Essequiboko gatazkan indarkeriarik ez erabiltzea adostu dute Venezuelak eta Guyanak

Bi herrialdeetako presidenteek bilera bat egin dute gatazkaz aritzeko. Alik argi utzi du ez dituela onartuko Madurok lurraldea bereganatzeko eta petrolioa ateratzeko egindako eskaerak.

SAN VICENTE Y LAS GRANADINAS VENEZUELA GUYANA
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Ifaar Ali Guyanakoa, Essequiboko gatazkari buruzko bileran, Saint Vicent eta Grenadinetan (Antilla Txikiak), gaurko ordu txikietan. PRENSA MIRAFLORES / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 15a
15:35
Entzun

Essequibori buruzko gatazka aspaldikoa da, baina batez ere azken bi asteetan handitu da Venezuelaren eta Guyanaren arteko tentsioa. Venezuelan, lurralde horri buruzko erreferendum bat egin zuten hilaren 3an, eta, behin herritarren babesa jasota, Nicolas Maduro presidenteak lege proiektu bat aurkeztu zuen hilaren 6an, Essequibo Venezuelako estatu bilakatzeko. Gerra pizteko aukera zegoela eta, Madurok eta Ifaar Ali Guyanakoak bilera bat egitea erabaki zuten, konponbide bat adosteko. Ez dute lortu gatazka konpontzea, baina behin-behineko erabaki bat hartu dute Euskal Herriko gaurko ordu txikietan egindako bilkura horretan: ez dute elkar mehatxatuko, eta ez dute indarkeria erabiliko.

Hori bai, bi agintariek ez dute amore eman, eta irtenbide bat adostu nahi dute; ideia hori helarazi dute, behintzat. Horretarako, adostu dute Atzerri ministroek eta teknikariek osaturiko batzorde bateratu bat eratzea, eta talde hori arduratuko da konponbide bat proposatzeaz. Gainera, Madurok eta Alik esan dute ez dutela gatazka okertuko; baina, hori gertatuko balitz, gaurko bilkuran ere parte hartu duten Caricom Karibeko Komunitatea, Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitatea, Brasilgo Gobernua eta NBE Nazio Batuen Erakundea arduratuko lirateke bitartekari lana egiteaz.

Venezuelak erreklamatzen duen lurraldea
Venezuelak erreklamatzen duen lurraldea

Guyanako presidenteak aitortu du ez dituela beteko Venezuelako estatuburuaren lurraldea bereganatzeko eta petrolioa ateratzeko eskaerak, baina adierazi du «bakearen aldeko» jarrerari eutsiko diola oraingoz: «Erasotzailea ez da Guyana, gerra ez du Guyanak bilatzen, baina bere burua defendatzeko eskubidea du». Tentsioa gutxitzeko beharra adierazi zion Madurori, eta nazioarteko hitzarmenetan jasotakoak gogorarazi zizkion: Essequibo Guyanako lurraldearen bi heren da —16.000 kilometro koadro—, eta horrek esan nahi du «lurraldea errespetatu» behar duela.

Bestalde, Madurok ohartarazi du negoziazioen bidez bakarrik ziurta daitekeela bakea: «Venezuelako herriak aginduta nator gure eskubideak defendatzera; hori bai, hitza da arazoari konponbidea aurkitzeko bide bakarra». Amaitzeko, guztientzako «onuragarriak» izango diren emaitzak eskatu ditu. Bi agintariak hiru hilabete barru elkartuko dira berriz, Brasilen.

Petrolioan, gasean eta mineraletan aberatsa da Essequiboko lurraldea, eta hori da, hain zuzen, gatazkaren beste sorburuetako bat. Essequibo Venezuelako estatu izateko eskatzeaz gain, lurraldeko baliabide energetikoak ustiatzeko baimena ere exijitu du Madurok. Izan ere, AEB Amerikako Estatu Batuetako Exxon Mobil enpresak hainbat petrolio putzu aurkitu zituen han, eta, egun, ustiaketa lanak egiten ari da oraindik ere; asteotako gatazkaren berri izan zutenean, azaldu zuten liskar horrek ez duela eraginik izango haien lanean, eta, beraz, Essequibon geratzeko asmoa dutela.

Ehun urteko liskarra

XIX. mendean Venezuelako lurraldea zen Essequibo. Guyana Erresuma Batuaren kolonia zen orduan, eta, urrea bilatzeko asmoz, herrialdeko mugak Essequiboraino handitu zituen. Venezuelak nazioartean salatu zuen gertatutakoa, baina, 1899an, Guyanari eman zioten arrazoia; Venezuelako historialariek diote britainiarrek mugen mapa faltsutu zutela, epaia irabazteko. 67 urte geroago, Essequibo norena izan behar zen zehazteko bildu ziren Venezuelako eta Guyanako gobernuak, Genevako hitzarmenak behartuta; ez zuten liskarra konpondu.

2018an, gatazka ICJ Nazioarteko Justizia Auzitegian aurkezteko eskatu zion Guyanak Antonio Guterres NBEko idazkariari. Madurok bilera izan aurretik esan zuen Essequiboko lurraldearen liskarra ICJra eramateak ez duela ezer konponduko, eta ez duela horren zilegitasuna aitortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.