Esku hartze militarraren aukera onartzeko eskatu dio SNCk NBEri

Segurtasun Kontseiluak zatituta jarraitzen du, eta Annan Errusiako ordezkariekin bilduko da bihar Moskun

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Tremseheko sarraskiaren albisteak zalantzan jarri du, beste behin, nazioarteko bitartekaritzaren eraginkortasuna Siriako gatazkan. NBEko Segurtasun Kontseiluak Siriari buruzko ebazpen bat ateratzeko azken ahaleginak porrot egin eta biharamunean iritsi da berria. SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko talde nagusiak ez du denbora galdu, eta ekintza gogorrak eskatu dizkio Segurtasun Kontseiluari: «Odol isuri zoro hau geldiarazteko eta eskualdean zein munduan bakea eta segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da Segurtasun Kontseiluak erabaki azkar eta gogor bat hartzea, zazpigarren kapituluaren babesean».

NBEko gutunaren zazpigarren gutunak, hain zuzen, «bakearen kontrako mehatxu» diren erregimenen kontrako zigor neurriak hartzeko eskumena ematen dio Segurtasun Kontseiluari, zigor ekonomikoak eta esku hartze militarra tartean. Mendebaldeko potentziek zazpigarren kapituluan oinarritutako ebazpena onartu nahi dute, baina Errusia eta Pekin ez daude prest Libian gertatutakoa errepikatzeko, eta ez dute onartuko esku hartze militarra ekar dezakeen ebazpenik.

Behatzaileen misioa

Egoera desblokeatzeko asmoz, Moskura egingo du bidaia bihar Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin bilduko da han, eta Siriaren egungo egoeraz eta itun bat lortzeko aukerez ariko dira. Moskuk Annanen bake planarekiko babesa berretsi du, baina Siriako oposizioarekin gehiago lan egiteko eskatuko dio bihar.

Damaskoko gobernuarekin mahai baten inguruan jarri nahi ditu Moskuk oposizioko taldeak, aterabide politikoa lortu ahal izateko. «Kofi Annan da prozesu horretako negoziatzaile nagusia, baina zoritxarrez ez dugu oposizioarekin dituen harremanen ondorio praktikorik ikusten».

Duela hamasei hilabete Al-Assaden kontrako protestak hasi zirenetik Damaskoren errepresioa zigortzeko eta geldiarazteko hainbat saio egin dituzte Segurtasun Kontseiluan, eta Moskuk eta Pekinek bi aldiz erabili dute betoa Mendebaldeko potentzien ebazpen proposamenak atzera botatzeko. Egoerak berdin jarraitzen du NBEn, blokeatuta, Tremseheko sarraskiak AEBen, Frantziaren eta Erresuma Batuaren jarrera indartu badezake ere. Bernard Valerio Frantziako Atzerri Ministerioko honakoa esan zuen atzo: «Bakoitzak bere erantzukizuna betetzeko unea iritsi da».

Siriako oposizioak ere diskurtsoa gogortu du, eta Al-Assaden jarraitzaileei, militarrei zein zibilei, hilaren amaierarainoko epea eman die desertatzeko. Hori egin ezean, heriotza mehatxua egin die Qassim Saadedin koronelak atzo bideo bidez zabaldutako mezuan.

Bestetik, NEBren hurrengo erabakiak behatzaileei buruzkoa izan beharko du, ostiralean agortzen baita haien misioa Sirian. Misioaren luzapenarekin batera zigorrak ugaritu nahi ditu Mendebaldeak; Errusiak, ordea, ez. Bitartean, Txinak aurreatu du ez duela onartuko kontsentsurik bako ebazpenik.

Bestalde, Wall Street Journal egunkariak argitaratu du Damasko bere arma kimikoak biltegietatik ateratzen hasi dela: sarin gasa, ziape gasa eta zianuroa. Damaskok ukatu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.