Etxe berria gobernatzen

Bost urte dira Kosovok independentzia aldarrikatu zuenetik; muga berrien barruan ere baditu, ordea, arazoak konpontzekoKosovo burujabeak Mendebaldearen babesa dauka; ez, ordea, Txina eta Errusiarena

Etxe berria gobernatzen.
Samara Velte.
2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hamarkada erdi bat igaro da Kosovo ate danbateko batez Serbiaren teilatupetik atera zenetik. Belgradoren menpe bizi nahi ez zuen gehiengo etniko albaniarraren eskaerak aintzat hartuta, aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen Kosovoko Parlamentuak 2008ko otsailaren 17an. Ordutik, burujabetzarako bidean urratsak egiten aritu da, ez zailtasunik gabe: auzokoarekin apurka baino ez da ari bakeak egiten, nazioarteak aitortzaren eta bazterketaren arteko linbo batean dauka oraingoz, eta nahikoa lan badu bere etxea gobernatzen.

Albaniarrentzat, onerako izan da aldaketa. Apurka bada ere, azpiegiturak hobetzen ari dira, baita funtzionarioen soldatak eta pentsioak ere. Hala ere, Kosovoko ekonomia nekez baino ez da ari aurrera egiten. Per capita errentak gora egin du, baina oraindik Balkanetako herrialdeen artean baxuenetakoa da. Langabezia datu ofizialek diote herritarren %40k baino gehiagok ez dutela enplegurik, eta duela bi urte langabeak %47 baziren ere, datua altuegia da oraindik, eskualde eta adin tarte jakin batzuetan batez ere. Kosovoko biztanle gehienak gazteak dira —herritarren %65ek 30 urte baino gutxiago dituzte—, eta horien artean lautik hiru daude langabezian.

Hainbat ustelkeria kasuk ere zikintzen dute Kosovoren etxe berria. Azken urtebetean, lehen ministrordea eta bi ministro ohi auzipetu dituzte diru garbiketa eta eroskeria leporatuta; Banku Zentraleko presidente ohia ere ikertu zuten halako auzi batengatik. Inkesten arabera, Kosovoko herritarren kezka nagusietako bat da gai hori, eta ez dute fede handirik Kosovoko egonkortasuna bermatzeaz arduratu behar zuen Europako Batasunaren Eulex misioan.

Pobreziatik ihes egiteko aukera askorik ere ez. Oraingoz, Europako Batasunak ez du Kosovorekin bisarik gabeko mugikortasun libreko akordiorik egin, eta horrek nabarmen zailtzen ditu kosovoarren emigratzeko aukerak.

Estatu gaztea Munduko Bankuko eta NDF Nazioarteko Diru Funtseko kide da dagoeneko, baina itxiak ditu oraindik nazioarteko hainbat erakundetarako ateak. Munduko herrialdeak ere ez baitira ados jarri Kosovoren independentziaren inguruan. Mendebaldeko potentzia nagusiek eta Europako Batasuneko estatu gehienek aitortzen eta babesten dute estatu gisa. Mundu mailan, ordea, gehiago dira haren burujabetza zalantzan jartzen dutenak: oraingoz, NBE Nazio Batuen Erakundea osatzen duten 193 estatuetatik 98k aitortu dute ofizialki Kosovoren independentzia. Tartean daude beto eskubidea duten bi herrialde: Errusia eta Txina.

Europara edo Errusiara

Kosovoren independentziak hasieratik izan du Mendebaldearen sinadura. AEBetako eta Europako hainbat enpresak dihardute han, eta azpiegitura handien finantzaketa ere NDFk babesten du. Besteak beste, horregatik egin du Errusiak Serbiaren alde Kosovori dagokionez.

Belgradek legez kanpokotzat jotzen du Kosovoren independentzia, baina azken hilabeteotan Pristinarekin negoziatzea onartu du arlo batzuetan, Europaren presioei men eginez. EBn sartzeko, besteak beste, baldintza hori jarri baitzion Bruselak. Horrela adostu dituzte aduana eta mugetako zenbait itun, baina desadostasun handiak dituzte Kosovo iparraldeko Mitrovica, Zvecan, Zubin Potok eta Lepsavic eskualdeei dagokienez. Horietan, herritarren gehiengoa ez da albaniarra, serbiarra baizik. Pristinak independentzia aldarrikatu zuenean, Belgraden alde egin zuten haiek. Iazko otsailean, berriz, erreferenduma egin zuten lurralde horietan, Kosovoren independentzia onartzen zuten edo ez erabakitzeko. Galdeketa ez zen erabakigarria; emaitza, bai, ordea, esanguratsua: %99,74k ezetz bozkatu zuten.

2011ko udan inguru horretan sortutako istiluen ondotik erabaki zuten erreferenduma egitea, Kosovok Polizia bertara bidali zuenean muga zaintzera. Ordura arte, inork ez zeukan erabat lurralde horren gaineko kontrola: administratiboki, Serbiaren eskumenetik at zegoen, baina Kosovoko albaniarrik ere ez zuten onartzen bertakoek; eta NATOk han dituen indarrek ere ez dute aginterik. Praktikan, Pristinarekiko independenteki funtzionatzen du eskualde horrek, neurri handi batean Serbiari eta hango kontrabandoari esker. Bien bitartean, administrazioak ahaztutako lurraldea da, Kosovoko pobreenetakoa.

Harremana txarra da Kosovo iparraldeko serbiarren eta beste lekuetako albaniarren artean. Ironikoki, estatu berriaren mugak «zatiezinak» direla defendatzen du gobernuak. Nazioartetik, bietariko presioa dute bi estatuek: batzuek iparraldeko lurraldeei autonomia gehiago emateko eskatzen diote Pristinari; besteek, aldiz, Kosovo bere horretan manten dadila, independentzia aldarrikatu zuen bezala.

Balkanetako herrialde gehienak, tartean Albania, Mazedonia eta Montenegro, Kosovo etnikoki banatzearen aurka azaldu dira, horrek eskualdea desegonkortuko lukeela argudiatuz. Izan ere, Balkanetako herrialde gehienetako egitura politiko-administratiboek ez dute bat egiten estatuetako banaketa etnikoarekin. Mazedonian, esaterako, hiru herritarretik bat albaniarra da; Bosnian, berriz, %37 albaniarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.