Historikotzat jo dute Noos auziaren prozesua, orain arte ez baitzen eseri Europako Errege-erreginen Etxeetako kiderik auzipetuen aulkian. Baina historikoagoa zatekeen epaia beste bat izan balitz. Jose Castro bost urtean prozesuaren ikerlari izan zen epailea ere harrituta geratu da: «Ez nituen horrenbeste absoluzio espero, ezta Cristina infantarena ere». Baina Espainiako errege Felipe VI.aren arreba absolbitu egin du Balearretako Auzitegi Nagusiak—265.088 euroko isuna jarri diote, iruzur fiskalagatik—, eta haren senar Iñaki Urdangarin zumarragarrari sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra jarri dio prebarikazioagatik, iruzurragatik, eraginen trafikoagatik eta Ogasun Publikoaren kontrako bi deliturengatik —hemeretzi urte eta erdiko zigorra eskatu zuen fiskalak—. Hamazazpi pertsona epaitu dituzte, horien artean Urdangarinen bazkide Diego Torres —zortzi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra—, eta Jaume Matas Balearretako presidente ohia —hiru urte eta zortzi hilabetekoa—.
Noos auzia estatu gaia izan da sorreratik, Espainiako errege ohi Juan Carlos I.aren alaba eta suhia zuzenean ustelkeria kasu batean nahastuta egoteagatik, eta, errege ohiak ere ustez zerikusia izan zuelako. Diego Torres Urdangarinen bazkideak bere defentsa Espainiako Errege-erreginen Etxeak zeukan erantzukizunean oinarritu zuen, esanez Nooseko negozioak Juan Carlos I.ak ikuskatu izan dituela, hala nola bitartekari lanak egin politikariekin.
Monarkiak estatuaren egonkortasuna arriskuan jar zezakeen, baina ibilbide motza izan zuen usteak: Errege-erreginen Etxeak ohar ofizial bat atera zuen 2011n, Urdangarin Zarzuelako agendatik kanpo utzi eta bost egunera. Zioenez, 2006an, Noos institutuaren bidez Urdangarinek jasotzen zuen dirutzaz ohartuta, Zarzuelako aholkulari Jose Manuel Romerori eskatu zioten institutua ikertzeko, eta, ondoren, institututik ateratzea erabaki zuten.
Noos auzia Juan Carlos I.aren irudia erabat hondatua zegoenean atera zen; besteak beste, Corinna zu Sayn-Wittgensteinekin izan zuen harremanagatik, eta Botswanako pasarteagatik, non desagertzeko zorian dauden elefanteak ehizatzen aritu zen safari batean —aldaka hautsi eta helikopteroz eraman behar izan zuten Botswanatik Espainiara—. Herrialde afrikarrean gertatutakoa Iñaki Urdangarin deklaratzera deitu eta bi hilabetera gertatu zen. Ematen ari ziren itxura ez zen egokiena, noiz eta Espainia azken 30 urteko krisi ekonomiko larriena pairatzen ari zenean.
CNIren esku hartzea
Espainiako Gobernutik eta instituzioetatik Errege-erreginen Etxearekin egon zitezkeen loturak estaltzeari ekin zioten. CNI informazio zerbitzuak lanean jarri ziren Koroa babesteko, eta Urdangarinen ekintzek eta erregearen jarrerek eragiten zituzten informazioak geldiarazteko.
Neurrietako bat izan zen Juan Carlos I.aren abdikazioa, 2014an, eta haren seme Felipek ordezkatu zuen. Cristina infanta ere Koroak ematen zizkion nobleziaren titulurik gabe geratu zen. Eta, ordutik, Zarzuelak berarekin zerikusirik ez duen auzi bat izango balitz bezala jokatu du.
