Espainiako Gobernua osatuko duten ministroak izendatu ditu Raxoik

Biblia eskuan zeukala eta Konstituzioa «zainduko» duela zin eginez hartu du gobernuburu kargua

Erredakzioa
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hasi da Mariano Raxoiren agintaldia. Espainiako Gobernuko presidente berriak atzo egin zuen karguaren zina, eta gobernua osatuko duten ministroen izenak jakinarazi zituen. Soraya Saenz de Santamariak (Presidentzia eta presidente ordea), Cristobal Montorok (Ogasuna), Luis de Guindosek (Ekonomia), Jorge Fernandez Diazek (Barne Ministerioa) eta Alberto Ruiz Gallardonek (Justizia) beteko dituzte kargu garrantzitsuenak. Guztira, hamahiru ministrok osatuko dute gobernua, horietatik lau bakarrik dira emakumeak, eta tartean euskaldun bat ere bada:Pedro Morenes defentsa ministroa. Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseilua bihar bilduko da lehen aldiz.

Espainiako erregearen egoitzan —Zarzuelako jauregian— eginiko ekitaldi batean hartu zuen kargua. Eskuineko eskua Espainiako Konstituzioan jarrita eta ezkerrekoa Biblian jarrita, karguari leialtasuna adierazi zion, eta Espainiako Konstituzioa «zainduko» duela zin egin zuen. Adolfo Suarezek (UCD), Leopoldo Calvo-Sotelok (UCD) eta Jose Maria Aznarrek (PP) erabilitako formula bera hautatu zuen Raxoik. Kargua hartzeko ekitaldian, Espainiako errege eta estatuburu Juan Carlos I.a eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu ohiak parte hartu zuten, besteak beste. Ekitaldi horren ostean, Moncloako jauregira, Espainiako gobernuburuaren egoitzara joan zen Raxoi. Arratsaldean berrizitzuli zen Zarzuelara, eta Juan Carlos Borboikoari bere gobernu berriaren egitura azaldu zion. Ondoren, jakinarazi zuen ministroen izen zerrenda, Moncloan.

Morenes getxotarra

Morenes Defentsa ministroa Getxon jaioa da, Bizkaian. Segurtasunerako estatu idazkaria izan zen Aznarren garaian, Raxoi bera Barne ministro izan zenean. Zuzenbidean eta enpresa zuzendaritza lizentziatua da. Construcciones Navales del Norteko administrazio kontseiluko presidentea izan da zortzi urtetan. Europako misilen enpresak Espainian duen ordezkaritzako burua da gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.