Rosa Parksek, Montgomeryko (Alabama, AEB) jostunak, uko egin zion autobuseko bere eserlekua gizon zuri bati uzteari. 1955eko abenduaren lehena zen. Beltza zenez gero, kolorezko pertsonentzako bereizita zeuden aulkietako batean zihoan, baina zurientzako eremua jendez beteta zihoanez, autobus gidariak eskatu zion sartu berri zen gizon zuriari lekua utz ziezaion. Rosa Parks ez zen altxatu.
Eta ez altxatzen, baina altxatu zen. Altxatu zen afroamerikarrek sufritzen zuten eskubide urraketaren aurka, eta bultzada handia eman zion ordurako martxan zegoen eskubide zibilen aldeko mugimenduari. Bederatzi urte geroago bere fruitua jaso zuen mugimendu horrek: 1964ko Eskubide Zibilen Legea.
Alabama estatuan, eta bereziki Montgomery hirian izan zuen erdigunea mugimendu historiko horrek. Izan ere, hain segregatutako hegoaldean kokatutako estatu horretan, bereizkeria erabatekoa zen. Oakwoodeko hilerria da horren erakusgarri: "Gune honetan afroamerikarrak baino ez daude lurperatuta, ezin ziren nahastu", dio bertako zaindariak, hilobirik eskasenen aurrean jarrita. Bereizitako ospitaleetan jaiotzen ziren beltzak, eta bereizitako hobietan ehorzten zituzten, bereizita emandako bizitzaren ostean. Ezin zuten ikasi zurientzako eskoletan, ezin zuriekin bidaiatu, zurientzako jatetxeetan jan... ezta komun publiko berberetan txiza egin ere.
Linda Brown 7 urteko neskatoaren gurasoek jarritako salaketa Auzitegi Gorenera iritsi zen, eta horrek 1954an emandako epaian ebatzi zuen eskoletako ume zuri eta beltzen bereizketa konstituzioaren aurkoa zela. Urtebete geroago, Emmet Till gaztea hil zuten emakume zuri bati, ustez, miresmen txistua egin ondoren. Sekulako jipoia eman, begi bat atera, buruan tiro egin eta ibaira bota zuten. Hiletan gorpuari ateratako argazkiak agerian utzi zuen zer-nolako basakeriaz erail zuten. Bi gertakari horiek, lehenago aipatutako Rosa Parksen ekintzarekin batera, geldiezin bilakatu zuten Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Elkarte Nazionalak (NAACP) bultzatutako mugimendua.
Montgomeryko autobuseko gertakariaren ondoren, Marthin Luther Kingek, bertako eliza baptistaren buru zenak, hauxe aldarrikatu zuen: "Nekatuta gaude bereiziak eta irainduak izateaz. Protesta egitea beste aukerarik ez dugu". Artean ezezaguna zen apaiz hura bilakatu zen boikotaren buru; 50.000 pertsona batu zitzaizkion 381 egun iraun zuen greba horri, eta, azkenik, lortu zuten Auzitegi Gorenak autobus bereizleak legez kanpoko izendatzea.
Hamarkada luze batez, NAACPko abokatuek, epaiketaz epaiketa, lorpen txikiak erdietsi zituzten, harik eta 1964ko uztailaren 2an, Lyndon B. Johnson presidenteak —J.F. Kenedy presidentea ordezkatu behar izan zuenak—, afroamerikarrekiko bereizketa behin betiko lurperatzen zuen legea sinatu zuen arte.
Une hori jaso zuten argazkietan, ikus daiteke presidentearen atzean dagoen Martin Luther Kingen irribarre txikia. Indarkeriarik gabeko borrokaren bultzatzaile izanik ere, hamarkada gogorra bizi izan zuen; bere azalean sufritu zuen talde arrazisten oldartzea, eta ikusi zuen nola hil zituzten gertuko ekintzaile beltzak. Bakearen Nobel saria eman zioten egindako lanarengatik, baina hura ere hil egin zuten, 1968an, 39 urte zituela.
Rosa Parks 2005. urtean hil zen. Bizitza osoa eman zuen afroamerikarren eskubideen aldeko borrokan, eta lan horren ordainetan Kapitolioan hilobiratu zuten, eta bere irudiaren estatua bat dago bertan. Ohore hori lortu zuen lehen emakumea izan zen, eta bigarren afroamerikarra.