrikako erakundeek bitartekaritza lana egitearen alde agertu da Medvedev.

Esku hartzea babesteko eszeptiko dagoen bertze herrialde bat Alemania da. Atzerri ministro Guido Westerwellek adierazi duenez, aire eremua debekatzeak oposizioaren alde «militarki» esku hartzea litzateke. «Ez dugu parte hartu nahi Afrika iparraldeko gerra zibil batean, eta ez dugu hori behar». NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, berriz, Libian su-etena «berehala» ezartzeko eskatu die bi aldeei.

Laguntza eskari etsia

Libiako oposizioaren Kontseilu Nazionalak laguntza eskari etsia egin dio nazioarteari. «Erantzun serioak emateko garaia da. Zeren esperoan daude? Gaddafiri erasoekin jarraitzen utziz gero, milaka hildako egon daitezke», adierazi du Kontseilu Nazionaleko kide Nejla al Mangushek. Nazioartearen laguntza bakarrik bonbardaketak saihesteko nahi dutela azaldu du Al Mangushek. «Ez dugu nahi erregimen islamistarik, ez antzeko deus ere. 40 urtetako diktaduraren ondoren, askatasunarengatik borrokan ari da jendea. Non daude Mendebaldeko demokraziak?».

Gaddafiren seme Seif el Islamek, berriz, Frantziarengana zuzendu ditu kritikak; zehazkiago, Nicolas Sarkozy presidentearengana. Haren hauteskunde kanpaina Gaddafi sendiak diruz lagundu zuela jakinarazi du Seif el Islamek, baina Sarkozyk «huts egin» diela dio. «Pailazo horri eskatu nahi diot libiarrei dirua itzultzeko. Libiako herriaren alde egiteko eman genion diru hori, baina huts egin digu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.