Aita Nagybocsai Sarkozy Pal hungariarraren eta ama Andree Mallah greziar judu jatorrikoaren semea guraso atzerritarrak dituen Frantziako lehenengo presidente bihurtu zen 2007an. Bi aldeetatik da etorkinen semea Nicolas Sarkozy kontserbadorea, baina, konbertituaren amorruz, etorkinen kontrako diskurtsoa gogortu du bigarren itzulirako azken txanpan, ultraeskuindarren botoaren arrantzan.
«Etorkin gehiegi daude Frantzian. Gure gizarteratze sistemak ez du funtzionatzen. Zergatik? Jada gure lurraldean zeuden etorkinen gizarteratzea lortu baino lehenago etorkin gehiago iristen zirelako». Immigrazioa erabat mugatzearen kontra dagoela argitu badu ere, zera nabarmendu du: «Jaso dezakegunbaino jende gehiago gonbidatzen badugu, integrazioak huts egiten du. Ez daukagu behar adina etxebizitza, behar adina eskola eta ezta behar adina lan ere».
Beste gizarte eredu bat
Parisko Eiffel dorrearen gerizpean bildutako milaka jarraitzaileren aurrean, abertzaletasunaren bandera astindu du Sarkozyk, Frantziako kultura, historia, frantses hizkuntza eta, besteak beste, Charles De Gaulle jenerala, Joana Arcekoa, Napoleon, Moliere eta Voltaire goraipatuz. Frantziaren «ondare kristauaren» defentsa sutsua ere egin du. «Inork ez gaitu gure sustrai kristauak ukatzera behartuko». Konbertituaren amorrua, beste behin.
Bere aldeko botoa eskatzeko, François Hollanderen kontra egin du, haren garaipenak Frantzia Espainiaren edo Greziaren egoerara eramango lukeela esanez. Sindikatuei ere, «bandera gorria» laga eta «hiru kolorekoari» —Frantziakoari— heltzeko eskatu die langileen egunean. «Ez dugu sozialismorik nahi».
«Beste gizarte eredu bat» ezarriko duela hitzeman du hautagai kontserbadoreak. Soldaten igoera eta lanaren kostuen murrizketa izango dira bestelako eredu horren oinarria, Sarkozyren arabera. «Horixe da datozen bost urteetarako erronka handia».
Etorkinen semea, etorkinen kontra
Sarkozyren arabera Frantzian «etorkin gehiegi» daude, eta gizarteratze sistemak ez du funtzionatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu