Espainiako Gobernuak Kataluniako Hezkuntza sisteman aldaketak egiteko mehatxua egin zuen. 155. artikulua ezarri zutenetik Kataluniako Gobernu berria osatu artean botereak Espainiako Gobernuaren esku daudela baliatuta, aurrematrikulazioko eta matrikulazioko orrietan ikasketak gazteleraz egiteko aukera jasotzen zuen kutxatila ezartzeko asmoa zuela jakinarazi zuen. Nolanahi ere, gaur argitaratu du Hezkuntza Kontseilaritzak aurrematrikulaziorako arautegia, eta hura, iazkoaren oso antzekoa da. Ez du gazteleraz ikastea aukeratzeko laukitxorik jaso.
Protesta ugari ekarri zituen PPren asmoak. Katalunian mobilizazio handiak egin dira esku hartze horren kontra, eta PSOEk ere, 155. artikulua horretarako ez baliatzeko eskatu zion PPri. PSOEk hasieratik defendatu zuen 155. artikulua "partzialki" ezartzea, eta ez esku hartzea kontseilaritzetan erroko aldaketak egiteko.
Orain arte bezala, beren ama hizkuntza zein den galdetuko zaie ikasleei, eta behar dutenei laguntza bereziak eskainiko zaizkie.