Kanpaina amaitu da. Ahaztu kanpainaz. Orain, beste Donald Trump bat agertu da kameren aurrera, adeitsua, Barack Obamaren «aholkuak entzuteko desiratzen» dagoena. Hamar edo hamabost minutukoa behar zuen Etxe Zuriaren trantsiziorako lehen bilerak, atzokoak, baina ordu eta erdi iraun zuen, «eta askoz luzeagoa izan zitekeen». Trumpek esana. «Ohore handia izan da zu ezagutzea, eta ohore handia izango da zurekin askotan egotea». Trumpek esana hori ere.
Etxe Zuria uztera doan presidente orok etorriko denari ateak zabaltzen dizkio, eta zorte ona opatzen. Obamak ez zuen gutxiago egin, baina testuingurua ezagututa, zaila da esandakoak sinisten dituela pentsatzea: «Indarberritua» sentitu da, Trumpekin izan duen elkarrizketaren ondorioz, eta «edozertarako» bere laguntza eskaini dio: «Nabarmendu nahi dut, presidente hautatu berri, gure esku dagoen guztia egingo dugula arrakasta izan dezazun, zuk arrakasta baduzu herriak ere hala izango duelako. Uste dut garrantzitsuena batasuna dela, elkarrekin lan egitea, dauzkagun erronkei aurre egiteko. Berdin dio errepublikano edo demokrata izan».
Zulo batetik ikustekoak izango ziren biak. Nolakoa izango ote zen benetan bilera: Obamaren herritartasuna zalantzan jarri zuenaren eta Etxe Zurirako entrenamendua falta zaiola uste duenaren artekoa. Kanpora begirako eszenifikazioa eginda, hamar aste dituzte orain, bilera itxietarako.
Barrurako gorde dituzten amorruak, ordea, Etxe Zuritik kanpo azaleratu dira. Milaka lagunek protestan egin diote Trumpi harrera, Washingtonen, eta bozez gero hiri askotan izan dira manifestazioak: New York, Filadelphia, Boston, Seattle, Portland, Oregon, Chicago, San Frantzisko, Ockland, Los Angeles eta gehiagotan. Trumpek ez dituela ordezkatzen esatera atera dira, migratzaileen, eskubide zibil ororen alde egiteko daudela kalean. Hainbat hiritan istiluak ere izan dira, New Yorken esate baterako. 65 pertsona atxilotuak zituzten atzoko.
Trumpek zaila izango du su gehiago ez piztea, baina saiatzen ari da hauteskundeen ondoren. Astearte gauera arte bor-bor egiten zion Twitterreko kontuak; orain, isilik dago. Kanpainako taldeak kontu bat ireki du @transition2017 erabiltzailearen izenean, mezu hau emanez: «Elkarrekin lan eginez, gure nazioa lehenbailehen eraikitzeko premiari helduko diogu, amets amerikarra berritzeari». Estatubatuarren eskura jarriko dute informazioa atari batean, Obamaren eta Trumpen administrazioen arteko botere aldaketaren prozesuaz. Trumpen atarian aldaketa esanguratsu batzuk egin dituzte, deigarriena, musulman etorkinentzat propio zeukan proposamena kendu izana: AEBetan sartzeko debeku absolutua defendatzen du orain arte, gartsuki.
Makineria, martxan
Presidentearen eta presidente hautatu berriaren azpiko makineria errepublikanoa eta demokrata ere lanean hasi dira. Batetik, Joe Biden presidenteordeak eta Mike Pence presidenteorde izango denak hitz egn zuten. Pence da, oraingoz, Trumpen taldeko izen ezagun bakarra, eta nabarmentzeko moduko curriculuma dauka. Aipagarrietako bat, hauxe: Indianako gobernadore zela, lege bat egin zuen saltegietako jabeek aukera izan zezaten lesbiana eta gay bikoteei sartzen ez uzteko. Protesten ondorioz, atzera egin behar izan zuen. Bere burua honela definitzen du Pencek: «Kristaua lehenik, kontserbadorea gero, eta errepublikanoa azkenik». Lehen, katolikoa zen; orain, ebanjelista da.
Pence Paul Ryanen laguna da, Ordezkarien Ganberako presidentearena. Trumpek eta Ryanek ere bilera egin zuten atzo, legebiltzarkideen agenda zehaztuz joateko. Pencen bitartekaritza lana garrantzitsua izango da Trumpen eta Ryanen etsaitasuna baretzeko. Ryanek babesa kendu zion Trumpi, emakumeen kontrako adierazpen iraingarrien bideoa kaleratu ondoren.
Buruzagi errepublikanoekin batera, gertukoekin ere ari da lanean Trump. Gobernukide izan daitezkeenen izenak ateratzen ari dira: Rudolph Giuliani New Yorkeko alkate ohia eta Newt Gringich Ordezkarien Ganberako presidente ohia ditu zerrendan. Kanpainaren babesle indartsuenetakoa izan da Giuliani, Amerikako Alkatea, munduan ezagun egin zena 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorena kudeatu zuen moduagatik. 2002tik segurtasun enpresa baten jabea da, eta errepublikanoen kanpainen babeslea. Gringich, berriz, Bill Clintonen presidentetzaren azken sasoian izan zen Ordezkarien Ganberako presidente, eta hura izan zen Clintonen inpugnazio prozesuaren bultzatzaileetakoa, Monica Lewisnky bekadunaren auziaren harira.
AEBetako hauteskundeak. Biharamuna
Etxe Zurirako trantsizioa hasi da, kanpainako arantzak barruan gordeta
Trump eta Obama, kanpainako amorru giroa atzean utzita, prest agertu dira botere aldaketa elkarlanean egiteko. AEBetako hiri nagusietan protestak egin dituzte hauteskunde gauaz geroztik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu