Hil honen hasieratik setiatua duten Faluja hiriaren kontrako blokeoa arintzeko prest agertu zen atzo AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armada. Etxeratzeko aginduaren iraupena murriztu eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea daude AEBek gidatutako koalizioak atzo iragarritako neurrien artean. Alabaina, hori guztia ez du musu truk egingo. Izan ere, okupatzaileei aurre egiten dabiltzan ekintzaile irakiarrek hiri honetan musulman sunitak dira nagusi beren arma astunak entregatzeko exijitu diete AEBek, hiriko agintariekin egindako negoziazioetan horixe hitzartuta.
Washingtonek Iraken ezarritako administrazioko buru Paul Bremerrek atzo esan zuenez, bestalde, Irakeko segurtasun indarrak ez dira gai izango ekainaren 30erako herrialdea «babesteko». Data horretarako dago aurreikusia AEBek irakiarrei subiranotasuna itzultzea. Bremerren esanetan, erresistentziaren azken erasoek erakutsi dute «Irakek laguntza behar duela segurtasun mehatxu jarraiei aurre egiteko». AEBetako iturri militarrek atzo ezagutzera eman zutenez, apirilean 99 soldadu estatubatuar hil dituzte ekintzaileek. Horietatik 10 joan den aste bukaeran hil zituzten, Bagdadetik hegoaldera eta Siriako mugatik gertu izandako borroketan. Halaber, 30 bat ekintzaile hil zituztela adierazi zuten.Hain justu, atzo Etxe Zuriak iragarri zuen orain arte NBEren aurrean zuen enbaxadore John Negropontek hartuko duela aurki Bremerren kargua.AEBetako soldaduek Washingtonek diruz lagundutako Al Irakia telebistako bi kazetari hil eta beste bat zauritu zituzten Irak erdialdeko Samarra hirian, lanean ari zirela.
Espainiako tropen erretreta
Bien bitartean, Espainiako presidente hautatu berri Jose Luis Rodriguez Zapaterok Iraken dauden 1.300 soldadu espainiarrak «ahalbait bizkorren» itzultzeko agindu zuen herenegun. Atzo AEBetako presidente George Bushi azaldu zion tropak erretiratzeko erabakia. Bushek, bere aldetik, Zapateroren erabakiagatik «damua» agertu zuen, eta, inplizituki, kritika ere. «Erretreta terroristei garaipen baten itxura ez emateko moduan egiteko garrantzia» nabarmendu zuen Etxe Zuriko buruak.
«Espainiaren erretreta modu koordinatuan eta koalizioko beste indarrak arriskuan ez jartzeko gisan egiteko eskatu zion Bushek Zapaterori», jakinarazi zuen Etxe Zuriko eledun Scott McClellanek. Nolanahi ere, Espainiako Defentsa Ministerioak beste 194 soldadu igorri zituen atzo Irakera. Madrilek itzulera gauzatu arte Diuania eta Najaf hirietan izango dira.NATOk atzo zehaztu zuenez, ez du soldadu espainiarren hutsunea betetzeko asmorik. Erakundeak agintari poloniarrei laguntza logistikoa ematen die Iraeko erdialde-hegoaldean; Poloniako Armadaren aginduetara dago hainbat estatuk tartean Espainia osatzen duten dibisioa. AEBetako Armadak, berriz, espainiarren alde egiteak bete daitekeen hutsunea utziko duela eman zuen jakitera.Espainiak tropak erretiratzeko erabakiaren berri izan ondoren, okupazio indarren kontrako azken oldarraldia gidatu duen xiiten buruzagi erlijiosoetako batek, Muktada al Sadrek, soldadu espainiarren kontrako erasoak eteteko agindu zuen atzo. Aldi berean, hark gidatutako Mehdiren Armada milizia xiitari «erne eta erasotzaileei aurre egiteko prest» egoteko agindu zion Al Sadren laguntzaile batek. Europako Kontseiluko presidente Romano Prodik Zapateroren erabakiarekin «ados» agertu eta Nazio Batuek Iraken «benetako kontrol politiko eta militarra bere gain hartzeko» eskatu zuen. Aitzitik, Italiako Lan ministro Roberto Maronik zera esan zuen: «Espainiarren erretretak kalte larria egingo dio nazioarteko koalizioari; terrorismoari ateak irekiko dizkio». Lehen ministro Silvio Berlusconik, bere aldetik, adierazi zuen orain Italia dela AEBek Europako kontinentalean duten aliatu nagusia, eta «horretaz aprobetxatzea espero» duela. Edozein modutan, hedabide arabiarrek garrantzia eman diote Espainiako okupazio indarrak Iraketik ateratzeko erabakiari, eta AEBek gidatutako koalizioaren geroan ondorio nabarmenak izango dituela iragarri dute. Esaterako, Egiptoko Al Wafd egunkariaren iritziz, «aliantza angloamerikarraren gainbeheraren hasiera» da. Suediako enbaxadari granada erasoa egin zion atzo erresistentziak, Bagdaden. Ez zen biktimarik izan. Enbaxada 1990etik dago itxita eta soilik zaindari kurdu bat izaten da bertan.Bitartean, AEBetako tropek Najaf hiria setiatzen segitzen zuten. Bertan den Al Sadr atzematen saiatu aurretik, ordea, negoziazioak abiatu nahi dituzte.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Espainiak tropak erretiratzekoerabakia arbuiatu du Bushek
Madrilek Iraken dituen soldaduak ekartzeak «terroristei garaipen itxura» eman diezaiekeela dio Etxe Zuriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu