Terrorismoaren aurkako borrokan aritzen diren poliziek hainbat etxe eta bulego miatu zituzten atzo Turkian: Istanbulen 62 lagun atxilotu zituzten, eta Ankaran 20 baino gehiago, Barne Ministerioak onartu duenez. Komunikabideek 100 atxilotu baino gehiago aipatu dituzte. Gobernuaren kontrako protestetan parte hartzea leporatzen diete atxilotuei. Miatu dituzten egoitzen artean, Atilim egunkariaren eta Etkin News agentziaren bulegoak daude.
Recep Tayyip Erdoganen gobernua, bestalde, Interneten sare sozialen erabilera mugatzeko moduak aztertzen ari da. Hurriyet egunkariak argitaratu duenez, Justizia Ministerioa krimen zibernetikoei buruzko lege proiektu bat lantzen hasia da. Twitter eta Facebook aski erabiliak izan dira protestetara deitzeko, eta gobernuaren sail bat bost milioi mezu aztertzen ari da dagoeneko.
'Egonean daudenak'
Istanbulgo Taksim plaza eta Gezi parkea Poliziak jendez hustu ondoren, protesta molde berri bat indarra hartzen hasi da Turkiako hainbat hiritan: Egonean daudenak. Erden Gunduz artista eszenikoa izan zen lehena, astelehen gauean, Taksim plazan. Poltsa lurrean utzi eta geldi-geldirik geratu zen plazan, Ataturken argazki erraldoiari eta Turkiako banderei begira, hitzik eta ikurrik gabeko protestan. Jende gehiago haren gisan jarri zelarik, Poliziak atxiki egin zituen, baina gutxira aske utzi zituzten.
Egonean daudenak hamarka ziren atzo Taksimen, eta Ankarako Kizilay plazan, edo Esmirako Gungodgun. Muammer Guler Barne ministroak esan du Poliziak ez duela gisa horretan protesta egiten dutenen kontra joko, istilurik sortzen ez den heinean.
Etxez etxe jendea atxilotzen hasi dira Turkian, protestak gelditzeko
Sare sozialen erabilera mugatzeko neurriak aztertzen ari da Ankara, eta bost milioi mezu aztertzeari ekin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu