Estatu bat ernaltzen Ozeanian

Bougainvillen erreferenduma egingo dute 2019an, Papua Ginea Berritik askatzeko. NBEk egunotan hasi ditu galdeketaren prestakizunak. Gerra piztu zuten mamuek uhartea astintzen jarraitzen dute

Estatu bat ernaltzen Ozeanian.
Adrian Garcia.
2016ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hamabost urte eman dituzte bakean, hamar bat urtez gerra odoltsu bat borrokatu ondotik. Kolonialismoaren apetek nahieran banatu zituzten herrialdeak Europako potentzien artean, eta Ozeanian ere alegiazko lerroek banandu zituzten artxipelagoak eta beste uharteak. Horregatik, Bougainville uhartea eta inguruko beste txikiago batzuk Papua Ginea Berriaren menpe daude egun, nahiz eta Salomon uharteen artxipelagoko parte izan. 20.000 hildako inguru eta borroka amaigabeen ondotik, bidegabekeria historiko hori konpontzeko prozesua martxan dute, eta 2019ko ekainaren 15erako aurreikusi dute Bougainvillen independentzia erreferenduma. NBE egunotan hasi da baliabide teknologikoak banatzen galdeketarako. «Erronka ugari izan dituzten arren, Papua Ginea Berriko eta Bougainvilleko gobernuek bake itunarekiko konpromisoa erakutsi dute. Orain alde guztiei dagokie galdeketarako dena prest edukitzea, prozesua eraginkorra eta gardena izan dadin», esan zuen NBEk Papua Ginea Berrian duen ordezkariak, Roy Trivedyk, abuztu amaieran egin zuten bake itunaren hamabosgarren urtemuga ekitaldian.

Hurrengo urteak erabakigarriak izango dira Melanesian; erreferenduma baino lehen Papua Ginea Berrian hauteskundeak egingo dituzte, 2017an. Herrialdeak 1975ean Australiatik independentzia eskuratu zuenetik ustiatu ditu Bougainvilleko baliabide naturalak. Hain zuzen ere, horrek piztu zuen uharteko independentzia grina. Bougainvilleko lur azpia aberatsa baita oso, eta urre eta kobre erreserba erraldoiak ditu. Pangunako meatzea munduko handienetakoa izan da; Papua Ginea Berriko ekonomiaren ardatza zen, barne produktu gordinaren %40 baitzen.

Ustiapenaren etekin ekonomikorik ez jasotzeagatik, eta ingurumenaren kalteak etxean sufritzeagatik matxinatu ziren herritarrak. Bougainvilleko Armada Iraultzailea sortu zuten, eta meatzea ixtea lortu zuten atentatuenbidez. Port Moresbyk larrialdiegoera ezarri eta armada bidali zuen, eta erabat gaiztotu zen gatazka. II. Mundu Gerraz geroztik Ozeanian izan den gerrarik odoltsuena da; biktimen kopuruaren inguruan adostasunik ez dagoen arren, Australiako Gobernuak uste du 15.000 eta 20.000 pertsona inguru hil zirela.

Atzoko eta gaurko mamua

Independentziarako oinarriak zehaztu arren, uhartean oraindik ez dira guztiz desagertu gerrako mamuak. Izan ere, Bougainvilleko gobernu autonomoaren—1999an eratu zuten— eta Papua Ginea Berrikoaren artean oraindik liskarrak dituzte meatzearen inguruan. Egun itxita badago ere, erreserba handiak ditu oraindik ere, eta 50.000 milioi dolarren balioa duela uste dute adituek. Bougainvilleko Gobernuak ustiapena irekitzeko asmoa du, herrialde independentearen diru sarrera nagusia izan dadin.

Meatzearen %53 inguru Australiako Rio Tinto multinazionalaren esku dago, beste %17 Papua Ginea Berriko Gobernuarena da, eta, azkenik, Bougainvilleko Eskualde Autonomoak jabetzaren heren bat du. Erreferenduma arrakastatsua izanez gero, uhartearengan kontrol politikoa galduko luke Port Moresbyk, baina nola ahala ekonomikoki lotu nahi du Bougainville, ez diolako uko egin nahi tokiko baliabide naturalei. Rio Tintori akzioak erosita meatzeren gehiengoa kontrolatu nahi du; hala salatu du John Momis Bougainvilleko presidenteak. Port Moresbyko gobernuari egotzi dio «administrazio kolonialak» jokatu zuen era berean aritzea. «Horrek sortu zuen Bougainvilleko krisia».

Papua Ginea Berritik urrun dago uhartea, 1.000 kilometrora dute Port Moresby hiriburua. Haatik, geografikoki, kulturalki eta linguistikoki Salomon uharteen parte da; artxipelagoko uharterik handiena da.

Ezusteko handirik ezean, erraz irabaziko luke baiezkoak erreferendumean, independentzia mugimenduko buruzagiek mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi baitute gatazka urteetan. Baina aniztasun kultural handia da uhartean, eta iraganean ere zatiketa eta desadostasun ugari izan dituzte. 21 hizkuntza hitz egiten dituzte 200.000 biztanle inguruk.

Akzioen dantza

Papua Ginea Berriko Gobernuak desadostasun horiek erabili izan ditu independentisten aurka egiteko. Bougainvilleko Armada Iraultzailearen aurka zeuden taldeak finantzatu zituen gerra garaian. Orain ere estrategia berari heldu dio. Abuztuan Papua Ginea Berriko lehen ministro Peter O' Neillek parlamentuan azaldu zuenez, Rio Tintotik jasotako meatzearen akzioen %17 Bougainvilleko «lur jabeei eta herritarrei» emateko prest dago. Bougainvilleko Gobernua babesten ez duten talde ugari daude, eta meatzeairekitzearen aurka daude; akzioen jabetza edukita, talde horiek beto eskubidea izan lezakete ustiapena blokeatzeko. «Nahita eman nahi diet akzio horiek herritarrei, Bougainvilleko gobernuak kontrol osoa izan ez dezan», esan du O'Neillek. Independentziaren ondoren ere, Pangunako meatzeak finkatuko du uhartearen norabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.