Estrasburgoko ustezko erasotzaileak bere kabuz jardun zuen, Frantziako Gobernuaren arabera

Poliziak hil egin du Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea. Estrasburgoko Meinau auzoan egindako operazio batean atzeman dute Cherif Chekatt 29 urteko gaztea, eta tiroz hil dute.

Poliziak, atzo, Neudorfeko operazioan. JEAN-MARC LOOS / EFE
2018ko abenduaren 14a
12:54
Entzun

Frantziako Gobernuak azaldu duenez, Estrasburgoko Gabonetako azokan hiru lagun hil zituen ustezko erasotzailea ez da gaizkile sare bateko kide, eta bere kabuz jardun zuen. Hala ondorioztatu dute polizia ikerketaren lehen informazioetan oinarrituta. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak adierazi du ez dagoela zantzurik ihes egiteko garaian inorren laguntza jaso zuela pentsarazi dezakeenik.

Hainbat polizia operazio egin zituzten atzo, eta horietako batean atzeman dute herenengungo erasoaren ustezko egilea. Neudorf auzoan galdu zuten Chérif Chekatten arrastoa astearte iluntzean, eta handik gertu atzeman zuten. 21:00ak aldera izan da, Neudorf ondoko Meinau auzoan. Poliziak tiroz hil du 29 urteko gaztea. Castanerrek ziurtatu du Chekattek egin ziela lehenik tiro poliziei, eta horiek erantzun egin ziotela beren burua babesteko.

Ministroaren esanetan, poliziaren lanari esker atzeman dute Chekatt. "Lehen unetik haren jatorrizko auzora bideratu da ikerketa". Gaineratu du Chekatt bertan gorde dela, ziurrenik, Estrasburgoko erasotik ihes egin ondoren. Xehetasunik eman gabe, adierazi du Neudorfetik igorritako informazio batean oinarritu zela polizia, atzo, inguru horretara helikoptero bat eta patruilak bidaltzeko.

Poliziak Chekatten gurasoak eta bi anaia atxilotu zituen erasoaren ostean, galdeketa egiteko. Bosgarren lagun bat ere atxilotu zuten; haren "gertukoa", Poliziaren esanetan.

Estrasburgoko erasoak lau hildako utzi ditu, Parisko Fiskaltzak emandako azken datuen arabera. Gainera, beste lagun bat hil ala biziko egoeran dagoela azaldu dute, eta beste lau lagunek jarraitzen dutela ospitalean.

Frantziako Barne Ministerioak asteazkenean baieztatu zuen "ekintza terrorista" izan zela Estrasburgoko Gabonetako merkatuan gertatutakoa, eta ustezko egiletzat jo zuen Chekatt. Poliziak azaldutakoaren arabera, fitxatuta zegoen, eta S fitxategian sartuta zeukaten; alegia, "terrorismoarekin" zerikusia izan dezaketela pentsatzen duten pertsonen zerrendan. Iturri horrek dioenez, Chekatt espetxeetara joan-etorrian ibili da Frantzian, Suitzan eta Alemanian, "ohiko delituengatik". Hain justu, Polizia bere etxera atxilotzera joan zen lapurreta baten egile izan zelakoan, betiere, Barne Ministerioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.