Kataluniako Auzitegi Nagusiak hezkuntzako murgiltze eredua babestu eta biharamunean Espainiako Gobernuak esan du «eredu elebidun integratzailea» defendatzen duela. Kalean egiten den hizkuntzen erabilera «normalizatua eta adiskidetsua» indartzen duen eredua hori dela esan du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak egungo murgiltze eredua babestu du, baina euren seme-alaben irakats-hizkuntza gaztelania izatea eskatu duten familiei gaztelaniazko hezkuntza bermatzera behartu du Generalitatea. Saenz de Santamariak esan du errespetatzen dituela Auzitegi Nagusiaren erabakiak, eta baita Espainiako Auzitegi Gorenarenak. Izan ere, aurrez Gorenak gaztelania katalanaren pare irakats-hizkuntza izateko neurriak hartzera behartu zuen Kataluniako Gobernua, hiru sendik aurkeztutako errekurtsoari arrazoia emanez. Horrez gain, oraindik errekurtsoaren bidea irekita dagoela gogorarazi du Espainiako presidenteordeak. «Herritarrek ez dute euren eskubideak babesteko auzia jarri behar», kritikatu du Saenz de Santamariak.
Herenegun, hain zuzen, CiUren Espainiako Kongresuko ordezkari Josep Antoni Duran i Lleidak murgiltze sistema onartzeko eskatu zien PP eta Ciutadans alderdiei, horiek izan baitira Kataluniako Legebiltzarreko alderdietatik egungo eredua babestu ez duten bakarrak.
CiUk eta PSCk pozez hartu zuten atzo Auzitegi Nagusiaren epaia, egungo ereduan aldaketarik eragingo ez duela iritzita. ERC, ICV eta SI, aldiz, mesfidati agertu ziren, hiru senide horiei gaztelaniazko hezkuntza bermatu beharrak aurrekaria ezarriko ote duen kezkatuta. Gerora familia gehiagok eska dezaketela diote. Gaztelania irakats-hizkuntza izatea eskatzen duten gurasoen CCC Kataluniako Elkarbizitza Hiritarra elkartetik esan dute helegitea jarriko dutela, oinarrizko eskubideak bete daitezen herritarrak Justiziarengana jotzera behartzen dituela salatuta.
Espainiako Gobernuak bi eleko eredua defendatu du Kataluniarako
Madrilek adierazi du Gorenaren eta Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiak errespetatzen dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu