Estraditatzeko arriskuari ihes egin dio Borboikoak

Espainiako errege emeritua Dominikar Errepublikan dagoela zabaldu dute hainbat komunikabidek

2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako errege etxeak herenegun jakinarazi zuen Juan Carlos Borboikoa aurrerantzean Espainiatik kanpo biziko dela, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari izaten ari diren oihartzun publikoarengatik». Errege etxeak, ordea, ez zuen zehaztu nora joan zen Espainiako errege emeritua.

ABC eta La Vanguardia egunkariek atzo zabaldu zutenez, ordea, Dominikar Errepublikan legoke. Informazio horren arabera, igandean, Zarzuelako jauregitik Sanxexo (Galizia) aldera irten zen, eta handik Portora (Portugal), non Dominikar Errepublikarako hegaldia hartu zuen. Iturri horien arabera, egun Fanjul familiaren jabetza den hotel batean dago Espainiako errege emeritua.

Hala balitz, estradizioari izkin egin ahalko lioke Borboikoak. Izan ere, Dominikar Errepublikak Espainiarekin estradizio akordioa baduen arren, hitzarmenaren 10. artikuluaren arabera, ez da inor estraditatuko haren erantzukizun penala amaitu bada, izan karguek preskribatu egin dutelako, izan beste arrazoiren batengatik. Bestetik, hura ikertzen ari den Suitzaren kasuan, zigortutako dominikar edo suitzarrak estraditatzeko aukera soilik aurreikusten du akordioak; beraz, Borboikoari ez lioke eragingo.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteari kazetariek hainbatetan galdetu zioten errege emerituaren erabakiaren berri ba ote zuen. Sanchezek erantzun zuen errege emerituaren eta beraren arteko elkarrizketak, «diskretuak» direla, etaez dituela publiko egingo. Borboikoa non dagoen ez dakiela ziurtatu zuen.

Espainiako presidenteak «errespetua» agertu zion Errege Etxeak hartutako erabakiari, «eman duen mezuarengatik». Sanchezen esanetan, Errege Etxeak «distantzia» ezarri du errege emerituaren «ustezko jarrera salagarriekiko».

Presidenteak nabarmendu zuen Juan Carlos Borboikoaren erabakiak ez diola Errege Etxeari eragin behar. «Ez dira erakundeak epaitzen, pertsonak baizik». Espainiak bizi duen osasun eta ekonomia «larrialdi egoerak» erakunde «indartsuak» eskatzen dituela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.