Xavier Trias. Bartzelonako alkatea

«Estatuarekiko harremana jasanezina da»

Kataluniaren burujabetzaz eta erabakitzeko eskubideaz baikor mintzo da Bartzelonako alkatea; hiriburuko proiektu autogestionatuen auzia, ordea, bestelako kontua da.

Samara Velte.
Donostia
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Donostian izan da aste honetan Xavier Trias, Bartzelonako alkatea (Bartzelona, 1946), bi hirietako udalen arteko «puntu komunak lortzeko». Kataluniaren burujabetzari buruzko galdeketari begira, «erabakitasun handia» ikusten du gizartean: «Beste galdera bat da zer bozkatuko duen gero jendeak, baina, oro har, herritarren gehiengo zabala ados dago erabakitzeko eskubidearen aldeko eskaerarekin».

Hiriburuan ere sumatzen duzu erabakitasun hori?

Bai, bai. Bartzelona beste lekuak bezalakoa da. Beharbada, independentisten proportzioa txikiagoa da, baina galdeketa egin nahi dutenena berdina da.

Bertatik bertara ikusi dituzue independentziaren aldeko mobilizazio nagusietako batzuk; adibidez, Diadak...

Baina horietara Katalunia osotik etortzen da jendea: arreta guneak dira. Lehenbiziko manifestazio erraldoia duela bi urte egin zuten. Iazko giza kateak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta aurten ere izango da manifestazio bat hirian, eta Diagonala beteko dute. Badago Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko sentsibilitate berezi bat. Batzuek diote: «Baina horiek guztiak ez daude independentziaren alde». Eta egia da: manifestazioetan parte hartzen dutenetako batzuek, beharbada, nahiago dute Katalunia Espainiaren barruko nazio izatea. Baina gehienek bozkatuko dute nazioa izatearen alde.

Zure kasuan, nola aldatu da gai horrekiko iritzia?

Ez naiz independentista klasiko bat, baina sinetsita nago Kataluniak une honetan Estatuarekin duen harremana jasanezina dela. Kulturak eta hizkuntzak jasotzen duten tratua desastre bat da. Ez dago nazio katalanarekiko errespeturik. Hemen badago desio historiko bat, Espainiak gutxienez onar dezan berau hainbat naziok osatzen dutela; baina halakorik ez da gertatzen. Nire egoera ere aldatu da, eta kontsulta hori egiten bada, baietz erantzungo dut lehenengo galderan, eta baietz bigarrengoan. Besteak beste, uste dudalako gauzak aldatu ezean Katalunia oso gaizki ibiliko dela. Gobernu zentralak pentsaera aldatu behar du; Estatuaren nazio aniztasuna aitortu; gure hizkuntza, kultura eta jarduteko moduari erabateko errespetua adierazi; eta finantzaketa eredu logiko bat sortu. Bestela, hau ez doa inora.

2001 inguru hartan, Madrilen Kataluniaren finantzaketa eredua negoziatzen aritu zirenetako bat izan zinen. Zein balorazio egiten duzu orduan erabakitakoaz?

Kataluniarena, ez: Espainiaren finantzaketa sistema erabaki zen. Espainiarekin ez dugu sekula maila berean negoziatu; beti autonomia erkidego guztietarako sistema bakarra negoziatu izan da, EAEko eta Nafarroako kasuak salbuetsita. Kasu honetan, argi geratu da sistema hau zorigaiztokoa dela krisi ekonomikoko garaietan: ez da egokia Kataluniarentzat. Horrek ez du esan nahi ezin denik finantzaketa sistema solidario bat bilatu; nire ustez, garrantzitsua da hori, baina orain daukaguna jasanezina da. Kaltegarria da Kataluniarentzat, eta, nire teoriaren arabera, aldatzen ez bada, Kataluniak ez du irtenbiderik izango, eta Espainiaren motorra izateari utziko dio.

Bartzelonako Udalean, CiUk gutxiengoan gobernatzen du. Nolakoak dira talde politikoen arteko harremanak? Ba al dago parlamentuko indar subiranisten arteko konstelazioaren arrastorik?

Ez, egoera desberdina da. 21 zinegotzi behar dira gehiengoa izateko: guk 14 ditugu, PSCk 11, PPk 9, ICVk 5 eta ERCk 2. Beraz, ERCren botoekin ez gara ezertara iristen. Bi bider eskaini diogu PSCri gobernuan sartzea, baina uko egin dio; eta ez dugu onartu PPren eskaintza. Horrenbestez, hainbat zailtasun ditugu gutxiengoan gobernatzeko, aurtengo aurrekontua konfiantza mozio baten bidez onartu behar izateraino. Hala ere, ikuspuntu ekonomiko batetik eta hazkunderako helburuei begiratuta, hiria ongi doala uste dut.

Azkenaldian bestelako albisteak ere heldu dira Bartzelonatik; besteak beste, Can Vies etxe okupatuaren eraisketa. Europako beste hiri batzuen antzera, Bartzelonan ere gentrifikazio prozesu bat gertatzen ari dela iradoki dute zenbaitek: espazio autogestionatu edo alternatiboak eraisten direla, modako gune elitisten mesedetan.

Ez, guk ez dugu horrelakorik egiten. Guk azpiegiturak eman egiten dizkiegu euren kabuz kudeatu nahi dituzten jende edo mugimendu horiei. Bartzelonan sekula ikusi gabeko zerbait egiten ari gara: erakundeei kudeaketa zibikoa eskaintzea. Sarritan, euren mundu ikuskera duten erakundeak dira, eta akordioak egiten ditugu haiekin. Oraingoz 40 lokal eman ditugu, eta beste hamar adjudikatuko ditugu aurki. Can Viesen arazoa da ez dagoela solaskiderik. Kasu berezia da, hura zuzentzen duen jendeak ez duelako inolako harremanik eduki nahi administrazioarekin; ez dute baimenik eskatu nahi eraikitzeko, ezta bizigarritasun zedularik ere, ura eta argindarra izateko... eta hori ezin liteke. Sistema bat lortu behar da, sistemaren aurkakoa den jende horrek ere akordioak egiteko modua izan dezan. Hori da Can Vieseko eztabaida nagusia. Autogestionatu nahi dutela? Oso ongi dago hori. Ezin daitekeena da legez kanpokoa izatea.

Ez zaitu kezkatzen herri mugimenduetako jende horixe bera izatea prozesu independentista bultzatzen ari den masaren oinarrian dagoena, eta gatazka horiek azkenean zuen kalterako izan daitezkeela?

Ez dakit zer esan nahi duzun. Ez dut uste Can Vieseko jendea independentista denik: hiriko mugimenduak dira, beste era batera bizi nahi dutenak. Horrek errespetu bat eskatzen du, baina baita gutxieneko baldintza batzuk betetzea ere. Can Viesen oinarrian dagoen eztabaida da ea legezko gutxiengo horiek betetzeko prest dauden edo ez. Eta hori oso konplikatua da, Can Vieseko nukleo gogorrak ez duelako boterea daukan inorekin hitz egin nahi. Ados: ez dezagun hitz egin, baina egin nahi dutena egin dezatela legezko bideetatik. Dena legez kanpo egitea ausartegia da. Nire ustez, hor dago igaro behar ez den marra gorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.