Etorkinen auzian elkarrekin lan egiteko deia egin dio Bidenek Trumpi

AEBetako presidente ohiak «inbasio» gisa definitu du etorkinen iritsiera, eta Biden jo du erantzuletzat.

(ID_13656280) USA JOE BIDEN MIGRATION
Joe Biden Brownsvillen, mugako kontrol gunean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 1a
15:30
Entzun

Joe Bidenek eta Donald Trumpek badakite migrazioaren auziak zer-nolako pisua izango duen datozen hauteskundeetan. Biek bisitatu dute Mexiko eta AEB Amerikako Estatu Batuen arteko muga gaur, Euskal Herriko ordu txikietan. Bidenek berarekin «bat egiteko» eskatu dio Trumpi, elkarrekin immigrazio legea aurrera ateratzeko. Presidente ohiak, ordea, Bidenen politikak kritikatu ditu, eta immigrazioa «inbasiotzat» eta etorkinak «gerlaritzat» jo.

Texas estatua hautatu dute biek ala biek. Presidentea Browsvillen izan da, Rio Grande ibaia –Rio Bravo deritzo Mexikon– itsasoratzen den lekutik gertu. Estatuburu ohiak ere ibai horren beraren ertzeko hiri bat bisitatu du, 500 bat kilometro mendebalderago dagoen Eagle Pass, eta Greg Abbott Texaxeko gobernadorearekin batu da han. Gobernuburuak Browsville hautatu izana ere kritika iturri izan da. Errepublikanoek Bideni leporatu diote azkenaldian etorkin kopurua apaldu den ingurunea bisitatzea. Presidenteak pasabide jendetsuagoren batera joan beharko lukeela azaldu dute. Gobernuak, aitzitik, azaldu du Mexikoren eta Bidenen arteko lankidetzaren erakusle dela Brownsville.

Etorkinen auzia AEBtako biztanleen kezka nagusietako bat da, eta funtsezko gaia izango da azaroko hauteskundeetan. Hain zuzen, Bidenen agintaldiko ahulguneetako bat bihurtu da Mexikotik muga zeharkatzen dutenen kopurua. Kritikak egin dizkiote horregatik, bai errepublikanoen eta bai demokraten artean. Auzia konpondu nahian, otsailaren hasieran immigrazio legearen proposamena aurkeztu zuten Senatuan. Azkenean, baina, ez zuen aurrera egin. Errepublikanoek argudiatu zuten ez zela behar bezain gogorra. Horrekin lotuta, gaur Bidenek nabarmendu du lege horrekin aurrera egin behar dela, eta Trumpi eskatu dio proposamena ez «blokeatzeko»: «Politikarekin jolastu ordez, bat egin dezagun, nik zurekin edo zuk nirekin».

Hasieran, Ukraina, Israel eta Taiwanentzako laguntzak handitzea zuen helburu lege proposamenak. Trumpek alderdikoek, baina, Estatu Batuetako mugetako segurtasuna indartzea eskatu zuten lege hori onartzeko baldintza gisa. Horrela egin zuten proposamena, baina oraingoz ez du aurrera egin. Bidenek behin eta berriro esan du lege horrek zer onura ekarriko lituzkeen: «Nazioa seguruago egingo luke, gure muga babestuko luke, eta pertsonak modu gizatiarrean tratatuko lituzke. Gainera, legezko migrazioa ere bermatuko luke». Browsvilleko pasabideko kontrol postua bisitatu ostean gogorarazi du mugako segurtasunerako baliabide gehiago behar dituztela.

Bitartean, Donald Trumpek etorkinen aurkako adierazpenak egin ditu Eagle Passen. Immigranteen iritsierak «operazio militar bat» dirudiela adierazi du, eta etorkinak «gerlariak» iruditzen zaizkiola. «Inbasio» hitza ere behin eta berriz erabili du, eta Biden egin du krisiaren erantzule. Migrazio tasen gorakada eta delinkuentzia kasuak ere lotu nahi izan ditu: «Hauek dira gure herrialdera datozenak: kartzeletatik datoz, espetxeetatik, eroetxeetatik; eta terroristak dira». Presidente ohiak zin egin du kargura helduz gero neurri gogorrak hartuko dituela etorkinik iritsi ez dadin. Besteak beste, paperik gabe iritsitakoak masiboki kanporatuko dituela esan du.

Texasko legea, geldiarazita

Trumpen ildo berekoa da Greg Abbot Texasko gobernadorea. Immigrazioaren auzian, behintzat, antzeko ideiak dituzte, eta gobernadore errepublikanoak urrats dezente egin ditu auzi horretan. Migrazio lege gogor bat onartzea izan zen azkena. Lege horrek modua emango lieke funtzionarioei legez kanpo sartzen diren etorkinak atxilotu, auzipetu eta deportatu ahal izateko. Araua datorren astelehenean zen indarrean sartzekoa, baina epaile batek bertan behera utzi berri du.

AEBtako gobernuak urtarrilaren hasieran salatu zuen Texas estatua lege horrengatik. Justizia Departamentuak argudiatu zuen neurria «konstituzioaren aurkakoa» zela. Oraingoan, epaile batek jo du araua konstituzioaren aurkakotzat, agentzia federalei dagozkien eskuduntzak ematen baitizkie tokiko agintariei. AEBtako Askatasun Zibilen Elkarteak jarri zuen salaketa, legeak arrazagatiko diskriminazioa eragingo zuelakoan, hispanoekikoa bereziki.

Erabakiaren berri izan bezain laster, Texasko gobernadoreak adierazi du helegitea jarriko diola epaiari. «Biden presidenteak ez duenez betetzen gure estatua hegoaldeko mugatik jasaten ari den inbasiotik babesteko beharra, Texasek defendatzeko eskubidea dauka», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.