Espainiako Auzitegi Nazionalak Marokoko 11 goi kargudun, militar eta polizia prozesatzeko erabakia hartu du, Mendebaldeko Saharan 1975-1992 artean genozidio delituak egin zituztela egotzita. Pablo Ruz epailearen arabera, hemeretzi biktima zuzenen deklarazioek eta bildutako froga materialek erakutsi dute «egiazkotasun zantzuak» dituela Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkarteak aurkeztutako salaketak. Ruzek erran du «gertakari erabakigarria» izan dela 2013ko otsailean Mendebaldeko Saharako Amgala izeneko eremuan bi hobi komun aurkitzea. Euskal Herriko hiru erakundek elkarlanean egin zuten aurkikuntza: Hegoa institutuak, Aranzadi fundazioak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak.
Ruz epailearen arabera, 11 prozesatuek zerikusia izan dezakete «Mendebaldeko Saharaz jabetu eta herritar talde hori [Mendebaldeko sahararrak] erabat edo neurri batean suntsitzeko helburuz» egindako ekintzekin. Ruzek deskribatutako erasoen artean daude «herritar zibilen kanpamentuen aurkako bonbardaketak, herritar zibilen behartutako desplazamenduak, hilketak, atxiloketak, torturak eta desagerrarazteak». Ruzek nabarmendu du Amgalako hobi komunetan aurkitutako frogen garrantzia. 1976ko otsailaren 12an Marokoko militarrek zortzi herritar desagerrarazi zituzten. Horietako batzuen atxiloketa eta hilketa ikusi zuen Aba Ali Said Dafek, orduan 14 urteko mutikoak, eta, haren testigantzari jarraikiz, Euskal Herritik joandako ikerlari taldeak zortzi lagunen gorpuzkiak aurkitu eta haiei gertatutakoa frogatu zuen. Gatazkan desagerrarazitako 400 saharar ingurutatik, identifikatutako lehenbiziko zortzi kasuak izan ziren. Biktima batzuek Espainiako herritartasuna zuten, Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia izan zelako, eta, horregatik, Ruzek erabaki du Auzitegi Nazionalak iker dezakeela kasua.
Nazio Batuen Erakundeak Minurso misioa dauka Mendebaldeko Saharan, baina ez du giza eskubideen zaintza bermatzeko eskumenik. Aurki bozkatzekoak dira misioa luzatzeari buruz.
Espainian 11 marokoar prozesatu dituzte, Saharan genozidioa egotzita
Goi kargudun, militar eta poliziei 1975-1992 artean egindako hainbat delitu leporatu dizkie Auzitegi Nazionalak.Euskal Herriko ikerlariek aurkitutako bi hobi dira frogetako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu