ESTATU BATUAK. HAUTESKUNDE PRIMARIOAK. Giuliani eta Edwards lehiatik erretiratu dira

Floridako errepublikanoen 57 ordezkariak McCainek lortu ditu, eta demokratek ez dute eledunik eskuratu

2008ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Apurka-apurka gauzak argituz doaz AEBetako presidente izateko hauteskunde maratoian. Floridako bozkaleku berezian indarra hartu du John McCain errepublikanoen hautagaiak, eta lehia luzeari aurre egiteko hauspoa duela erakutsi du. Horrez gain, Rudolph Giulanik porrot handia jasan eta amore eman du. Demokraten borrokan ere John Edwards lehiatik erretiratu da. Astearte handiari begira, zeresana izango du biek beste hautagaiei eman ahal dioten babesak. Giulianik McCain sostengatuko du datorren astearteko lehian.

Floridako bozetan 2000.urtean baino parte-hartze handiagoa izan da. 3,5 miloi pertsonak eman dute botoa. Inkestak fin ibili dira oraingoan, eta demokraten alderdian Hillary Clintonek Barack Obamari aise irabazi dio. Lehia apala izan da, dena den. Floridako ordezkariek hauteskundeak aurreratzea erabaki ostean zigortu nahi izan dituzte bi alderdiek. Hala, Floridako ordezkaririk ez da izango demokratek presidentziarako hautagaia aukeratzen dutenean, abuztuan. Errepublikanoek antzeko neurria hartu dute, eta Floridako ordezkarien erdiak baino ezingo dute presidentea aukeratzeko bilkuran izan. 57 izango dira denera eta guztiak McCainen aldekoak. Floridako legediak ez du banaketa egiten bozetan lortutako babesaren arabera.

Horregatik, Mitt Romney arerio nagusia alde txikiarekin garaitu badu ere, garrantzia berezia du McCainentzat Floridako garai ikurrak. Atzoko goizaldean plazaratutako emaitzak errepublikanoen aldean faborito eman du. %36ko babesarekin saritu zuten hautesleek, eta %31arekin Romney. Giuliani hirugarrena izan zen; botoen%15 ukan zuen. Galera eskerga da New Yorkeko alkate ohiarentzat, kanpaina osoa Floridan egin baitu han irabazteko ametsarekin. Laugarrena Mike Huckabee izan zen botoen %14arekin. Gauzak horrela, McCainek eta Rommneyk hiruna estatutan irabazi dute orain arte eta Huckabeek bakarrean.

McCainek ezin zuen poza ezkutatu jarraitzaileen aurrera agertu zenean. «Aste bete barru neuk irabaziko ditudan hauteskunde primarioak edukiko ditugu eta errepublikanoen aldean presidentziarako hautagaia izango naiz». Ez da gutxiagorako bere poza. Izan ere, duela aste batzuk amore ematea ere hausnartu zuen, hauteskunde kanpainaren gastuei aurre egin ezin zielako. Floridako garaipenak bizi poza emango dio asteartean 22 estatutan izango diren bozetarako, eta horiei begira, diru iturria ere.

Dirua ez da Romneyri loa galarazten diona Massachussetts estatuko agintari ohiak aberastasun nahikoa baitu kanpainaren finantziazioari aurre egiteko. Floridan galduta McCainek baino ordezkari gutxiago ditu orain eta astearteko lehia erabakigarriaren esperoan kolpe handia izan daiteke.



CLINTON JAUN ETA JABE. Nahiz eta demokraten aldean Floridako bozek ezer erabakiko ez duten-horren lekuko hautagaiek ez zutela kanpainarik egin hego-ekialdeko estatu honetan-esanguratsua da Hillary Clintonek lortutako arrakasta. Botoen %50 eskuratu zuen eta lehiakideak aise gainditu zituen. Obamak %33ko babesa izan zuen hautestontzietan eta Edwardsek botoen %14 baino ez. Irabazi ostean esan zuen Floridako eledunakdemokraten bilkura nazionalean izan daitezen saiatuko dela. «Florida demokraten garaipenaren oinarri izatea» ere nahi du Clintonek.

