Eman diete indultua espetxean dauden bederatzi buruzagi independentistei. Espainiako Ministro Kontseiluaren gaurko bileran aho batez onartu dituzte, eta atzo Pedro Sanchez presidenteak iragarritakoa berretsi dute. Lau ordu baino gehiago iraun ditu bilerak, eta gai nagusia izan da indultuena.
Itzulgarriak dira indultuak, eta zigortuetakoren batek «denbora tarte jakin batean delitu larriren bat» berriz egiten badu, zigor osoa bete beharko du (hiru eta sei urte artekoa da tarte hori, zigor bakoitzaren arabera). Gainera, kargu publikoren bat izateko inhabilitazioa mantendu egingo diete. Sedizio eta diru publikoaren bidegabeko erabileraren delituak, berriz, barkatu egin dizkiete.
Hala azaldu du Sanchezek bileraren osteko agerraldian. Argi utzi du indultuek ez dutela zalantzan jartzen Auzitegi Gorenaren ebazpena —sedizioa egotzi zien—, baina esan du «etapa berri bat» ireki dela gaur: «Interes publikoko arrazoiak zeuden indultu partzial horiek emateko», gehitu du. Helburua «elkarbizitza berrezartzea da», Espainiako presidentearen hitzetan, eta azpimarratu du erabakirik onena hartu dutela espainiarrentzat eta katalanentzat: «Erabakiak, zuzenean, bederatzi laguni eragiten die, baina garrantzitsuena da haiei elkartasuna adierazi dieten milaka lagunekin elkar ulertzeko fase bat hasiko dugula orain».
Buruzagi independentistei dagokienez, adierazi du ez dietela eskatzen ideiak aldatzeko, eta nabarmendu du ekintzengatik espetxeratu zituztela, «ez ideiengatik»: «Orain elkarrizketa fase bat hasiko dugu, konfrontazioa alboratu eta elkar ulertzeko». Amaitzeko, berriz, esan du Espainiako demokraziak «handitasuna» erakutsi duela gaur.
Espetxetik kanpo
Albistea espetxetik kanpo jaso dute bederatzi presoek, bihar Sant Jordi eguna dela-eta ateratzeko baimena baitute. Espetxera itzuli beharko dute izapide batzuk egitera, baina litekeena da presoak ordu gutxi barru aske geratzea; izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak goizean iragarri du erabakia ofizial egin bezain pronto bilduko direla epaileak hura bideratzeko.
Hauek dira indultua jaso duten politikariak dira Oriol Junqueras, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Cuixart, Jordi Sànchez, Josep Rull eta Jordi Turull. Horiei guztiei bederatzi eta hamahiru urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten, eta indultuak bide emango dien arren kalera irteteko, ez ditu zigorrak erabat indargabetuko.
Irakurri gehiago: Espainiak indultua emango dien bederatzi buruzagi katalanak
Presoen artean hitz egiten lehena Romeva izan da, gaur goizean, Twitter bidez. Argi utzi du bederatzi laguni indultuak emanez ez dutela milaka lagunek jasaten duten errepresioa konponduko: «Ez dugu amore emango: amnistia eta autodeterminazioa!», idatzi du.
Autodeterminazioaren garaia
Arratsaldean, berriz, Pere Aragones Kataluniako presidenteak agerraldia egin du. Azaldu du buruzagi subiranistak «burua tente eta ideia berberekin» irtengo direla espetxetik, eta «katalanen nahia errespetatzeko asmoarekin». Gehitu du independentzia dela onena Kataluniarentzat, eta elkarrizketen bidez hori lortzen saiatuko direla: «Amnistiaren eta autodeterminazioaren garaia da, galdeketa adostu baten garaia».
Indultuek elkarrizketa fase berriari «sinesgarritasuna» ematen diotela ere esan du presidenteak, eta gehitu du haien bidez Espainiako Gobernuak aitortu duela zigorrak bidegabeak izan zirela. Azkenik, Madrili eskatu dio Europako Kontseiluari jaramon egiteko, eta erreferendum adostu bat onartzeko.
Neurriak kritikak eragin ditu bi aldeetan, ez independentistenean soilik. Eskuineko unionistek «ahultasuna» erakustea leporatu diote Sanchezi. Pablo Casado PPko presidenteak gaur bertan iragarri du erabakiaren aurkako errekurtso bat jartzeko legitimazioa eskatuko duela: «Joan den astean epaile batek CDRetako kide batzuei deklarazioa hartu zien, eta aitortu zuten PPko kideotako batzuk ikertzen gintuztela. Indultuek zuzenean kaltetzen gaituztela esan dezakegu, baita Kataluniako gizarteak ere», azaldu du. Voxek ere Ministro Kontseiluaren aurkako kereila bat aurkezteko asmoa erakutsi du.