Eskuina garaitu eta Gobernua lortzeko faborito dira sozialdemokratak Grezian

Inkestak alde baditu ere, Papandreuren alderdiak gehiengo osoa eskuratu beharko du gobernu berria eratzeko

2009ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aditu eta boto-emaileetatik askok benetako aldaketarik espero ez duten arren, sozialdemokratak kontserbadoreen lekukoa hartzekoak dira Grezian. Gobernu aldaketa behintzat aurreikusteko modukoa da dagoeneko; Legebiltzarrerako bozak egingo dituzte gaur, legeak aurreikusi baino bi urte lehenago. Egoerak, izan ere, horretara behartu ditu orain arte agintean egondakoak: oposizioaren kritikak isiltzeko asmoz, herrialdearen geroa herritarren esku uztera. Kostas Karamanlisen gobernuak egindako lana, baina, ez da gizartearen gehiengoa alde mantentzeko modukoa izan. Horregatik, aldaketa izango da. Hala diote azken inkestek: Pasok edo Mugimendu Sozialista Panhelenikoak gehiengo osoa eskuratuko duela, alegia. Hala gertatuta ere, dena dela, lan handia izango dute sozialdemokratek boto-emaileei agindutakoa betetzen. Izan ere, herrialdeko ekonomia kinka larrian dago; ustelkeria praktika arruntegi bihurtu da, eta belaunaldi berria, gazteena, aspertua dago jada hutsean gelditzen diren programa politikoez.

Iragan irailaren 19an argitara eman zituzten inkesten arabera -Greziako araudiak bozak egin arteko azken hamabost egunetan inkestak plazaratzea debekatzen du-, Giorgos Papandreu buru duen Pasok alderdiak botoen %40 eskuratuko ditu. Karamanlisen alderdiari, ND Demokrazia Berriari, bost eta zazpi punturen arteko aldea aterako dio hala. Aldiz, botoen %8,5ekin, KKE Greziako Alderdi Komunistak hirugarren postuan geratzeko aukera izango duela diote aurreikuspenek. Eta eskuin muturreko LAOS alderdiak sostengua bikoiztuko du segur aski, 2007ko bozekin alderatuz. Azkenik, Syrizak, ezkerreko koalizioak, botoen %3,5 bereganatuko ditu.

Gehiengo osoa jokoan

Garaile ateratzen den alderdiak gehiengo osoa eskuratu behar du Gobernua eratzeko. Hala agintzen du Greziako Konstituzioak. Eta Parlamentuan 300 eserleku daude; hortaz, Papandreuk bere alderdiko 151 alderdikide izan beharko ditu, haiek lehen ministro izenda dezaten. Adituen ustez, dena dela, nahikoa izango du botoen %40 eta %42ren artean lortzearekin, indarrean den araudiaren arabera, garaile ateratzen den alderdiak 40 eserleku gehiago eskuratzen baititu automatikoki. Kontua, beraz, ez da sozialdemokratek kontserbadoreei aurrea hartzen dioten; baizik eta, garaile irtenda ere, gehiengo osoa lortzeko aukerarik izango duten.

Ideia hori bera nabarmendu du Papandreuk hauteskunde kanpainan: «Gehiengo osoaren sostengua duen gobernua behar dugu egoera ekonomiko larriari aurre egiteko».

Ekonomia suspertzeko diru partida publikoak egiteko prest dira sozialdemokratak. 7.000 milioi euroko bultzada ekonomikoa agindu du, Greziako defizit publikoak neurri horrek ekar ditzakeen arriskuak agerian uzten baditu ere. Aurten Greziak %7ko zor publikoa izango duela diote aurreikuspenek; eta gauzak dauden moduan, datorren urterako egoerak okerrera egingo duelakoan daude adituak. Izan ere, Europako Batasunak ezarritako muga ere gainditu du dagoeneko. Maastrichteko Itunak dio estatuaren galera gehienez %3koa izan behar dela.

Programa politikoak

Defizitari aurre egiteko aberatsei zergak igoko dizkiela agindu du Pasok; erdi mailako herritarrei, bestela, zerga-zama handiagorik ez diela ezarriko agindu du. Boto-emaileek, baina, hutsean geldituko diren promesen usaina hartzen die halakoei. Behin agintera iritsita, sozialdemokratek eskuineko politikekin jarraituko dutelakoan daude.

Bestelakoa da NDk ekonomia krisiari aurre egiteko proposatutakoa. «Ezinbestekoa da herritarren sostengu zabala izango duen gobernu bat, austeritatea ezaugarri izango duten neurriak hartzeko», adierazi du Karamanlisek.

Egoera ekonomiko larrian dago Grezia. Langabezia tasa %9koa da -gazteen artean %23koa zen 2007an-. Herrialdeko ekonomiak egiturazko arazo larriak ditu, eta eraikuntza eta turismoaren sektoreak behera ari dira egiten. Eta gazteak dira kaltetuenak. Baita, hortaz, gaur egitekoak dituzten bozekiko eszeptiko edo ezkorrenak ere. Kritiko ageri dira orain arte Gobernuan egon direnekiko; iazko abenduko protestetan aski agerian gelditu zen hori. Baina sozialdemokraten alternatiban sinesten duten ere zalantzan jartzen dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.