Etxea nire, giltza zure

Argentinako lurren %10 atzerritarren esku daude gaur egun, eta natur baliabide preziatuen eremu dira horietatik gehienak; egoera aldatzeko neurriak eztabaidatzen ari da asteotan Legebiltzarra.

Gorka Berasategi Otamendi.
Buenos Aires
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Argentina salgai dago». Hala diote Argentinako lurren salmenta politika salatzen dutenek. Azken urteetako erabakien ondorioz, lurren %10 atzerritarren esku daude. Hau da, Euskal Herria halako hamar kanpotarrena da. Gainera, baliabide estrategikoei dagozkien lurrak direla kontuan hartuta, horiek biltzen duten boterea esanguratsuagoa bihurtzen da.

Salmentak kolpetik egin zuen gora 90eko hamarkadan, Carlos Menem presidente ohiak atzerriko kapitala «soberan dagoen lurra» erostera gonbidatu zuenean. Lurraren prezio baxuak inbertsiogileak erakartzen lagundu zuen. Horrez gain, kontrol neurriak eta legedi zorrotzak baztertuz, estatuko erakundeek salmenta errazteko beharrezko prestutasuna adierazi zuten. Azken urteetan, beraz, nazioarteko hainbat enpresak ez diote izkin egin Menemek eta ondorengo presidenteek egindako gonbitari, eta herrialde osoan lur sail erraldoiak saldu dira. Batez ere, petrolioa, gasa, ura, meak eta lur sail emankorrak dauden tokietan.

Joera horrek ez du etenik izan azken urteetan, eta atzerritarrei Argentinako lurretan inbertitzeko egiten zaie dei, etxe agentzien webguneetatik eta AEBetako eta Erresuma Batuko egunkarietako iragarkietatik. 2006ko urtearen amaieran 400.000 km koadro zeuden salgai.

Egoerak zenbait sektore politikoren eta nekazaritza elkarteren errezeloa piztu zuen hasieratik. Hogei urteotan lurren atzerriratzearen kontrolerako hainbat lege proiektu bazterreratu dituzte agintariek. Aldarrikapena, ordea, ez da bertan behera geratu, eta egungo politikarekin kritikoak diren taldeek eztabaida berriz ere agenda politikoan txertatzea lortu dute. Ondorioz, Legebiltzarra bi lege proposamen aztertzen ari da asteotan. Bata, Argentinako Nekazarien Federazioak oposizioko zenbait diputaturen laguntzaz landutako proiektua, eta, bestea, gobernuko alderdiak osatutakoa. Pablo Orsolini UCR oposizioko alderdiko kidearen ustez, «subiranotasun kontua» da gaia, «lur sailen azken erosketak ez baitira helburu produktiboarekin egin, estatuarentzako estrategikoak diren baliabideak kontrolatzeko baizik».

Lurjabe aberatsak

Lurren atzerriratzearen inguruan egin diren ikerketek salmenta operazioen tamaina irudikatzen laguntzen dute. Patagonia saldua (Gonzalo Sanchez) eta Lurrak S.A. Hildako nazio baten kronika (Andres Klipphan y Daniel Enz) lanetan xehetasunez aipatzen dira zein lur mota eskuratu dituzten Argentinako eremuetan inbertitu dutenek.

Ikerketa horiek adierazten dutenez, Argentinako lurjaberik handienak munduko gizon aberatsenen zerrendan agertzen dira, eta, herrialdera iritsi bezain pronto, irudi filantropikoa lantzen saiatu dira iritzi publikoaren aurrean. Jabe berrien diskurtsoak eta opariek batzuen oniritzia ekarri dieten arren, biztanleriaren zati bat lurraldean izan ditzaketen ezkutuko interesen beldur da.

Benetton familia italiarraren kasua da ezagunena. Argentinako lur eremu pribaturik handienaren jabe da sendia (10.000 km koadro, Nafarroa Garaiko azalera). Patagonian ekoizten duen artilea merkaturatzen du. Inguruko herrietan liburutegia, gimnasioa eta anbulantziak eman ditu opari. Estatua iristen ez den tokietara heldu da hark emandako laguntza, eta herritar askoren onarpena jaso du trukean. Maputxeen lur aldarrikapenekin, ordea, talka egin du. Benettonek dituen lurrak aberatsak dira petrolio eta gas kopurutan.

Douglas Tompkins estatubatuarrak Txilen eta Argentinan erosi zituen lurrak (9.000 km koadro guztira). Elkarte ekologiko baten buru da, eta erositako eremuak natura babesteko direla dio Tompkinsek. Patagonian dituen lurrak aberatsak dira gas, petrolio, mineral eta ur gezan. Argentinako ipar-ekialdean, berriz, natur parke garrantzitsuenetako baten jabe da, Iberako zingira izenekoa. Hain justu, ur eremu guaraniarrean kokatua dago zingira, munduko ur geza erreserbarik handienetakoan.

Joseph Lewis, Planet Hollywood eta Hard Rock Cafe kateen sortzaileak Patagoniako hainbat ibai jaiotzen diren lurrak erosteko kudeaketak abiarazi zituen, eta Escondido lakuaren inguruko eremuaren jabe da. Lewisek ere ur geza kopuru handien gaineko kontrola du bere lurretan.

Ekoizpen tradizionala

Badira ekoizpen eredu tradizionalagoarekin Argentinara etorri diren lur erosleak ere. Oro har, esplotazio intentsiboko jarduerak dira, eta eragin nabarmena dute kokatzen diren lurraldeetako bizilagunengan. Dela sortzen dituzten lekualdatzeengatik, dela industriak sortzen duen kutsadurarengatik.

Esaterako, herrialdearen ipar-mendebaldean AIG multinazionalak Saltako probintziaren %7 du berea. AIGk, beste enpresa batzuen gisara, Saltako oihanak desagerrarazi ditu. Zuhaitzen ordez, sojaz landatutako zelaiak daude orain, eta hainbat talde indigena (wichiak, tobak eta diagitak) beraien bizitokietatik indarrez kanporatu dituzte.

Oraingoz Argentinak ez du lurren salmenta mugatzen duen legedirik, eta kanpoko kapitalak ez du oztoporik. Babes ekologikoa duten lurrak saldu dira, estatuarentzako baliabide estrategikoak dituzten eremuak utzi dira kanpotarren esku eta segurtasun nazionalerako garrantzitsutzat jo izan diren lurrak saltzeko ere ez da izan eragozpenik. Legebiltzarrak erabaki beharko du orain lur salmentari mugarik ezarriko dion ala merkatuak libre jarraituko duen, arriskuak arrisku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.