Emaitzei jarraiki, hispanoen botoak mesede egin dio Clintoni, eta errepublikanoen lehian litekeena da Floridako kubatarrek McCaineri botoa eman izana. AEBetako gutxiengo zabalenak hauteskundeetan izan dezakeen jokabidearen lekuko izan da Florida, astearte handiaren atarian. Orduan askatuko da hein handi batean korapilo luzea. Demokraten lehia irekia bada, errepublikanoen alderdian ere zernahi gerta daiteke. Obama-Clinton borroka argiaren gerizpean McCainek, Romneyk eta Huckabeek neurketa zabalagoa irudikatuko dute. «Hasiera baino ez da izan», azaldu zuen Huckabeek, eta Romneyk ere ez du azken hitzik esan.

Inkesten arabera, ekonomia eta Irakeko gerra izan dira Floridako hautesleek agertutako kezka handienak, terrorismoa, immigrazioa eta familia arazoak baino gehiago.



HauTesKunDeeTaTIK erreTIraTuTaKo HauTaGaIaK
Rudolph Giuliani
Hautagai errepublikano ohia
Irailaren 11ko atentatuen garaian New Yorkeko alkate zen, eta, hein batean, egun beltz horri zor dio gaur egun duen ospea. Rudolph Giulianik (New York, 1944) Floridako bozetan jarri du hauteskundeetako itxaropen guztia, eta apustu okerra izan da. 30 milioi euro inguru xahutu ditu bertako kanpainan. 1994. urtean heldu zen New Yorkeko alkatetzara. Aurretik hainbat kargutan ibili zen, eta 37 urterekin AEBetako fiskal nagusiaren laguntzaile izendatu zuten. Alderdi errepublikanoaren barruan buruzagi moderatua da. Abortua legeztatzea eta armen kontrola babestu izan ditu maiz. Estatuko buru izatea lortu izan balu, italiar jatorriko lehen presidentea izango zen. John McCain babestuko duela iragarri du.



John Edwards
Hautagai demokrata ohia
Bigarren aldia zen John Edwards (Hego-Carolina, 1953) presidentziarako hauteskundeetara aurkezten zena. Aurreko aldian John Kerryrekin lehiatu zen alderdi demokrataren hautagai izateko, baina amore eman behar izan zuen orduan ere. Bushek irabazi bezain laster berriz aurkezteko gogoa erakutsi zuen. Abokatu ospetsua izatez, 90eko hamarkadan murgildu zen politikan, seme gazteena auto istripuan hil zenean. Gizarte auzien oroitzapena izan da bere kanpainaren erdian. Hala, AEBetan txirotasunaren aurka borroka egiteko mezua errepikatu izan du. 2006. urtean aurkeztuko zenaren berri eman zuen New Orleansen, eta han erretiratu da, katrinaurakanak hautsitako Hego Carolinako hirian.







Hazkunde ekonomikoa azken bost urteotako motelena izan da

Ameriketako Estatu Batuetako hazkunde ekonomikoa %0,6koa baino ez zen izan iazko azken hiru hilabeteetan; aurreko hiru hilabeteetako hazkundea, berriz, %4,9koa izan zen. Iaz %2,2 hazi zen orotara ekonomia AEBetan.; azken bost urteetako hazkunde motelena, hain zuzen ere. Kontsumoa eta inbertsioak ere urritu egin ziren. Erreserba Federalak, ildo horretan, interes tasak berriro jaistea erabaki zuen atzo, %3,5etik %3ra jaitsi zituen. Aurreko astean %0,75an jaitsi zituen interes tasak ez ohiko bilera batean. FBI Ikerketa Bulego Federalak, bestetik, krisi finantzarioa eragin duten arrisku handiko hipotekekin lotura duten hamalau enpresa ikertzen ari da. Iruzurra egitea eta influentzia-trafikoa egitea leporatu diete enpresa hauei -tartean bankuak eta etxe agentziak daude-. Neil Power FBIko Ekonomia alorreko zuzendariak jakinarazi duenez ikertu beharreko hainbat irregulartasun daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.