Isuriak

Euroguneko berotegi gasen isuriak %2,9 murriztu dira urteko lehen hiruhilekoan

Urtarriletik martxora artean 941 milioi tona gas kutsagarri isuri dira: iazko epe berean baino 28 milioi tona gutxiago. Halere, gas isuriek gora egin dute Irlandan, Letonian, Eslovakian eta Danimarkan.

Zentral termiko bat, Alemaniako Datteln hirian, iaz. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Maddi Iztueta Olano.
2023ko abuztuaren 16a
13:03
Entzun

Ez dira gutxi azken urteotan berotze globala murrizteko iragarri diren neurriak, eta, euroguneko azken datuen arabera, baliteke horien emaitzak uste baino lehen nozitzen hastea. Iazko datuen aldean, urteko lehen hiruhilekoan %2,9 murriztu dira euroguneko berotegi gasen isuriak; hots, 969 milioi tona gas kutsakor isuri ziren orduan, eta 941 milioi tona aurten.

Isuriek behera egin duten arren, bada aldea euroguneko herrialde batetik bestera. Gas isuriek gora egin dute Irlandan (+%9,1), Letonian (+%7,5), Eslovakian (+%1,9), Danimarkan (+%1,7), Suedian (+%1,3) eta Finlandian (+%0,3). Eta nabarmen egin dute behera Bulgarian (-%15,2), Estonian (-%14,7), eta Eslovenian (-%9,6).

Muga geopolitikoak alde batera utzita, urtarriletik martxora etxebizitzek isuri dituzte gas kutsagarri gehien (%24). Talde horren atzetik, sektore kutsagarrien artean daude hauek ere: manufaktura sektorea bigarren (%20), elektrizitatearena eta gas hornikuntzarena hirugarren (%19), nekazaritzarena laugarren (%13), eta garraioarena azkenik (%10). Hain justu, iazko lehen hiruhilekoan baino gas gutxiago isuri dituzte aurten bederatzi sektore ekonomikoetatik bostek. Horien artean, elektrizitatearen eta gas hornikuntzaren sektorean izan da beherakada handiena: %12,3 jaitsi dira isuriak.

Europako talde ekonomikoko parte diren enpresetara zuzendu ditu EB Europako Batasunak azken urteotan iragarritako neurri gehienak. Sektore horietan lan egiten dutenentzat, zera esan nahi du horrek: beren produktuak ekoizteko edo zerbitzuak eskaintzeko modu iraunkorragoak eta «berdeagoak» aurkitu behar dituztela. Horiek hala, ekonomikoki garestiagoak ez diren ekoizteko moduak eta materialak aurkitzea da erronka handienetako bat.

Eurogunetik at

Berotze globala eteteko, ordea, ezinbestekoa da Europako leihotik harago begiratzea. Eta datuak ez dira hain baikorrak. Iazko datuekin alderatuta, CO2 isuriak %4 handitu dira Txinan urteko lehen hiruhilekoan, eta %10 bigarrenean. Berotegi efektuko gasen artean gehien isurtzen dena da CO2a edo karbono dioxidoa. Halere, ez da bakarra. Berotegi efektuko gasen taldean daude, halaber, N20 oxido nitrosoa, CH4 metanoa eta fluoroa duten gasak.

Txinako goranzko joera ulertzeko, ordea, bada aintzat hartu beharreko kontu bat: COVID-19aren pandemia eta horren aurkako neurriak. 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoan, itxita zeuden Shanghaiko eta herrialdeko ia hiri guztietako mugak. Horrenbestez, toki batetik besterako mugimenduak eteteak nabarmen murriztu zituen CO2 isuriak.

Arrazoiak arrazoi, litekeena da goranzko joerari eustea. Asiako erraldoiaren helburu nagusietako bat da aurten bere indar ekonomikoa handitzea. Horretarako, zentral nuklearren eraikuntza azkartu du, haize erroten eta eguzki panelen kopuruak handitu ditu, eta, batez ere, energia termikoaren alde egin du apustu. Gobernuak aurkeztutako 15. Bost Urteko Planaren arabera, 2026tik 2030era artean zentral termiko gehiago eraikitzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.