Guadalupeko eta Martinikako hautesleek atzera bota zuten joan den igandean euren uharteen bilakaera instituzionala, eta gaur egun dauden bezala geratzea aukeratu zuten, departamendu eta eskualde gisa, hurrenez hurren. Hautetsi-biltzar bakarra izango zuen Itsasoz Haraindiko Erkidegoa bihurtzea oso gehiengo zabalez arbuiatu dute Guadalupeko hautesleek (botoen % 72,98) eta justu-justu, aldiz, Martinikakoek (bozen % 50,48). Oso alderantziz, berriz, Guadalupeko udalerri izatetik irten eta erkidego autonomo bilakatzea proposatuta zitzaien Saint-Barthelemy eta Saint Martin uharte txikietako botoemaileek, ordea, baietzerantzun dute: bozen % 95,51rekin lehenekoek eta % 76,17rekin bigarrenekoek.
Parisek kontsulta hau antolatu zuen Guadalupe eta Martinikako Departamendu eta Eskualde hautesien gehiengoak galdegin baitzien 2003ko martxoan Frantziako Kongresuak onartu zuen Konstituzioaren aldaketak zilegi egiten duen bilakaera instituzionala obratzea. Lege organiko hark Frantziako metropolioarekiko autonomia handiagoa ematen duen eta egungoak baino eskuduntza zabalagoez jabetzen den Itsasoz Haraindiko Erkidegoak eratzeko aukera zehazten du.
Kontsulta bat izanda, guadalupearren eta martinikarren jarrera aintzat hartzerat behartua ez zen arren, Parisek berehala jakinarazi zuen atzo ez duela legegairik moldatuko eta aurkeztuko Itsasoz Haraindiko Erkidego estatutu bat finkatzeko Frantziaren menpeko Antilletan. Itsasoz Haraindiko Lurraldeen Ministerioak, aldiz, zehaztu zuen prozesu hori abian jarriko duela Saint-Barthelemy eta Saint-Martin uharteetan. «Gobernuak paratuko ditu, beraz, Saint-Barthelemy eta Saint-Martineko erkidego berriak eratuko dituen legegaiak, hauek Konstituzioaren araberako estatutu berri bat eskura dezaten», zehaztu du Brigitte Girardin buru duen ministerioak.
«Tokian tokiko kontua»
Kontsultaz hasieratik erakutsi nahi izan duen neutraltasun itxurari eutsita, Parisko agintariek ez zuten zorionez ala zoritxarrez komentatu atzo Guadalupeko eta Martinikako hautesleen aukera. «Gobernuak esan du beti afera hau tokian tokiko kontu bat dela; emaitza hauek, beraz, lekuko hautetsiek aztertu behar dituzte, gure esku-hartze bakarra kontsultaren antolatzea izan baita», azpimarratu zuen atzo Girardinek.
Patrick Devedjian Tokiko Askatasunentzako ministrordea, berriz, honela mintzatu zen: «Emaitza hauek tokiko hautetsientzat muzin egite bat dira». Ezaren alde sutsu azaldu zen François Bayrou UDFko presidentea, berriz, poztu zen gertatuaz: «Hautetsiek argi ikusi dute anbiguotasuna, hots, lurralde estatutu bat bertan behera utziko zela, zehaztugabeko etorkizun batentzako».
BOZKETA FRANTZIAREN MENPEKO ANTILLETAN
Estatutu bilakaera arbuiatu dute guadalupear eta martinikarrek
Departamendu eta eskualde geratuko diren bi lurraldeetan abantaila sozialen galtzeko beldurra izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu