Europak arreta handia jarriko die Frantziako bozei

Bruselaren norabidean eragina izan dezake bihartik aurrera Eliseoan Sarkozy edo Hollande egoteak

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Gure asmoa ez da krisi bat eragitea», azaldu dio Pierre Moscovici François Hollanderen kanpaina arduradunak Alemaniako Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkari kontserbadoreari Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bezperan. «Botere aldaketa gertatzen bada [Parisen], Frantziaren eta Alemaniaren arteko harreman adiskidetsua gure politikaren oinarrizko elementua izango da».

Alemania, eta Europa osoa, Frantziako 45,5 milioi inguru herritarrek gaur hartuko duten erabakiaren zain dago. Eliseoan Nicolas Sarkozy kontserbadoreak jarraitzeak edo Hollande sozialista sartzeak aldaketak eragin ditzake Bruselan, krisi ekonomikoari erantzuteko norabidean batez ere. Kontu publikoen zorroztasuna eta garbiketa nagusitu dira orain arte, eta Hollandek agindu du bozak irabaziz gero ekonomiaren hazkundera bideratutako neurriak bultzatuko dituela Europan.

Bi hautagaien arteko aldea estutu egin da azken egunetan, baina, hala ere, Idop-Fiducial institutuaren azken inkestek sozialistari ematen diote garaipena: botoen %52 Hollanderentzat eta %48 Sarkozyrentzat. Balizko garaipen horrek Parisen eta Berlinen arteko harremana gaiztotu ez dezan aritu dira azken egunetan elkarri keinuka biak. «Badakigu Angela Merkelek nahiago duela Nicolas Sarkozyk irabaztea, baina François Hollandek irabazten badu, erakutsiko dugu Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremana ororen gainetik dagoela», esan du hautagai sozialistaren kanpainaburuak. Berlingo gobernuak ere baieztatu du Hollandek irabaziz gero lankidetza onari eutsiko diotela, eta nabarmendu du bai Sarkozy eta bai Hollande europazaleak direla.

Azterketa Merkelentzat

Keinu politikoak, nolanahi ere, beti dira neurtuak, eta kanpora begira ez eze, etxera begira ere hitz egin du Merkelen alderdiak. Izan ere, herrialdearen iparraldeko Schleswig-Holstein landerrean hauteskundeak dituzte gaur, eta, inkesten arabera, Merkelen CDU alderdi demokristauaren eta FDP alderdi liberalaren aliantzak boterea galduko du SPD Alderdi Sozialdemokrataren mesedetan.

Alemaniako Gobernuan ere liberalekin du aliantza Merkelek, eta iparraldeko landerreko gobernua jausteak bere irudia kolpatu dezake. Horregatik, etxeko hautesleei eusteko, zorroztasunaren aldeko diskurtsoari ez dio ukorik egin CDUk. Hollanderen asmoak asmo, Europako zerga itunean aldaketarik ez dela egongo ohartarazi du Volker Kauder Berlingo legebiltzarreko kontserbadoreen taldeburuak. «Zerga diziplinaren ituna ez da ahuldu behar, horrek Europa zorraren zurrunbiloan murgilduko lukeelako». Alemaniako Atzerri ministro ohi Hans-Dietich Genscherrek, berriz, garrantzia kendu die Hollanderen promesei: «Hauteskunde kanpaina baten esandakoei ez zaie balio handiegirik eman behar».

Frantziako eskuinaren geroa

Inkestek asmatzen badute eta hautagai sozialista Eliseora iristen bada, ikusteko dago zer gertatuko den Frantziako zentro-eskuinean. Herritarren babesik jaso ezean politika lagako duela esan du kanpainan Sarkozyk, baina azken unean ñabardurak egin ditu haren aholkulari Alain Mincek. «Galdu arren botoen %48-48,5 jasotzen baditu ez litzateke hondamendi bat izango, krisi ekonomikoaren ondorioz edozein lekutan gobernuak erortzen ari diren honetan. Ikusiko dugu ea zer egitea erabakitzen duen».

Badaezpada, erasoa ondo prestatuta du Fronte Nazionaleko Marine Le Penek. Lehen itzulian, hirugarren geratu zen botoen %17 lortuta —%28,6 lortu zituen hautagai sozialistak eta %27,1 kontserbadoreak—, eta gaur boto zuria emango duela iragarri du. Ekainean legebiltzarrerako bozak dituzte Frantzian, eta Sarkozy erortzen bada, bere inguruan berregituratu nahi du Le Penek eskuin berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.