«Estatu kolpea» jotzeko saiakera salatuta, Guatemalako presidente kargua hartu du Arevalok

Hamabi ordu atzeratu da politikari sozialdemokrata estatuburu bilakatzeko protokoloa, diputatuen arteko liskarrengatik; kalean, istiluak egon dira haren aldeko manifestarien eta Poliziaren artean. Arevalok «autoritarismoaren» kontrako mezua helarazi du.

(ID_13497694) GUATEMALA INVESTIDURA
Bernardo Arevalok presidente kargua hartu eta gutxira, zoriona hedatu da Gutemalako kaleetan. BIENVENIDO VELASCO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 15a
12:30
Entzun

Iazko abuztuan hasi zen moduan amaitu da, gaur goizean, Guatemalako hauteskundeen osteko prozesu katramilatsua: arazoekin. «Estatu kolpea» jotzeko saiakera baten salaketen artean hartu du Bernardo Arevalok herrialdeko presidente kargua, baina horretarako protokoloa luzatu egin da, Alejandro Giammattei estatuburu ohiaren (2020-2024) eta oposizioaren oztopoak zirela medio. Izan ere, Kongresuko diputatuek egin beharreko karguaren zina bost ordutik hamabira luzatu da, horien arteko liskarrak tarteko. Eta horrek azken orduko ziurgabetasuna eragin du; azkenean, ordea, Arevalok kargua hartu ahal izan du.

Egun luzea izan da, eta Arevaloren izendapenaren atzerapenak hautsak harrotu ditu kalean. Politikari sozialdemokrataren garaipena ospatzera gerturatutakoak, zorion mezuak eta ospakizun oihuak alde batera utzi, eta Kongresura gerturatu dira diputatuei eskatzeko egin dezatela beren lana eta ez zezatela gehiago atzeratu prozesua. Herritarren eta Poliziaren arteko istiluak eragin ditu horrek, manifestariek, parlamentura gerturatzeko, Poliziak ezarritako hesiak apurtu baitituzte. Istiluen kontrako Poliziak kolpeka eta negar gasa jaurtiz erantzun du —ez da inor zauritu—. Herri indigenak izan dira azken egunetan Arevaloren eta «demokraziaren» alde gehien borrokatu direnak —105 egunez protesta egin dute—, eta atzoko manifestazioan ere protagonismoa izan dute. Arevalok, behin oztopoak gaindituta, eskertu egin du herri indigenen «demokraziaren aldeko borroka».

Kexak ez dira soilik kalean entzun. Nazioarteko ordezkaritzek ere salatu dute hainbat diputatu botere aldaketa oztopatzen saiatu direla; Arevalok ezin baitzuen presidente kargua hartu Kongresuko 160 diputatuek beren karguaren zina egin ezean. Are gehiago, Giammattei ez da parlamentuan izan. Prozesua atzeratzen ari zela ikusita, nazioarteko hainbat eragilek Arevaloren aldeko adierazpenak egin dituzte, parlamentuari eskatuz blokeoa amaitzeko. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak, esaterako, esan du Guatemalako herriak «era justu, aske eta gardenean» adierazi duela bere nahi demokratikoa. Beraz, Guatemalako Kongresuari eskatu dio haren «agindu konstituzionala» bete eta Arevalori bidea errazteko.

EB Europako Batasunak ere egin du presidente hautatuaren alde, eta Latinoamerikako zenbait presidentek babesa erakutsi diote Semilla alderdiko politikariari. Gustavo Petro Kolonbiako estatuburuak, adibidez, salatu du Guatemalako Fiskaltzak «estatu kolpe bat antolatu» duela —hilabeteotan eragin dituen oztopoengatik—, eta Auzitegi Konstituzionalari «demokraziaren alde» egiteko eskatu dio.

Guatemala Hiriko Miguel Angel Asturias kulturgunean kargua hartzeko ekitaldian, Arevalok «autoritarismorik sekula gehiago ez» aldarria plazaratu du, eta herritarren «demokrazian bizitzeko nahia» ere txalotu du. Ustelkeriaren aurkako salaketengatik eta autoritarismoa gelditzeko hitza emateagatik heldu da boterera, hein handi batean, presidente izendatu berria —Semilla alderdia ustelkeria salatzeko 2015eko protesten ondorio da—.

Kargua hartzerakoan, ondo bidean 2028ra arte iraungo duen gobernuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Arevalok, bereziki bi ideiatan arreta jarrita: berdintasuna eta migratzaileak. Lehen aldiz, sexuen arteko parekotasuna egongo da gobernuan: zazpi gizon eta zazpi emakume. Bestalde, migratzaileek «nazioaren etorkizuneko erabakien erdigunean» egon behar dutela esan du presidenteak. Izan ere, ia hiru milioi guatemalar AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira. Bi ildo horiez gain, Arevalok azaldu du gobernuaren politikek ardatz izango dituztela hezkuntza, osasuna, ingurumena eta gizartearen garapena.

Oztopo judizialak

160 diputatuen zin egiteak presidentearen kargu hartzea kolokan jarri duen arren, hauteskundeak irabazi aurretik bertatik heldu ziren aurreneko arazoak Arevalorentzat. Bozen garaian hasi zen fiskaltza estatuburu hautatuaren aurka egiten eta kargua hartzea eragozten saiatzen. Are gehiago, joan den abenduan, Rafael Curruchiche fiskalak eskatu zuen bertan behera uzteko abuztuko hauteskundeetako emaitzak. Azkenean, Auzitegi Konstituzionalak Arevaloren alde egin zuen, bozak «era demokratikoan» egin zirela argudiatuta.

«Autoritarismoaren» aurka egiteko aldarria ez du ausaz hautatu Arevalok. Izan ere, Semilla da Guatemalako Parlamentuan dagoen alderdi progresista bakarra; besteak kontserbadoreak eta tradizionalistak dira. Hamargarren aldiz osatuko da Guatemalako Gobernua 1986an demokraziara itzuli zirenetik, eta lehen aldia izango da kontserbadoreetatik at dagoen presidente bat karguan. 2015ean erein zen haziaren emaitza da Arevaloren garaipena, azken hamarkadetan Guatemalako gobernuen parte izan direnen aurkako ustelkeria salaketen ondorio zuzena. Arevalok «autoritariotzat» dituenak haren aurka jardun dute hauteskundeetara ustelkeriaren aurkako aldarriak eraman zituenetik.

Fiskaltzak eta Hauteskunde Auzitegi Gorenak haren aurka egin dute behin eta berriz kargu hartzea oztopatzeko. Oldarraldiak, baina, ez du presidentearengan soilik jarri begia. Semilla legez kanpo uzteko saiakerak egiten ari dira, eta horren erakusle da alderdi horretako 23 diputatuek independente modura eman behar izan dutela izena parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.