Tribu beduinoen eta milizia drusoen arteko istiluek gutxienez 30 hildako eta 100 zauritu baino gehiago eragin ditu As-Suwayda hiri drusoan, Siria hegoaldean, Siriako Barne Ministerioak azaldu duenez.
Istiluak igandean hasi ziren, Damasko eta As-Suwayda arteko errepidean beduinoek merkatari druso bat bahitu eta bi egunera, BBCren arabera. Gertaera horren harira, ostiraletik drusoak beduinoak bahitzen hasi ziren; eta alderantziz, bertako hedabideen arabera. Igandean, istiluak «modu bortitzean» hasi ziren, Suwayda24 bertako hedabideak azaldu duenez, eta nabarmendu dute ondorio «odoltsu eta gogorrak» eragingo dituztela azkar amaitzen ez badira.
As-Suwayda hiria milizia drusoen kontrolpean dago. Siriako Gobernuko agintariak saiatu ziren beren indarrek eskualdean esku hartzeko negoziatzen, apirilaren amaieran haien eta drusoen artean izandako gatazkaren ondoren —Giza Eskubideen Siriako Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, ehundik gora hildako eragin zituen gatazkak—. Hala ere, «tokiko segurtasuna» tokiko indarren esku jarraitzea eskatu zuten lider drusoek.
Barne Ministerioak zabaldutako oharrean azaldu duenez, gatazkako eremuan gobernuko indarrik ez egoteak «kaosa areagotu du», eta «segurtasun falta eta tokiko komunitateak krisiari aurre egiteko duen ezintasuna» erakutsi ditu.
Gainera, Barne Ministerioak gaur iragarri duenez, bere unitateek, Defentsa Ministerioarekin koordinatuta, operazio bat hasi dute eskualdean, gatazka amaitzeko, segurtasuna bermatzeko eta gertakarien erantzuleak epaitzeko.