Estrasburgok Italia zigortu du, etorkinak Libiara kanporatzeagatik

2009an nazioarteko uretan atzemandako berrehun etorkin bidali zituen Erromak Tripolira

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconiren gobernuak Italiara ez sartzeko etorkinei jarritako hamaika harresietako beste bat eraitsi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Estrasburgok Erroma zigortu egin du 2009an itsasoz iritsitako Somaliako eta Eritreako 200 immigrante kanporatzeagatik Libiara.Besteak beste, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua —tortura debekatzen duena— urratzea leporatu dio Europako Batasunak Erromari. Italiako Gobernuak 15.000 euro ordaindu beharko dizkie auzitegian salaketa jarri zuten 22 etorkinei, eta beste 1.575na euro eragindako kostuengatik. Berez 24 etorkinek jarri zuten salaketa, baina horietako bi hilda daude.

«Gobernuak ardura handiz aztertuko du epaia, eta gure immigrazio politikaren gaineko gogoeta eragingo du», adierazi du Andrea Riccardik, Nazioarteko Lankidetzarako ministroak. Hirsi auzia deritzote pozesu horri Italian. Izan ere, Hirsi Jamaak eta beste 23 etorkinek jarri zuten Italiaren kontrako salaketa Estrasburgon 2009an.

«Urte hartako maiatzaren 6an, Italiako Lampedusa uhartetik 35 miliara ontzi bat aurkitu zuten polizia italiarrek, nazioarteko uretan. Adingabeak zeuden tartean. Tripolira bidali zituzten etorkin guztiak, Poliziaren ontzietan, haien borondatearen kontra, aurrez identifikatu barik eta nora bidaliko zituzten jakin barik», azaldu du CIR Errefuxiatuentzako Italiako Kontseiluak. «Berrehun lagun horietatik 24—11 somaliar eta 13 eritrear—aurkitu zituen CIRek Libian, eta bi abokaturen bitartez Estrasburgoko auzitegian salaketa jartzeko aukera izan zuten».

Salaketa jarri eta bizirik jarraitzen duten 22 lagunak egoera ezberdinetan daude gaur egun. Errefuxiatu estatutua dute gehienek, eta Beninen, Maltan, Suitzan edo Italian bizi dira horietako asko; beste lau Libian bizi dira, beste bat Tunisiako Txutxako kartzelan dago, eta ez dago berririk beste bi laguni buruz. «[Europako herrialdeek] lehenengo bota egin zituzten, eta gero, babestu. Horrek agerian uzten du etorkinak kanporatzeko politikaren kontraesana eta zentzugabekeria», salatu du CIRek.

«Abisu garrantzitsua»

Gogoz kontra Libiara kanporatu ostean, etorkin gehienak hilabeteetan egon ziren kartzelan eta indarkeria eta tratu txarrak jasan zituzten, CIRen arabera. Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak, hain zuzen, etorkinak tratu txarrak jasateko arriskuan laga izana leporatu dio Erromari, baina baita Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 4. artikulua—etorkinak kanporatzea debekatzen duena— eta 13. artikulua—helegite eraginkorra jartzeko eskubidearena— urratzea ere.

Auzitegiko hamazazpi epaileek aho batez onartu dute epaia. «Libiarekin handik iritsitako etorkinak bueltatzeko sinatuta zeuzkan akordioak aipatu arren, Italiak ezin zuen bere erantzukizuna bazter utzi», nabarmendu du epaiak. Gainera, 2010ean UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Tripoliko bulegoa itxi ostean eta 2011ko otsailean Muammar Gaddafiren kontrako matxinada hasi ostean egoera okertu egin zela gogorarazi du ebazpenak. «Italiak bazekien, edo jakin behar zuen, ez zeukala bermerik kanporatutako etorkinen segurtasuna ziurtatzeko».

Bestalde, UNHCRek gogorarazi du 1.500 etorkin inguru hil zirela itsasoan iaz Italiara iristeko ahaleginean. NBEren erakundeak nabarmendu du Estrasburgoren epaia «abisu garrantzitsua» dela Europako estatuen «mugetako kontrolaren eta atzemateen inguruko legedientzat». 2009tik Berlusconik etorkinen kontra onartutako bi lege baliogabetu ditu auzitegi konstituzionalak, eta beste bat Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.