Estatuek klima larrialdiari aurre egiteko betebeharra dutela iritzi dio Hagak

Auzia aztertu duten Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileek aho batez hartu dute erabakia. Betebeharrei bizkar emateak ondorioak izango dituela iragarri dute; «erreparazio osoa», esaterako.

Epaileak, aretora sartzean. Eskuinetik hasita laugarren lekuan, iritzia plazaratu duen epailea, Iwasawa Yuki. LINA SELG / EFE
Epaileak gaur, aretora sartzean. Eskuinetik hasita laugarren lekuan, iritzia plazaratu duen epailea, Iwasawa Yuki. LINA SELG / EFE
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 23a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Estatuek klima larrialdiari aurre egiteko betebeharra dutela ondorioztatu du Nazioarteko Justizia Auzitegiak, eta hala egin ezean «erreparazio» zigorrak egon daitezkeela iritzi dio. Milaka begi zeuden jarrita gaur Hagan (Herbehereak), Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aretoan, hamabost epailek osatutako mahaiak eman behar zuen iritzia entzuteko, eta hainbat elkarte ekologistak eta gobernuz kanpoko erakundek «historikotzat» jo dute Iwasawa Yuji epaile japoniarrak bi orduz transmititu duen eta epaile guztiek aho batez babestu duten ustea.

Printzipioz, Hagak gaur esandakoa ez da loteslea, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak egindako bi galderari emandako erantzuna baizik, baina epaileek nazioarteko itunei buruz egin dituzten interpretazioak lehen urratsak izan daitezke etorkizunean estatuei kontuak eskatzeko, eta, nork jakin, konpentsazioak ere galdegiteko.

Lehenik eta behin, Yujik azkar batean esan du Nazioarteko Justizia Auzitegiak eskumena duela NBEko Batzar Nagusiak egindako galderei erantzuteko. Jarraian, epaileak nabarmendu du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak eginiko ikerketak hartzen dituztela oinarri gisa, eta klima larrialdiaren egoera zerrendatu du, abiapuntu bat ezarri nahirik. Analisi luze baten ostean, NBEko Batzar Nagusiak egindako bi galderak erantzuten hasi da. Lehena: «Zer betebehar dituzte estatuek klima aldaketaren inguruan?». Eta bigarrena: «Zer-nolako ondorio legalak izango dituzte estatuen ekintzek eta omisioek, klima sistemari edo ingurumenaren beste alor batzuei kalte handia eragiten badiete?».

Epaileek, Parisko Akordioez gain, nazioarteko beste hainbat itun hartu dituzte oinarri gisa: Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena, itsasoko zuzenbidea eta giza eskubideen legedia, esaterako

Bada, iritzi dio estatuek neurriak hartu behar dituztela berotegi gasak gutxitzeko eta klima aldaketara moldatzeko. Horrez gain, Iparralde Globaleko herrialdeek klima aldaketaren kontrako borrokaren lidergoa hartu behar luketela ere iritzi dio. Eta herrialdeek kooperatu beharra dutela esan du, borroka nork bere aldetik egitea baino eraginkorragoa dela iritzita. Horiek Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenaren araberakoak dira. Parisko Akordioak ere ikuskatu ditu Hagak, eta esan du estatuek neurriak hartzeko obligazioa dutela herrialde bakoitzak jarriak dituen helburuak betetzeko.

Gainera, epaileek identifikatu dituzten betebeharrak betetzen ez badituzte ondorioak izan ditzaketela nabarmendu du Yujik: «Legez kontrako ekintzak amaitzea, berriz gertatuko ez den bermea ematea, eta erreparazio osoa».

Parisko Akordioetatik harago

Hainbat herrialde, ekonomia industrializatuak dituztenak horietako asko, ez dira gustura izango gaur amaitu den prozesuarekin. Yujik horregatik hasi du prentsaurrekoa iritzia emateko eskumena duela nabarmenduz. Herrialde kutsatzaileenek darabilten argudio nagusietako bat Lex specialisdoktrina da, non dioten Parisko Akordioak (2015) lehenesten direla lege orokorragoen aurrean. Hau da, klima larrialdiaren aferan nazioarteko itun espezifikoena Parisko Akordioak direla, eta, beraz, herrialde horientzat itun hori dela estatuek klima aldaketari dagokionez zer betebehar dituzten neurtzeko marko esklusiboa.

NETHERLANDS JUSTICE
Hainbat pertsona gaur, Hagan, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren kanpoaldean, protestan. LINA SELG / EFE

Auzitegiak, baina, ebatzi du argudio horrek ez duela baliorik, argudiatuta Parisko Akordioek diotena eta nazioarteko legedia ez direla kontrajarriak. Beraz, aurrerantzean herrialderik kutsatzaileenek ezingo dute beren ardurei muzin egiten jarraitu klima akordioek babesten dituzten aitzakia erabilita.

Nazioarteko beste itun batzuek —Parisko Akordioak baino zaharragoak direnak gehienak— Parisko Akordioek baino zehatzago zerrendatzen dituzte estatuen betebeharrak. Horregatik, besteak beste, itun hauetan oinarritu dira epaileak iritzia emateko: Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena, Parisko Akordioak, Nazio Batuen Gutuna, Itsasoaren Eskubidearen NBEren Hitzarmena, giza eskubideen nazioarteko legedia...

Badira antzeko kasuak

Klima larrialdiaren eraginak handitu ahala, eta egoerari aurre egiteko ezintasunak bultzatuta, gero eta gehiago dira justiziara jotzen ari direnak. Izan ere, elkarte eta norbanako asko dira uste dutenak herritarrak klima larrialdiaren eraginetatik babesteko betebehar legalak dituztela haien herrialdeek, eta estatuetako, komunitateetako eta nazioarteko auzitegietan areagotzen ari dira halako kasuak. Azken ebazpena Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak eman zuen, uztail hasieran: ondorioztatu zuen klima suntsitzea giza eskubideak urratzea dela.

Epaileek emandakoa ez da ebazpen bat, iritzi bat baizik, baina aurrekari bat izatea espero da, etorkizuneko auziak ebazteko oinarri bat izango baita egin duten lege interpretazioa

Ebazpen hori Kolonbiak eta Txilek 2023an egindako eskari batetik dator; auzitegiak ebatzi zuen klima seguru bat izateko eskubidea giza eskubide bat dela. Horregatik, estatuek herritarrak babesteko betebeharra dutela ondorioztatu zuen. Eta betebehar horien barruan hainbat ardura egotzi zizkien auzitegiak herrialdeei; besteak beste, berotegi gasen emisioak murrizteko «premiazko neurri eraginkorrak» hartzea; anbizio handiko helburu klimatikoak ezartzea; ingurumen «kalte atzeraezinak» eragoztea; klima aldaketara egokitzea; nazioartean lankidetzan aritzea, eta herritarrak klima larrialdiari buruzko desinformaziotik babestea.

Nazioarteko auzitegi batek halako ebazpen bat eman duen bigarren aldia da; aurrez, 2024ko maiatzean, Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak ebatzi zuen —bereziki Itsasoaren Eskubidearen NBEren Hitzarmena oinarri hartuta— estatuek klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeko betebeharra dutela. Urte bereko apirilean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Suitzari egotzi zion klima larrialdiaren aurka behar beste ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.