Katalunia

Espainiako erregearen argazkiak erre dituzte Bartzelonan, haren ekitaldi baten atarian

CDRek protesta artean hartu dute Espainiako erregea; haren kontrako leloak oihukatu dituzte.

Protestari bat, Espainiako erregearen irudia buruz behera erakutsiz, Diagonal etorbidean. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2019ko azaroaren 4a
09:53
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten kontra eman zuen epaiaren aurkako protestak Espainiako erregea izan du gaur helburu. Felipe Borboikoa ekitaldi bat egitekoa zen Bartzelonan, eta ehunka herritar elkartu dira  16:00etan, ekitaldi hori oztopatzeko eta azken urteetan Borboikoak Kataluniako auzian jokatu duen rola salatzeko. "Okupazio indarrak kanpora" eta "Borboia kanpora" oihukatu dute protestariek, eta askok Espainiako erregearen irudia buruz behera erakusten duten afixak erakutsi dituzte.

Gironako Printzesa Fundazioaren saria emateko ekitaldian zen parte hartzekoa erregea. Espainiako erregina eta haien alaba Leonor ere (bera da Gironako printzesa, Espainiako erregearen oinordeko denez)  han dira. Gaur da ekitaldia, baina atzo ere egin zuten protesta CDRek, eta batzar jauregi horretara heltzeko bideak ixtea lortu zuten. Hori zuten gaur ere helburu, eta lortu dute Diagonal etorbidea ixtea.

Ekitaldia hasi baino ordu batzuk lehenago, protestariek Espainiako erregearen argazki batzuk erre dituzte handik ez oso urrun. Haietako hainbat Bartzelonako polo klubaren aurrean elkartu dira, handik atera baitira ekitaldi horretara joaten diren hainbat gonbidatu. Klub horretako arduradunek aurretik ikusi dute arazoak egon zitezkeela ateratzeko, eta gaur arratsaldean ez joateko eskatu diete bazkideei txio batean. Polo klubeko sarbidea blokeatzea lortu dute CDRek.

Segurtasun neurriak bereziak dira saria emateko ekitaldiaren inguruan. Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziako istiluen aurkako taldekoek inguratu egin dute batzar jauregia, eta Diagonal etorbidea moztu dute. Gainera, Espainiako Poliziak ere bere hesia egin du eraikinaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.