Eskuinerantz egin du Panamak bozetan

Behin-behineko datuen arabera, Martinellik botoen %60,37 lortu eta agintetik kendu ditu sozialdemokratak

2009ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Erdialdeko Amerikaren ezkerreranzko joera eten du Panamak. Ricardo Martinelli enpresaburuak irabazita presidentetzarako bozak, martxoaren 15etik gorria zen mapa aldatu du. Mauricio Funesek irabazi zituen orduan El Salvadorko bozak, FMLN Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Fronteko hautagaiak. Gerrilla izandakoak agintea eskuratuta, beraz, ez zegoen Erdialdeko Amerikan eskuineko gobernuentzat lekurik. Izan ere, El Salvadorkoabezalako aldaketa izan zen aurretik Hondurasen, Costa Rican, Nikaraguan eta Guatemalan.Hala, Belize zen salbuespen bakarra. PUP Jende Batuaren Alderdiak -eskuindarra- agintzen du 1996tik Erresuma Batuko kolonia ohian.

Panaman, baina, kontrakoa gertatu da. Hauteskunde orokorretan alderdi sozialdemokratak -egun agintean dago- guztia galdu du: presidentetza, Legebiltzarreko gehiengoa eta hiriburuko alkatetza. Lerro hauek idazteko orduan, botoen %87,7 zenbatuta zeuzkatela, CD Aldaketa Demokratikoko hautagaiarenak ziren %60,37; Martinellirenak, alegia. Hogei puntu atzetik zuen PRD Alderdi Iraultzaile Demokratikoko Balvina Herrera -agintean den alderdiko ordezkaria-, botoen %37,25ekin; eta panamarren %2,38k baino ez zuten Guillermo Endara presidente ohiaren (1989-1994) alde egin. Solidaridad alderditik bananduta eta VMP Aberriaren Abangoardia Moraleko hautagai gisa aurkeztu da Endara bozetara.

Botopaper horiek guztiak zenbatu baino askoz lehenago zekiten panamarrek nor izango zuten hurrengo gobernuburua. Botoen %43 zenbatzerako emaitzak «atzera bueltarik gabekoak» zirela ebatzi zuen Hauteskunde Auzitegiak. Horko presidente Erasmo Pinillak Martinelliri deitu zion, berria emateko. Eta panamarrek telebistaz ikusi ahal izan zuten presidente berriaren erreakzioa.«Garaipena ez da nirea, herritar guztiena baizik», adierazi zuen. Hala, batasun nazionaleko gobernua eratuko duela agindu du. «Panamak ez du dagoen lekuan egotea merezi», gehitu zuen, kanpainako promesei erreferentzia eginez. «Herrialde hau aldatu nahi dugunak gara Panaman gehiengoa: segurtasun eta berdintasun handiagoa eta lanpostu gehiago nahi dugunok».

Martinelli enpresaburu milioiduna da. Herrialdeko supermerkatu handienen jabe da, besteren artean. Baina politikan ere badu eskarmentua. Panamako Ubidearen ministro izan zen 1999tik 2004ra. Torrijos-Carter ituna zela medio, panamarren eskuetara igaro zen orduan munduko merkataritzaren %5 igarotzen den bidea. Ubidea handitzearen alde egin du beti, eta orain gauzatu beharko du defendatutakoa.

Oposizioan zaindari

Agintean den alderdiko ordezkariak ere berehala aitortu zuen porrota, jarraitzaileen aurrean egindako agerraldian. Herritarren erabakiari men egin eta oposizioa gidatuko duela adierazi du Herrerak: «Agindu dizkigutenak betetzen dituzten zaintzea da orain gure egitekoa».

Inkestek bete-betean asmatu dute, beraz. Egungo presidenteak, Martin Torrijosek, izen ona badu ere - panamarren %54en babesa du-, AC Aldaketarako Aliantzaren garaipena iragartzen zuten guztiek. Martinelliren CD Aldaketa Demokratikoak eta eskuineko beste lau alderdik eratu zuten aliantza hori, sozialdemokraten aurrean indarrak batze aldera.

Hiru dira aldaketa bultzatu duten faktoreak. Batetik, prezioen igoerak eta segurtasun faltak herritarrengan sorturiko ondoeza. Herrialdeko ekonomia urtean %8,7 hazten bada ere, Panamak dituen 3,3 milioi biztanleen herenak pobrezian bizi dira, izan ere. Bestetik, Martinelliren beraren kanpaina. Adituen ustetan orain artean sozialdemokraten aldekoak ziren sektoreak bereganatu ditu, hainbat promesa eginda. Eta azkenik, PRDko hautagaiaren nondik norakoak ere izan dituzte kontuan panamarrek botoa emateko orduan.

Herrera 54 urteko politikari beteranoa da. Panama hiriburuko alkate eta Etxebizitza ministro izan da. Baina alderdi barruko zatiketak eta Manuel Antonio Noriega jeneralari emandako babesak itzala egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.