Eskuin muturraren menpe abiatuko du hirugarren legealdia Silvio Berlusconik

Bertinotti Italiako buruzagi komunistak dimisioa eman du alderdiak Parlamentuan zuen ordezkaritza galtzean

2008ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Oraingo Berlusconi 2001ekoaren aldean oso desberdina da, Estatuaren makineria ezagutzen duelako». Orduko legealdiaren aldeanagintaldi ezberdina iragarriz agertu da jendaurrera Berlusconi, hirugarren aldiz lehen ministro izendatuko duten buruzagia. Romano Prodiren gobernua erortzea eragin zuen bozen legea aldatzeko ezkerreko oposizioarekin negoziatzeko prest dagoela adierazi du Berlusconik, baina, Senatuan eskuratu duen gehiengoaz harrotuta, legea hain txarra ez zela azaldu du. Federalismoaren aldeko aldarria eta paperik gabeko immigrazioaren aurkako jarrera zurruna azaldu ditu garaipenaren biharamunean. «Hasteko, egin behar dena da mugak itxi eta lanik ez duten eta indarkeriaren eragina duten atzerritarrak gune batean sartu identifikatu ahal izateko ».

Lega Nord eskuin muturreko bere aliatuaren apeta bete nahi du, inondik ere, Diputatuen Ganberan eta baita Senatuan ere haren babesa berebizikoa duela jakitun. «Poliziaren Ongiaren armada sortu behar dugu, italiarren eta Gaizkiaren armadaren artean izateko».

Jarrera xenofoa duen Lega Nord alderdia da igandeko eta asteleheneko Legebiltzarrerako bozetan garaile nagusia. Duela bi urte lortutako sostengua bikoiztu egin du ia. Adituen arabera, eskuin muturreko alderdiak Berlusconirentzat duen garrantzia baliatuko du, hura estutu eta etekin handiena ateratzeko. Litekeena da, horrenbestez, Italiako Gobernuak eskuin muturraren tesiekin bat egitea legealdi honetan. Lega Nordek hiru milioi boto baino gehiago jaso ditu, gehienak industria gehien duten Italiako eskualde aberatsetan, baina handik kanpo ere bai. Umberto Bossi zerrendaburuak eskuin muturraren mugarria goraipatu du eta lehen xedea zerga federalismoa bideratzea izango dela esan du. «Ezinezkoa da Italia Iparraldeko diru dena beti Erromara joatea».

Berlusconik, bestalde, ukatu du Lega Norderen mendean dagoela, eta federalismoaren aldeko hautua bere hauteskunde programaren barruan zegoela arrazoitu du. «Demokrazia eta askatasun printzipio handia da», Askatasunaren Herriaren buruzagiaren arabera. Allianze Nazional alderdi ohiko neofaxistak ere osatzen zuen eskuin zentroko koalizioak gehiengo erosoa izatea lortu du Diputatuen Ganberan eta baita Senatuan ere.

Bestalde, ezkerreko alderdiei dagokienez, kalte handia egin die alderdi txikiei 2006. urtean Prodi Gobernura eraman zuen koalizio handia ez errepikatzeak. Walter Veltroni Erromako alkateak sortutako Alderdi Demokratak ezkerreko boto erabilgarria jaso du, eta ordezkaritzarik gabe utzi ditu komunistak, berdeak eta sozialistak. Ezkerraren ezkerra izan da bozen galtzaile nagusia. Hala, Fausto Bertinottiburuzagi komunistak dimisioa eman du emaitzen berri izan ondoren. Veltronik, ostera, bozak aurreratu zirenetik eskuinari aldea kentzea lortu duela nabarmendu du. Atzerrian bizi diren italiarren botoak soilik zenbatzea falta dela, Diputatuen Ganberan botoen %38,17 eskuratu ditu Berlusconiren alderdiak, eta %33,7 Veltroniren zentro-ezkerreko alderdi jaio berriak. Parte-hartzea %80,4koa izan da. Handia izanik ere, azken hogei urteotan txikiena da Italian.



GARAI ZAILEN IRAGARPENA. Berlusconiren hitzetan, garai zailetan murgilduko da Italia hurrengo hilabeteetan. «Hitzeman bezala, familientzat, erretiratuentzat, gazteentzat eta enpresentzat diru laguntzak onartuko ditugu». Napoliko zaborren krisia konpontzea, eta Alitalia hegazkin konpainiaren iraupena bermatzea izango dira, adierazi duenez, bere lehentasun nagusiak. «Napolin astean hiru alditan egongo naiz eta zaborren larrialdia amaitu arte ez naiz handik joango». Alitalia hondoratu ez dadin eta italiarra izaten jarraitzeko ahaleginak egingo dituela adierazi du.

Egoera ekonomikoari dagokionez, ministroen kontseiluak ondasun higiezinen gaineko zerga ezabatuko duela iragarri du, eta bizimoduaren garestitzeari buruz hartu beharreko erabakiak aztertuko dituztela aditzera eman du. «Buruan dugu prezioak egonkortzeko berehala martxan jarriko dugun plan zehatza». Eskuineko gehiengo erosoak azken urteetako inflazio handienari aurre egin beharko dio, eta baita gazteen artean bereziki kezkagarria den langabeziari ere.

Hauteskunde kanpainan zor publikoa murriztea, zergak txikitzea eta zerbitzuen sektorea liberalizatzea hitzeman zuen, besteak beste, Berlusconik. Hala ere, adituek gogoan dute aurreko agintaldian- Bigarren Mundu Gerra ondoren amaierara heldu den bakarra izan da- garrantzizko erreformarik bideratu ez zuela, eta aurrekontuetako defizita eta zor publikoa areagotzen utzi zituela bost urteetan.

Hilaren 29an lehenengoz bilduko den Parlamentu berriak bipartidismoa izango du oinarri.«Mendebaldeko demokrazia handiek bezala aginduko dugu, orain muturrekoak joan direla aintzat hartuta».



«Mendebaldeko demokrazia handiek bezala aginduko dugu, muturrekoak joan direla aintzat hartuta»

silvio Berlusconi
Askatasunaren herriaren buruzagia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.