Ez dutela ezer ezkutatzekorik erakusteko, auziaren erabakia eman behar zuten ordu berean zeukan atzo antolatua erakusketa baten inaugurazioa Felipe VI.ak, Thyssen museoan. «Botere judizialaren independentziari erabateko errespetua» diola erantzun zuen Espainiako erregeak. Cristina Borboikoa, berriz, «pozik» zegoen erabakiarekin, baina senarrari jarri dioten zigorrari «gehiegizkoa» deritzo. Epaileek erabakian ondorioztatu dute ez zuela senarraren legez kanpoko jardueraren berri, eta haren parte hartzea ez dela erakusterik izan. Baina Urdangarin dirua desbideratzen hasi zenean «kontuak diruz husten laguntzeagatik» jarri diote isuna. Aizoon enpresara bideratu zituen Urdangarinek diruaren zati batzuk.
Cristina Borboikoak Aizoon konpainia partekatzen zuen senarrarekin. Noos institutuaren dirua desbideratzeko erabili zuten. Urdangarinek, epaiaren arabera, emaztea «ezkututzat» erabili zuen inpunitatea lortzeko,pentsatuz Zarzuelaren kontra ez zutela ekinbiderik abiatuko. Epailea hasieran saiatu zen Zarzuela eraginen trafikoagatik ikertzen, baina auzitegiak erabaki zuen ez zegoela zantzurik.
2011ko irailean lehertu zen eskandalua, bost urte lehenago hasi baziren ere gaiarekin lotutako albisteak kaleratzen. Jose Castro epaileak eta Pedro Horrach fiskalak dokumentazioa jaso zuten, Palma Arena belodromoari buruz, non bi fororen adjudikazio irregularra azaltzen zen. Ordurako inputatua zegoen Diego Torres, Urdangarinen bazkidea. Urte hartako azaroan Nooseko bulegoak miatu zituzten.
Noos institutua
Torresek sortu zuen Noos institutua, 1991n, baina 2003an jarri zuten martxan, Urdangarin sartu zenean. Torresen ikaslea izan zen Urdangarin. Palmako dukea zen orduan, eta Espainiako Errege-erreginen Etxea baliatu zuen erakunde publiko eta pribatuen kontratuak eskuratzeko. Volkswagen, Telefonica, BBVA eta Repsolekin lortu zituen kontratuak, eta Balearretako eta Valentziako gobernuekin.
Irabazi asmorik gabeko institutu gisara aurkezten zuten erakundea; Noosen esku orrian Cristina Borboikoa eta infanten idazkari Carlos Garcia Revenga agertzen ziren zuzendaritza batzordeko kide gisa. Hiru urtean hamazazpi milioi euro fakturatu zituen institutuak, eta horietatik sei milioi administrazio publikoetatik atera zituzten.
Hori gutxi ez, eta Urdangarinek eta Torresek enpresen sare bat antolatu zuten. Enpresa horiek Noosi egindako zerbitzu faltsuak fakturatzen zituzten, institutua husteko, eta irabaziak familiarteko sozietateetan banatzeko —Aizoonen, besteak beste—. Irabaziak Belizeko paradisu fiskalera ere desbideratu zituzten.
Lehen mailako kargu politikoak Iñaki Urdangarinen nahira etorri zirela baieztatu du erabakiak, sei milioi euro baino gehiagoko kontratuak eskuratu zituela errege-erreginen familiakoa zelako. Proiektuak onartzeko bilerak Zarzuela eta Marivent etxebizitza ofizialetan egin ziren, eta, besteak beste, Jaume Matas Balearretako presidente ohiak, Francisco Camps Valentziako presidente ohiak eta Rita Barbera Valentziako alkate izandakoak hartu zuten parte bilera horietan. Sei milioietatik lau Urdangarinen eta Diego Torresen poltsikoetara joan ziren.
Espainiako Koroa, absolbitua
Cristina Borboikoak ez zuela bere senar Urdangarinen trikimailuen berri ondorioztatu du auzitegiak; 265.088 euroko isuna jarri dio. Urdangarini, berriz, sei urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu