Daukan adinerako, gutxik bezalako ibilbide politikoa du Henrique Capriles Radonskik (Caracas, 1972). Zortzi urtean Barutako alkate izan da (2000-2008), eta Mirandako gobernadorea da gaur egun (2008-2012). Aurkeztu den kargu guztietan gailendu zaie arerioei, eta orain Hugo Chavez presidentearen aurkari bilakatu da. Venezuelako gizon handiaren aurka urrian irabaztea izango du erronka hemendik aurrera, eta primarioen kanpainan erakutsi du zein izango duen estrategia: Chavezi zuzenean eraso egin gabe, haren aldekoak bereganatzea.
Horregatik ez zaio ahoa berotu, oposizioak egin ohi duen bezala Venezuelako agintariaz hitz egitean. Are gehiago, Chavezek egindako lan sozialarekin jarraitzeko asmoa agertu du, herrialdea gidatzea egokituko balitzaio. «Herritarren arteko adiskidetzea» nahi duela ere nabarmendu du.
Luiz Inacio da Silva Lula du inspirazio iturri, eta zentro-ezkerrean jartzen du bere burua; gutxien dutenekin egongo da, arazoa non, bera han. Baina ez da beti horrela izan.
Familia, Tradizioa eta Jabegoa talde katoliko ultrakontserbadorean egin zituen lehen urratsak politikan, Latinoamerikako Askapenaren Teologiaren kontra jardun den elkartean. 1998an diputatu aukeratu zuten COPEI alderdi eskuindarraren babesari esker, eta, gero, Diputatuen Ganbera zenaren presidente.
2000. urtean Primero Justicia alderdia sortu zuen, eta alderdi horretako ordezkari gisara izan zen alkate Barutan (Caracas). 2008an, Mirandan zerbait ona gertatuko da kanpaina abiatu zuen, Primero Justicia alderdiaren izenean; hainbat hilabetetara, oposizioan dauden alderdi guztiek bat egin zuten berarekin. 2008ko azaroan, Diosdado Cabellori aurre eginda, Mirandako gobernadore aukeratu zuten. Cabello Venezuelako Biltzar Nazionaleko presidentea da, Obra Publikoen ministroa eta presidenteorde izandakoa. Askorentzat Cabellori irabazi izanak bermea ematen dio eremu nazionalean Chavezen aurka emaitza onak eskuratzeko.
Estatu kolpean
Politikako ibilbide arrakastatsuak gorabehera batzuk ere izan ditu. 2002ko apirilean, Hugo Chavezen kontrako estatu kolpean, Kubako enbaxadan argazkia egin zioten Caprilesi harresiaren gainean. Kubako enbaxadore German Sanchez Oterok esan zuenez, enbaxadan agertu zen, eta sartzeko baimena eskatu, aldeekin elkarrizketan parte hartzeko; baina, han zela, Sanchezen arabera, Caprilesek enbaxada ikustea eskatu zuen chavistaren bat han asilo hartuta zen baieztatzeko. Nazioarteko legedia apurtzeagatik auzipetu zuten. Lau hilabete espetxean egin zituen, eta gobernuak amnistia eman zion. 2006an absolbitu egin zuten.
Ez da hitz jario errazekoa, eta horregatik isila dela diote; baina langile nekaezina eta zintzoa da, ingurukoek esaten dutenez. Eskuineko iraganetik aldentzen saiatzen da, «politika egiteko modu zaharrak apurtu» behar direla esanez. Komunikabide eta eraikuntza enpresa garrantzitsuen jabea du aita, eta ama, berriz, zinema kate batena. Harro sentitzen da haietaz, baina nahiago du arlo publikoan ager ez daitezen. Ama, judua, holokaustotik ihesi, Venezuelara iritsi zen familiarekin, eta amona «lagunik onena» izan du —duela zortzi urte hil zen—. Horregatik ez du ulertzen zergatik deitzen dioten batzuek «nazia».
Ez dago ezkondua, baina «emakume aproposa aurkitutakoan» ezkondu nahi du, eta seme-alaba asko izan.•
Soslaia. Henrique Capriles Radonski
Eskuinaren eskola berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu