Eskuina garaile Lombardian, zentro-ezkerra Lazion
Hiru eskualdetan bertako parlamenturako hauteskundeak ere egin dituzte: Lombardian, Lazion eta Molisen. Bereziki Lombardiak eta Laziok dute garrantzia. Lombardia da Italiako eskualde populatuena, per capita errenta altuena du, eta Milan hiriburua Italiako bigarren hiria da. Eskuinaren gotorlekuetako bat da, eta Roberto Maroni Lega Nordeko hautagai eta Italiako Barne ministro ohiak irabazi ditu bozak, botoen %43 inguru eskuratuta. Bost puntura gelditu zaio Umberto Ambrosoli zentro-ezkerrekoa, eta M5S 5 Izar Mugimenduko Silvana Carcano %13an gelditu da. Lazio eskualdean, berriz, Erroma herrialdeko hiriburua dago. Zentro-ezkerrak eskuinari nagusitasuna kendu dio han: Nicola Zingaretti zentro ezkerrekoak botoen %41 lortu ditu, eta Francesco Storace eskuinekoak %29 inguru. M5Sko Davide Barillarik, berriz, eskualdeetan lortutako emaitza onena atera du Lazion, %20rekin. Azkenik, Molise Laziotik ekialdera dago, eta 300.000 biztanle inguru ditu. Zentro-ezkerrak erraz irabazi du, botoen %43rekin. Zentro-eskuinak %28 lortu ditu, eta M5Sk %15,5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu