BRASIL

Estatu kolpe saiakeraren «mentore intelektuala» izatea egotzi diote Bolsonarori

Brasilgo Kongresuak gertatutakoa ikertzeko osatutako batzordeak eskatu du presidente ohia inputatzeko indarkeria politikoagatik eta zuzenbide estatua indarrez baliogabetzeagatik

Jair Bolsonaro, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 20a
17:29
Entzun

Brasilgo Kongresuak joan den urtarrilaren 8ko estatu kolpe saiakera ikertzeko osatutako batzordeak bukatu ditu bere lanak, onartu du azken txostena, eta, horren arabera, Jair Bolsonaro herrialdeko gobernuko presidente ohia (2019-2022) izan zen ekintza haren «mentore intelektuala». Leporatzen dio «erantzukizun zuzena» edukitzea saiakeran, eta, horregatik, eskatu du inputatu dezatela zilegi ez den elkarte bat sortzeagatik, indarkeria politikoagatik, zuzenbide estatua indarrez baliogabetzeagatik, eta estatu kolpeagatik. Atzo eman zuten horren berri, eta batzordeak jakinarazi du dokumentua Fiskaltzari bidaliko diola, erabaki dezan ea eskuin muturreko estatuburu zenaren kontrako karguak aurkezten dituen.

Batzordeak proposatu du, gainera, beste 60 pertsona inputatzea; horien artean daude Bolsonaroren agintaldiko bost ministro, armadako komandante izandakoak, eta hogei bat militar, besteak beste. Eliziane Gama senatariak idatzi du dokumentua, eta horren alde egin dute batzordeko hogei kidek, 11k kontra, eta bat abstenitu egin da.

Ikusi gehiago: Bolsonaro ikertuko dute, estatu kolpe saiakera bultzatzea egotzita

Bost hilabetez aritu da lanean batzordea, argitu nahian zer gertatu zen urtarrilaren 8an, Luiz Inacio da Silva Lula-k Brasilgo presidente kargua hartu eta astebetera. Izan ere, ultraeskuineko presidente izandakoaren milaka jarraitzailek Kongresuaren, Auzitegi Gorenaren eta presidentetzaren eraikinak hartu zituzten indarrez Brasilian, eta kalteak eragin zituzten horietan.

Gertakari horiengatik 1.400 bat pertsona auzipetu ditu Auzitegi Gorenak, eta dozena bat inguru zigortu. Bolsonaro ikerketapean dago, baina hura inputatu behar dutelakoan dago Kongresuko batzordea. Tesi hori osatzeko, berreraiki ditu, gertakarien lekukoen deklarazioei esker, kolpe saiakeraren aurreko hilabeteak. Eta txostenak jasotzen ditu, besteak beste, kamioilariek egindako errepide mozketak; esku hartze militar bat exijitzeko armadaren kuartelen parean egindako kanpaldiak; Brasilian huts egin zuten atentatuak; edo Lularen inbestidura eragozteko aurreko gobernuak izandako ustezko eztabaidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.