Espainiako Auzitegi Gorenak ezerezean utzi du Espainiako Gobernuak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari emandako indultuei bide penaletik aurre egiteko aukera. Eldiario.es agerkariak aurreratu duenez, Gorenak baztertu egin du Eskuin Liberala alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka jarri zuen kereila. Alderdi horrek prebarikazioa leporatu zion Sanchezi. Auzitegiaren iritziz, akusazioaren argudioek ez dute auziaren gaineko «gutxieneko analisia» eskaini Sanchezen erabakietan prebarikazio delitua baden aztertzeko.
Eskuin Liberalak aurkeztu zuen kereilak Sanchezi leporatu zion Kataluniako prozesu independentistarengatik zigortuak izan ziren buruzagien aldeko indultua «trukerako txanpon gisa» erabiltzea, Espainiako Kongresuan Kataluniako alderdi independentisten babesa lortzeko. Gorenaren iritziz, baina, justiziak ezin du anitzat hartu argudio hori. Auzitegiak nabarmendu du indultua hura onartzeko eskumena zuenak eman zuela: Espainiako Gobernuak, alegia. Eta gaineratu du erabakia hartzeko arrazoiak ezin direla justiziaren kontrolaren menpe jarri. Hala ere, zehaztu duenez, auzitegiek neurriaren «koherentzia» aztertu dezakete, eta, horretarako, administrazioarekiko auzien bidea da erabili beharrekoa.
Hain justu, bide hori erabili dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek indultuen kontra egiteko. Gorenak hiru alderdi horien helegiteen gaineko epaia eman beharko du hurrengo hilabeteetan. Oraingoz, baztertu egin du indultuak, kautelazko neurri gisa, behin-behinean indargabetzea eta Kataluniako prozesuarengatik zigortutako buruzagi independentistak berriro ere espetxera bidaltzea.