Antonio Cubillo. MPAIAC taldearen sortzailea

«Espainiako Estatua estatu terrorismoagatik zigortu duten kasu bakarra da nirea»

Espainiako Estatuak ordaindutako bi mertzenario Cubillo Kanarietako lider independentista labankadaz hiltzen saiatu ziren, Aljerren, 1978ko apirilaren 5ean. Erasoa gogoan ongi gordeta dauka.

Antonio Cubillo eta Juan Antonio Alfonso mertzenario ohia aurrez aurre, atentatuari buruzko dokumentalean. EFE.
mikel rodriguez
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Antonio Cubillo (La Laguna, Kanaria Uharteak, 1930) MPAIAC Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimenduaren sortzaileak atentatua izan eta 34 urtera, haren iloba Eduardo Cubillok hilketa saioaren inguruko dokumental bat egin du: Cubillo, historia de un crimen de Estado (Cubillo, estatu krimen baten historia). Joan den hilean estreinatu zuten Kanaria Uharteetan, eta harrerarekin pozik dago buruzagi independentista historikoa. «Santa Cruzen [Tenerifen] aurkeztu zuten egunean, filma amaituta jende guztiak altxatu eta bortz minutu eman zituen txaloka».

Dokumentalean labankadak eman zizkizun mertzenarioarekin aurrez aurre jarri zinen. Zer sentitu zenuen?

Nik uste dut gizon hori engainatu egin zutela. Erran nion eskua eman niezaiokeela hainbat galdera erantzutearen truke. Noski, nik gauza anitz nekizkien atentatuaren inguruan, baina berak zuzenean kontatzea nahi nuen, gehienbat gibeletik zeuden inplikazioak. Ordubetez galdekatu nuen. Kontatu zidan Aljerren Espainiaren enbaxadan lehergailuz betetako maleta bat eman ziotela, baina berak ez zuela hori erabili nahi izan, nire semeak ere hilko zituzkeelako. Nik erran nion bera Aljerian fusilatu egin behar zutela, baina hori ez egiteko eskatu nuela, lehenik eta behin heriotza zigorraren aurka nagoelako, eta, bertzetik, ahal zuenean berekin hitz egin nahi nuelako gauza anitz azal ziezazkidan.

Juan Antonio Alfonso mertzenarioa aurrez ere saiatu zen zurekin harremanetan paratzen.

1990ean izan nuen epaiketan haren abokatuak erran zidan damututa zegoela eta nirekin hitz egin nahi zuela, baina ezetz erran nion. Duela urte batzuk berriz ere nirekin harremanetan jarri zen Jesus Duva El País egunkariko erredaktoreburuaren bidez. Dena prestatu genuen Kanarietara etor zedin, baina hitzorduaren bezperan Duvak deitu zidan bertan behera utzi behar zela erranez, El País-en enpresan agintzen zuena Martin Villa zelako.

1978an Espainiako Barne ministroa zena.

Tira, atentatua prestatu zidana. Hura oraindik bazter guztietan zegoela erran zidan Duvak, eta horretan gelditu zen dena.

Zergatik erabaki zuen Espainiako Estatuak zu hain justu 1978ko apirilaren hasieran hiltzea?

1978ko otsailean OUAk [Afrikako Batasunerako Erakundeak] Kanaria Uharteen deskolonizazioaren auzia Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusira eramatea erabaki zuen. Apirilaren 10ean Erromatik Nazio Batuen Erakundera joatekoa nintzen OUAko idazkari nagusiarekin, eta, horregatik, egun hori baino lehen ni hiltzea erabaki zuen Espainiako zerbitzu sekretuak. Gainera, huts eginez gero, Alemaniako zerbitzu sekretuak 10ean bertan Erromako aireportuan ni tirokatzeko asmoa zuen.

Zer interes zuen Alemaniak?

Alemaniak negozio anitz ditu Kanarietan turismoarekin. Gaur egun 300.000 alemaniar bizi dira hemen. Las Palmasko poliziaburuarekin Mauss delako bat paratu zen harremanetan, Alemaniako zerbitzu sekretuen agente bat. Astebete eman zuen Las Palmasen nire aurkako atentatua prestatzen. Ondoren, 1988an, Alemanian atentatu batzuengatik Mauss ikertzen ari zirela, telegrama bat aurkitu zuten, zioena: «Bihar, hilaren 5a, Cubillo hilko dute». Alemaniara joateko deitu ninduten, Alemaniako zerbitzu sekretuetako buruak ere deklaratu zuen, eta argitu zen hilaren 5eko atentatuak huts eginez gero 10ean ni hiltzeko prest zeudela Italiako Poliziaren oniritziarekin.

Espainian nola egin zuen aitzinera zure kasuak?

1985ean itzuli nintzenean paratu nuen salaketa. Auzitegi Nazionalak Espinosa deitu zuen deklaratzera [Jose Luis Espinosa zerbitzu sekretuetako agentea], hura baitzen dena prestatu zuena. Aitortu egin zuen, gainera. 20 urteko zigorra jarri zioten, eta 25 milioi pezeta [150.000 euro] ordaindu zizkidaten. Baina erran beharra da Espainiako Estatua estatu terrorismoagatik zigortu duten kasu bakarra dela nirea. Nik nire artikuluetan batzuetan idazten dut «Espainiako Estatu terrorista», epai bat dagoelako.

Gustura gelditu al zinen epaiarekin?

Epaiaren arazoa da ez zituela gibelean zeuden gizonak aipatzen. Espinosa horrengan oinarritzen zen dena. Gibeleko gizonak ziren Martin Villa eta Espainiako Gobernua, eta Conesa lotsagabe hura [Roberto Conesa, Poliziako komisarioa]. Espinosak eta labankada eman zidanak erran zuten Conesak eman zizkiela Aljeriara joateko pasaportea eta agiri guztiak. Deklaratzera deitu zuten, baina Puerto Ricora alde egin zuen, eta Espainiara itzuli eta bi egunera hil zen. Hor utzi zuten ikerketa. Nik Martin Villa salatu nuen orduan, eta hark ni, irainengatik. Baina hor utzi zuten dena. Hori horrela, epaia eman eta hamahiru urtera ordaindu zidaten kalte-ordaina. Eman zidatena, hala ere, miseria bat da, aulki gurpildun batean utzi baininduten bizi osorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.