Pakistango hainbat eskualdetan otsailaren hasieratik izan diren euriteek eta elurteek eta horiek eragindako uholde eta luiziek 650 pertsonaren heriotza eragin dutela zehaztu zuten atzo agintariek. Hildakoen kopuru itzel horretaz gain, 2.000 herritar inguru desagertuta daudela eta beste 40.000 baino gehiago euren biziguneetatik ihes egin beharrean izan direla jakinarazi zuten. Hondamen naturalak, gainera, 98.000 hektarea lur sail hondatu egin dituzte, ehunka mila biztanleren diru iturri nagusiak suntsituz.
Pakistango eskualde zabalenean, Balutxistan probintzian, egin dute kale gehien eurite eta luizi hauek. Bertan 250 lagun hil dira, gutxienez, uholdeetan itota edo luizietan harrapaturik, eta desagertuak 1.500 dira.Kaxmirren ere egoera larria pairatzen ari dira. Elurte handiek elur-jausiak eragin dituzte eta, horien ondorioz, 120 lagun hil dira gutxienez. Himalaya mendialdeko eskualde horretara sorospenak heltzea ezinezko da errepidez, elurrak moztu egin baititu guztiz bide gehienak. Pakistango presidente Pervez Musharrafek iragarritako larrialdi plan bereziaz gain, Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako Bulegoakplangintza zabal bat jarri du indarrean. Nazioarteko erakundeak, hartara, errefuxiatu guneak ezarriko ditu kalteak izan dituzten eskualdeetan, eta elikagaiak eta botikak bidaliko dituzte. Orain arte ia 100.000 dolarreko ditu laguntza baliatu du erakundeak kaltetuei laguntzeko.
Eurite eta elurteek 650 hildako eragin dituzte azken astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu