Karabakh Garaia

Etorkizunean zer-nolako erlazioa izango duten definitzen hasi dira Erevan eta Baku

Azerbaijango eta Armeniako ordezkariak Europar Kontseiluko buruzagitzarekin bildu dira, Bruselan Armeniako oposizioa ez da fiatzen Paxinian lehen ministroak zer negozia dezakeen

Karabakh Garaitik ebakuatu dituzten armeniar batzuk Kornidzorrera (Armenia) iristen, atzo. EFE
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 26a
10:23
Entzun

Karabakh Garaiko errepublikarenak egin du, eta, orduan, elkarren arteko harremana berriro definitu beharko dute Azerbaijanek eta Armeniak. Horiek horrela, bi herrialdeetako gobernuetako ordezkariak Bruselan batzartu dira, gaur, Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen aholkulari diplomatiko nagusiarekin, Simon Morduerekin. Hala jakinarazi du Michelen bozeramaileak. Aintzat hartu behar da, horrekin lotuta, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinian eta Azerbaijango presidente Ilham Aliyev Granadan (Espainia) biltzekoak direla datorren urriaren 5ean, eta Frantziako eta Alemaniako goi agintariek ere parte hartuko dutela bilera horretan.

Baina Armeniako oposizioak nahi du Paxinian ez joatea batzar horretara; hau da, kargugabetua izan dadila hori egin baino lehen. «Inork ez daki Armeniarentzako zein dokumentu zorigaiztoko sinatzeko prest dagoen. Ezin dugu baimendu», adierazi zuen Andranik Tevanian oposizioko buruzagietako batek, atzo, Erevan hiriburuan egindako mitin batean. Paxiniani egozten diote Karabakh Garaiko armeniarren defentsan ez atera izana.

Ikusi gehiago: Karabakh Garaiak men egin die Azerbaijanen eskariei, su etena adostearen truke

Oposizioak deituta, protestak egiten ari dira irailaren 19tik, Azerbaijanek Karabakh Garaian —aurreko astera arte, 120.000 bat armeniar bizi ziren han— operazio militarra egin zuenetik, baina Paxinianen kontrario politikoek onartu dute mobilizazioak ez direla behar bezain handiak izaten ari —200 lagun inguru atxilotu dituzte—. «100.000 pertsona aterako balira, poliziek ere bat egingo lukete», esan dio Eduard Xarmazanov parlamentuko presidenteorde izandakoak, hango hedabide bati.

68 lagun hilik leherketa batean
Operazioaren biharamunean, Karabakh Garaiak men egin zien Azerbaijanen eskariei, eta su etena adostu zuten. Hauek dira eskariak: Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea; Armeniako armadako militarrak handik erretiratzea; eta Karabakh Garaiak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena —1991n egindakoa—, eta Azerbaijanen parte dela onartzea. Azken hiru hamarkadetan izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto, nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu. Aurrerantzean, Azerbaijanen kontrolpean geratuko da.

Ikusi gehiago: Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Paxinianek uste du han bizi diren armeniarrak «garbiketa etnikoa» nozitzeko arriskuan daudela. Horregatik, joan den igandetik ari dira herritarrak Armeniara ebakuatzen. Erevanek atzo jakinarazi zuenez, jada 28.000 pertsona inguru iritsi dira hara —ia populazioaren laurdena—. Horren harira, gaur, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Shabia Mantook eskatu du berma daitezela ihesean doazenen «giza eskubideak eta segurtasuna». Azerbaijango eta Karabakh Garaiko ordezkariak atzo batzartu ziren, eta adostu zuten laguntza humanitarioa bideratzea, osasun zerbitzuak hedatzea eta oinarrizko zerbitzuak eta azpiegiturak berrezartzea eremu horretan (4.400 kilometro koadro). Bakuk hitzeman du, gainera, hango armeniarren eskubideak errespetatuko dituztela. Karabakh Garaiko iturrien arabera, Azerbaijanek egindako operazio militarrean 200 bat pertsona hil zituzten —tartean, dozena bat inguru zibil—, eta 400 bat zauritu.

Bestalde, atzo gauean, erregai biltegi bat lehertu zen Karabakh Garaiko hiriburu Stepanakertetik gertu, eta, horren ondorioz, gutxienez 68 pertsona hil dira, eta 290 zauritu. Eztanda zerk eragin zuen ikertzen ari dira. Armenpress berri agentziak kaleratu zuenez, biltegiaren inguruan hainbat auto zeuden, barruan Karabakh Garaitik alde egin nahi duten herritarrak zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.