«Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernuarekin hitzartuta izatea nahiko genuke, Erresuma Batuan egin bezala. Borondatea baldin badago, ez gara akordio bat lortu gabe altxatuko. Baina Espainiako Gobernuak denari 'ez' erraten jarraituko balu, ez dugu ez eskubiderik, ez legitimitaterik guk jasotako agindua ez betetzeko». Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak erreferendumerako prozesuan orain arte defendatutako jarrera berretsi zuen atzo. Mezu berririk ez, baina mezua bera baino gehiago, tokiak egin zuen berezi atzoko agerraldia, Madrilera joan baitzen Oriol Junqueras presidenteordearekin eta Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilariarekin batera Kataluniako auziari buruzko konferentzia batera; Kataluniako hedabideen ustez, Espainiako Gobernuari akordiorako azken eskaintza formala egitera. Puigdemont prest agertu da «luzapeneko azken minutura arte» itxaroteko, baina ohartarazpen argia egin dio Madrili: «Espainiak ez du hainbertze demokrazia eragozteko adina botere».
Erreferendum bat Kataluniarentzat. Akordio demokratiko baterako gonbidapena titulua zuen atzoko konferentziak. Konferentziaren harira, giroa nahasi xamar izan da Madrilen azken egunotan. Alde batetik, PPk eta eskuin muturreko taldeek presio egin diete Madrilgo Udalari eta Manuela Carmena alkateari konferentzia egiteko aretoa erabiltzea baimendu ez zezan, eta atzo eskuin muturreko hainbat jarraitzaile elkartu ziren aretoaren kanpoaldean, bandera frankista eta guzti. Bertzalde, Espainiako Gobernuak konferentzia mesprezatu, eta Kongresura joateko erran zion Puigdemonti duela egun batzuk, Kataluniako Gobernuaren proposamena Espainiako ganberaren menera uzteko —eskaera baztertu zuen Puigdemontek—. Azkenik, atzo bertan Espainiako El País egunkariak Kataluniako Gobernuaren trantsizio juridikorako ustezko legearen filtrazio bat argitaratu zuen, eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea goizeko agerraldi batean luze eta zabal aritu zen filtrazio horri buruz solasean, Pedro Sanchezek PSOEren primarioetan lortutako garaipenari buruzko galderak saihestu ondoren.
Akordiorako eskaintza
Dena den, deusek ez zuen oztopatu konferentzia normal egitea. Ikusleen artean zeuden Podemos alderdiko ordezkariak, baita Ada Colau Bartzelonako alkatearen izenean Gerardo Pisarello jarduneko alkatea ere. Romevak eta Junquerasek hartu zuten hitza lehenbiziko, eta Puigdemontek bukatu zuen ekitaldia. Gaztelania hutsean egin zuten ekitaldi guztia. Presidentearena izan zen hitzaldirik luzeena. «Berehala zuzenduko diogu Espainiako Gobernuari erreferendumaren akordioa egiteko proposamen formala. Entzunen diegu. Bermea eta balioa emaitzak emanen dio. Galderak, ez dezala inongo nahasmenik sortu; garbi gera dadila zeintzuk diren bai bozkatzearen ondorioak, eta zeintzuk ez bozkatzearenak. Akordio bat beharrezko gehiengoaren inguruan, eta gehiengo partekatuaren inguruan. Proposamenen zain egonen gara». Baina Espainiako Gobernuak jarrerari eutsiz gero, Puigdemontek bertze behin argi utzi du Kataluniak bere bidea jarraituko duela, eta independentziaren aukerak irabaziz gero zer eginen duen ere aitzinatu zuen: «Erreferenduma eginen dugu. Eta, orduan, bertze proposamen bat eginen dugu, baina ez akordio bat egiteko, emaitza nola betearazi eta estatu berriranzko trantsizioa negoziatzeko baizik».
Trantsizioko eredua
Rajoyren eta Espainiako Gobernuaren jarrera behin baino gehiagotan kritikatu zuen Puigdemontek. Kataluniako prozesuari paratutako trabak zerrendatu zituen —prozesu judizialak, «birzentralizazioa»...—, eta adierazi zuen atzoko konferentzia Espainiako Senatuan egin nahi zutela «lurraldeak ordezkatzeko ganbera bat» delako, baina Senatuko mahaiak ez zien utzi. Erreferendumerako proposamena Kongresuan aurkezteko eskariaz ere mintzatu zen, eta hura baztertzeko erabakia azaltzeko adibidetzat paratu zuen Espainiako Gobernuak eta erbesteko Kataluniako Gobernuak diktadura bukaerako trantsizio aldian egin zuten akordioa, Josep Tarradellas presidentea itzuli eta Generalitat-a legeztatzeko. «Legez kanpoko erakunde batekin eseri ziren, eta akordioa egina zutenean eraman zuten Gorteetara». Eredu horren kontrako adibideen artean aipatu zuen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2005ean Kongresuan jaso zuen ezetza Eusko Legebiltzarrak onartutako plana gauzatzeko. «Simulakroetarako ez kontatu gurekin. Ezta elkarrizketarako borondate faltsuetarako, ezta gure autodeterminazio eskubideari uko eginen diogula sinestarazi dezakeen deusetarako ere».
Hain zuzen, Puigdemontek eta Junquerasek «autodeterminazio eskubidea» izan zuten ahotan, eta ez azken aldian gailendu den «erabakitzeko eskubidea». Junquerasek definizio klasikoa aipatu zuen erreferenduma egiteko duten eskubidea defendatzeko: «Autodeterminazioa komunitate politiko eta nazio guztiei dagokien eskubidea da».
Dena den, zaila dirudi Rajoyk iritziz aldatzea, konferentziaren aitzinetik erran zituenak kontuan hartuta. «Xantaiari» ez diola «amore emanen» adierazi zuen. El País-ek argitaratutakoarengatik solas egin zuen. Egunkari horren arabera, Kataluniako Gobernuak erreferenduma egiteko eta Espainiatik bereizteko jarraituko lukeen bide orria da filtratutako agiria. Erreferendumeko galdera bera ageri da: «Nahi al duzu Katalunia Espainiatik independente den estatu bihurtzea?». Kataluniako Gobernuak adierazi zuen El País-ek argitaratutako testua «zirriborro zahar bat» dela, eta «bertan behera utzita» dagoela. Hala ere, Rajoyk arreta handia eskaini zion filtrazioari, eta larridura erakutsi nahi izan zuen, politikan inoiz ikusi duen «gauzarik larrienetakoa» dela erran baitzuen. «Zaila da hori bezalako aurrekari antidemokratiko bat topatzea». Ustezko lege horrekin Kataluniako Gobernuaren asmoa litzateke «Espainia gaur egun dena haustea, 24 orduko epean». Presidentearen ustez, «500 urte dauzkan gauza bat» suntsitu nahi du Kataluniako Gobernuak: «Burujabetza nazionala».
Katalunia. Prozesu subiranista
«Espainiak ez du hainbertze demokrazia eragozteko adina botere»
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Madrilen erran du erreferenduma egiteko akordioa lortzeko «luzapeneko azken minutura arte» itxarongo duela, baina ohartarazi du Kataluniak alde bakarreko prozesuari eutsiko diola

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu