Etiopiako gerran espetxeratutako ehunka borrokalariren berririk ez dago

Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak kezkatuta daude isiltasunarekin

2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Iazko azaroan 2an eten zen Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen arteko gerra, herrialdearen iparraldean. Su etenarekin, liskarrak amaitu egin dira, TPLF gobernuaren «terroristen zerrendatik» atera dute eta atxilotu aurretik segurtasun indar federaletan zeuden tigre etniako kideak era masiboan askatu dituzte. Horrez gainera, Tigrayn behin-behineko administrazio bat ezarri dute, telekomunikazio eta garraio zerbitzuak berriro hasi dira martxan, eta, su etenean zehaztu bezala, eskualdeko indarrek arma gehienak entregatu dituzte.

Oraindik, ordea, ez daude argi gerrarekin loturiko xehetasun batzuk. Ez dago inongo berririk gudan atxiloturiko ehunka borrokalari eta beste gerra preso batzuen inguruan. Gobernuak, TPLFk, Amhara eskualdeko indarrek eta Eritreako indar armatuek ez dute daturik eman. Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak kezkatuta azaldu dira isiltasunarekin; «gardentasun falta» izatea egotzi diete agintariei. Fisseha Tekle AI Amnesty Internationalen aholkulari juridikoak Al-Jazeera hedabideari adierazi dionez, ezin izan dute informaziorik jaso kargurik gabeko atxiloketen etakartzela baldintzen inguruan. «Uste dugu Etiopia iparraldeko gerraren alderdi hori informazioari dagokionez zulo beltz bat dela».

Krisi humanitarioa

EPRS Europako Parlamentuko Ikerketa Zerbitzuaren arabera, gerra zibilaren eraginez hildakoak 600.000 baino gehiago izan daitezke. Horrez gain, hiru milioi pertsona inguru lekualdatu dituzte herrialde barnean edo inguruko herrialdeetara, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera; horietatik 70.000 inguru Sudanera joan dira. Hain justu, gerran dago Afrikako estatu hori; apirilaren 15ean piztu zen armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko liskarra.

Gainera, 5,7 milioi tigreren ia erdiak gosete larria ari dira jasaten. Gerraren ondorioek bereziki eragiten diete bertako haurrei, EPRSren esanetan. Bost urtetik beherako hiru haurretatik batek desnutrizio akutu larria du, milioi bat baino gehiagok ez du hezkuntzarik jasotzen, eta 9.000 gaztetik gora guraso edo zaintzailerik gabe geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.