Katalunia

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aske utziko Oriol Junqueras

Auzitegiak Europako Parlamentuari jakinarazi dio Junqueras inhabilitatuta dagoela eta espetxean jarraituko duela. Ondorioz, ez da izango datorren asteleheneko saioan. Generalitateak bigarren graduan sailkatu ditu urriaren 1eko erreferendumarengatik espetxeratutako buruzagi independentistak.

Goreneko epaileetako bi, aretora bidean. MARISCAL, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Paulo Ostolaza
2020ko urtarrilaren 9a
20:23
Entzun

Joan den abenduaren 19an, Europako Justizia Auzitegiak immunitatea aitortu zion Oriol Junquerasi, parlamentari izateagatik, baina Espainiako Auzitegi Gorena zen epai hura aplikatzeko arduraduna, eta hartu du erabakia: ez du aske utziko ERCko liderra. Gaia aztertu duten epaileek Espainiako Hauteskunde Batzordeari egin diote jaramon, eta argudiatu dute Junqueras inhabilitatuta dagoela buruzagi independentisten aurka urriaren 14an argitaratu zen epaitik. Beraz, ez du aske utziko, eta ez du suplikatoriorik eskatu beharko. Junquerasen defentsak epai hura baliogabetzeko ere eskatzen zuen, baina Gorenak ezetz erantzun du.

Luxenburgoren arabera, ERCko buruak immunitatea zuen europarlamentari aukeratu zuten unetik, eta, beraz, baita Auzitegi Gorenak hamahiru urteko espetxealdi eta inhabilitaziora zigortu zuenean ere, sedizio delituagatik. Europako Parlamentuak joan den asteartean aitortu zion diputatu estatusa buruzagi subiranistari, eta datorren asteleheneko saioan kargua hartu behar duela adierazi zuen, Puigdemont eta Cominekin batera.

Junquerasen aurkako epaiketa zuzendu zuten epaile berberak dira azken erabaki hori hartzeko gaur Zigor Aretoan bildu direnak. Hiru iritzi desberdin zituzten mahai gainean. Batetik, Estaturen abokatuaren txostena, zeinak Junqueras aske uztea galdegin zuen eta aldi berean Gorenari proposatu zion lehenbailehen eskatzeko suplikatorioa Europako Parlamentuari, hark Junquerasen immunitatea bertan behera utz zezan. Bestetik, defentsak eskatzen zuen haren aurkako epaia indargabetzeko eta buruzagi subiranista aske uzteko. Fiskaltzak, berriz, gogorarazten zuen epaia dagoeneko irmoa dela, eta argudiatu du inhabilitazioak berehala sartu behar zuela indarrean.

Gaur goizean beste ebazpen bat argitaratu du Gorenak, Espainiako Hauteskunde Batzordearen epaiaren ingurukoa. Goizeko hamarretan hasi dute eztabaida Goreneko Zigor Aretoan eta Administrazioarekiko Auzien Aretoan, eta, behin-behinean, auzitegiak ez du indargabetu Espainiako Hauteskunde Batzordearen ebazpena. Batzordeak dioenez, Junqueras ezin da eurodiputatu izan, espetxe zigor irmoa dutenak ez baitira hautatzekoak —hamahiru urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri zizkioten—. Epaileen arabera, salak lehentasuna eman behar dio Gorenaren sententzia irmoari Junquerasen abokatuen eskarien gainetik, epaiaren exekuzioaren kontrakoak izan daitezkeen neurriak eragozteko.

Marchenaren gutuna

Eztabaida sortzen ari da Auzitegi Gorenak gaur emandako epaia. Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaia 2019ko ekainaren 12an amaitu zen; Hauteskunde Batzordeak, berriz, ekainaren 13an onartu zituen Europako Parlamenturako bozen emaitzak. Ebazpenak dioenez, Junquerasek diputatu izaera eskuratu zuen egunean epaiketa amaituta bazegoen, Parlamentuko kide izateak ez du eraginik prozesuaren amaieran.

Bada beste data garrantzitsu bat ere. 2019ko urriaren 14an argitaratu zen Junqueras kondenatu zuen epaia, Europako Batasuneko Justizia Auzitegia haren immunitatearen gaia aztertzen hasi baino bi egun lehenago. Jordi Cuixartek salatu duenez, urriaren 14an gutun bat igorri zion Manuel Marchena Goreneko epaileak Luxenburgori, eta bertan argi dio: «[Europako] Justizia Auzitegiaren erantzunak eragina izango du Oriol Junqueras behin-behinean espetxeratuta egon ala sententzia irmoa izan». Esan horrek baliorik gabe uzten du Gorenaren ebazpena, baita Hauteskunde Batzordearena ere; Junqueras aske ez uzteko duten arrazoia baita Gorenak sententzia emana duela, eta epai horrek eurodiputatu izateko ahala kentzen diola.

 

Erreakzioak

Kataluniako independentisten ordezkariak haserre agertu dira Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Quim Torra presidenteak Junqueras «berehala» askatzeko eskatu du, «Kataluniako Gobernuaren izenean», eta halako erabaki bat Europako beste edozein herrialdetan hartzea «pentsaezina» dela ere iritzi du. Pere Aragones ERCko koordinatzaileak, berriz, Espainiako Justizia «lotsagarria» dela esan du, eta gehitu du Luxenburgoren epaiari ezikusiarena egitea «eskandalu bat» dela.

Bestetik, PSOEk Espainiako Kongresuan duen talde parlamentarioaren buruak, Rafael Simancasek, adierazi du «errespetatu eta onartu» egiten duela Gorenaren epaia.

Ikusteko dago zein izango den auziaren etorkizuna. Europako Batasunaren esku dago erabakitzea ea kide den estatu bateko Auzitegi Gorenak diputatu bati Estrasburgora joatea eragotz diezaiokeen, Luxenburgoko auzitegiari entzungor eginda. 

Presoak, bigarren graduan

Kataluniako Gobernuak bigarren graduan sailkatu ditu urriaren 1eko erreferendumarengatik espetxeratutako bederatzi buruzagi independentistak. Hartara, ontzat jo du espetxe zuzendaritzek egindako proposamena. Gradu sailkapena egiteko orduan, buruzagiek dituzten espetxe zigorren luzera izan zen zuzendaritzek aintzat hartu zuten faktore nagusietako bat. Generalitateak du bere eskumenen artean du espetxeen kudeaketarena, eta espetxeetako zuzendaritzen proposamenak onartu ohi ditu kasu gehienetan. Soilik kasuen %5etan baztertzen du horien irizpidea.

Presoek izan beharreko graduen sailkapena ere eztabaidarako motibo izan da JxC eta ERCren artean. JxC hirugarren graduaren alde agertu da publikoki, eta ERCk Ester Capella Justizia kontseilariaren kontrako presio neurri gisa ulertu ditu adierazpen horiek —Capella ERCko kidea da—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.