Ez zuen hirugarren aukerarik nahi orain bi urte Alex Salmond Eskoziako lehen ministroarekin erreferenduma hitzartu zuenean Edinburgon. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak galdeketa erraz irabaziko zuela uste zuen, orduko independentziaren aldeko grina apala ikusita. Eskoziarrek independentziari uko egiteko Devo-max edo eskumen gehiago nahi ote zituzten galdetzeari uko egin zion beraz. Baina jarrera aldatu behar izan du, irailaren 18a iritsi ahala inkestetan baietzaren aldeko gorakadak bultzatuta. Kanpainan bertan sartu da Cameron azken egunetan, Erresuma Batuko beste alderdi nagusiekin batera, eta orain bi urte proposatu nahi ez zituen eskumen horiek agindu ditu balantza ezetzaren alde lerratzeko. Eskoziako erreferendumak Erresuma Batuko sistema osoa alda dezake orain. Holyroodentzako ez ezik, Galesentzat eta Ipar Irlandarentzat ere eskumen gehiago onartu beharko ditu Cameronek: «Eskumen iraultza» deitu dio. Ingalaterrak parlamentu propioa edukitzeko aspaldiko auzia azaleratu du horrek.
Independentzia ez, baina zergen eta estatu ongizatearen gaineko ahalmen gehiago izango ditu Eskoziako Gobernuak. Halere, laboristek, liberal demokratek eta kontserbadoreek zehazteke dituzte eskuduntzak. Aurten bertan zergen gaineko botere gehiago proposatu dituzte hirurek. Baina baietzaren hauspoak Londresen eragindako izularriaren ondorioz, eskumen gehiago eta lehenago izango dituzte eskoziarrek. Gizarte zerbitzuen alorrean ere orain arte baino ahalmen gehiago kudeatuko ditu Edinburgok, etxebizitzari eta gizarte laguntzari buruzkoak, esate baterako.
Baina ezer garbirik ateratzeko alderdien arteko negoziaketak amaitu arte itxaron beharko dute eskoziarrek. Ez du denbora galdu nahi Cameronek, eta atzo bertan sorrarazi zuen Eskoziako Itzulketaren Batzarra. Urriaren amaierarako lehen proposamenak argitaratuko ditu erakunde horrek. Ondoren, eztabaida prozesu bat irekiko dute, eta azaroaren amaieran zehaztuko dituzte eskuduntzak. Azkenean, 2015eko urtarrilean kaleratuko dute Eskoziako legearen zirriborroa. Haatik, hurrengo urteko maiatzeko hauteskundeak egin arte eskumenak ez dira indarrean sartuko.
Botere itzulketa Salmond lehen ministroaren ondorengoak kudeatu beharko ditu. Nicola Sturgeon lehen ministro ordeak hartuko du lekukoa hasiera batean. Ikusteko dago eaAlex NeilOsasun ministroa edo Westminsterreko parlamentari Angus Robertson SNP zuzentzeko lehiatuko diren. 2016ko maiatzean dira egitekoak hurrengo legebiltzarrerako hauteskundeak Eskozian.
Nazio guztiei ahotsa eman
Edonola ere, Barnett Formularen muinari eustearen alde dago Londres. Mekanismo hori baliatuz, Erresuma Batuko Altxorrak Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako parlamentuak finantzatzen ditu, herrialde bakoitzaren biztanle kopurua kontutan hartuz.
Erresuma Batuaren estatu eredua aldatzearen inguruan mintzatu dira hiru alderdi nagusietako buruak. Izan ere, Eskoziari ez eze, gainontzeko nazioei «ahotsa» eman nahi die Cameronek. Tory-en buruaren ustetan, Ingalaterrak, Galesek, eta Ipar Irlandak erabakiak har ditzaten garaia iritsi da. «Bidezkoa» iruditzen zaio Eskoziari autonomia akordio bat eskaintzearekin batera Erresuma Batua osatzen duten beste nazioei ere beste bat proposatzea.
Galesko Asanblea Nazionalari ere eta 1998ko bake akordioei esker berrezarri zituzten Ipar Irlandako erakundeei ere botere gehiago emateko proposamenak ditu esku artean Cameronek. William Hague Atzerri ministro ohiari eskatu dio eskumenak bueltatzeko plan bat ezartzeko. Westminsterren babes zabala beharko dute horiek onartzeko. Dena den, hurrengo legealdiko legebiltzarrak onartuko ditu.
Erresuma osatzen duten nazioei botere gehiago emateak aspaldiko eztabaida berpiztu du Londresen. Ingalaterra baita, izan ere, batasuneko nazioetatik parlamentu propiorik ez duen bakarra. Horretarako bidea ireki nahi du Cameronek. «Erresuma Batuak Eskoziaren ahotsa entzun du. Orain milioika ingelesen ahotsa entzun behar dugu».
1997ko erreferendumaren ostean Eskoziako Parlamentuari botereak itzultzean piztu zen West Lothian auzia. Ingelesak kexu dira Eskoziako eta Ipar Irlandako hautetsiek haiei eragiten dieten legeen inguruan erabakitzen dutelako, baina ez alderantziz.
Ingalaterrako Parlamentua
Ingalaterrak parlamentu propio bat sortzekotan, edo Ingalaterratik kanpoko legebiltzarkideei boterea murriztekotan, laboristenboterea ahulduko da ezinbestean, Westminsterren ordezkari gutxiago izango bailituzkete.Cameronek laboristen buru Ed Milibandi zuzendu dio erronka, galdetuz ea onartuko lukeen ingelesei eragiten dieten legeak ingelesen ordezkariek bakarrik bozkatzea. Milibandek esplizituki baztertu du Ingalaterrako Parlamentua sortzea. Horren ordez, hiriei eman nahi dizkie eskumenak. «Badakigu gure herrialdeak gobernatzeko moduan aldaketak behar dituela».
Cameronen alderdiak maiatzeko bozak irabaztekotan, beste erreferendum batean parte hartu beharko dute eskoziarrek 2017an, Erresuma Batuan Europako Batasuneko kide izaten jarraituko duen erabakitzeko.
Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma
Eskumen iraultza
Eskoziako galdeketak goitik behera alda dezake estatu eredua.Beste nazioei eskumen gehiago emango dizkie Londresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu