EUROPAKO KONSTITUZIOA

Europako banderarekin bat

2005eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
este herrialde askotan gertatzen den bezala, alde handia dago Korsikako herritarrek eta politikariek Europako Konstituzioaren itunari buruz duten iritziaren artean. Edertasunaren uhartea deitzen dioten honetan, kanpainari ez diote ekin oraindik, baina alderdi askok dagoeneko erabakita daukate beren botoa.

Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdi frantziarreko (UMP) Korsikako kideek jarrera bateratua erakutsi dute. Hala, UMPko Korsika Garaiko buruzagi Jules Federicik adierazi du «orain arte» auziak ez duela inolako barne eztabaidarik eragin alderdian. Erantzunak zeharkako erreferentzia egiten dio alderdi sozialista frantziarrari. Izan ere, Frantziako Alderdi Sozialistako buruzagi François Hollanderen jarraitzaileek itunaren alde egin dute, eta Laurent Fabius alderdikideak ildo sozial-liberaleko buruzagia ezezkoa eskatuko duela iragarri du. Ezezkoa eskatuko du Ezkerreko Alderdi Erradikaleko (PRG) buruzagi Emile Zuccarellik ere Bastiako alkate eta diputatua da. Nazionalismoaren aurkakoa dela hainbatetan argi azaldu duen politikari honen alderdi barruan, alabaina, Europako Konstituzioaren aldeko jarrera da nagusi. Hartara, barne galdeketa baten arabera, PRGko kideen %67,65 itunaren alde daude eta %32,35 kontra. Galdeketa hori posta bidez egin zuten, pasa den urtarrilaren 31tik otsailaren 12ra bitartean eta Korsikako 8.000 militanteen %80k hartu zuen parte. PRGko presidente Jean-Michel Bayleten ustez, itunaren aldeko jarrera nagusi izateak erakusten du alderdiak «Europa oparo eta solidario bat» eraikitzeko lanean jarraitzen duela. Emaitza horrek alderdiko diputatu eta militante guztiak lotzen zituela adierazi zuen Bayletek, duela bi aste, komunikatu baten bitartez. Zuccarellik, berriz, barne bozketaren emaitza «legez kontrakoa» dela iritzi dio, alderdiak posta bidezko eredua aukeratu baitu, zuzenean federazio bakoitzarekin kontsultatu beharrean.

Estatus berri baten aldeko ahaleginak

Unione Naziunale koalizio abertzaleak, berriz, hilabete honen amaieran asanblada egingo du eta orduan emango du bere jarreraren berri ofizialki. Koalizioaren barruan dagoen Corsica Nazione taldeak Paris baino nahiago izan du beti Brusela uharteari dagozkion kontuak negoziatzeko. Gauza bera pentsatzen dute Unioneko gainerako alderdi nagusiek ere; PNCk Korsikako Nazioaren Alderdiak eta A Chjama Naziunalek, alegia. Iragan astean bilera bat egin zuten Cortin. Bilera horretan, itunaren alde bozkatuko zutela iragarri zuten PNCk eta A Chjamak; Korsikako Alderdi Nazionalak (ANC), berriz, itunaren aurka egingo zuela esan zuen.

Corsica Nazioneren barruan eztabaidak bere horretan jarraitzen du, eta oraingoz batzuek itunaren alde egin dute eta beste batzuek kontra. Zenbaiten ustez, independentisten burua den Jean-Guy Talamoni kezkatuagoa dago une honetan Pieri Auzia-gatik erreferendumagatik baino. «Enpresa terrorista batekin lotura duen diru estortsioa» egiteaz akusatu du Frantziako Justiziak.«Frantziak inoiz ez ditu Korsikaren interesak babestu», Corsica Nazioneren arabera. Hala jasotzen du bere Internet gunean, programa politikoaren atalean. «Korsikako instituzioak Europako eraikuntzarekin bateratu behar dira, izan ere gure herriarentzat aukera bat da». Corsica Nazionek Europako kontuetaz arduratuko den batzorde bat eratzeko eskatu dio Asanbleari. Uharteari estatus berri bat ematea nahi du eta horren barruan Korsikako bandera eta Diu vi salvi Regina ereserkia ofizial bihurtzea. Bitartean, Korsikako Asanblean, abertzaleen laguntzaz, agintzen duen UMPk uste du militanteak oro har ados daudela alderdiaren jarrera ofizialarekin, nahiz eta Europaren etorkizun sozialaren inguruan kezkak dituzten. «Turkiaren bat egitea Europako Konstituzioaren inguruko eztabaidarekin nahasteko arriskua dago». 2004ko martxotik Asanbleako presidentea den Camille de Rocca-Serrak zuzentzen du alderdia eta baiezkoaren aldekoei eskatu die Konstituzioa azaltzeko kanpaina bat egin dezatela, herritarrek jakin ahal izan dezaten zer den bozkatzen dutena. Ildo horretan, alderdi kontserbadoreko kideek diotenez, «frantziarrek Europako Batasunean sartzen diren estatu berrien inguruan berme gehiago izango dituzte». Abertzaleek ez bezala, kontserbadoreek ez dute uste Konstituzioak ezer berririk ekarriko dionik Korsikari: «Estatu kide berriak sartzearekin batera, garapen bidean dauden eskualdeek jasotzen dituzten laguntzak galtzeko arriskuan daude, nahiz eta Korsikak elkartasun nazionala eta europarra errespetatzea espero duen. Sardiniaren kasuaren guztiz bestela, Korsikak ez du ordezkari ofizialik».Edmond Simeoni buruzagi abertzalearen jarraitzaileak ez datoz bat horrekin. Unione Naziunaleko ordezkariak Konstituzioa babesten du eta Europan egotea beharrezkotzat jotzen du, «kausa nazionalistarentzat aurrerapauso bat delako».

Informazio kanpaina herritarrentzat

Zuccarelli da joan den urtarrilaren 25ean ezezkoa eskatuko zuela iragarri zuen politikarietako bat. «Ez al da arinkeria itunaren aurka daudenak Europaren kontra daudela esatea eta babesten dutenak alde daudela esatea? Niri dagokidanez, ezezkoa eskatzeko kanpaina egingo dut anbizio handiak ditudalako. Benetako Europa oparo bat eraikitzearen aldekoa naiz».

«Batzuek uste dute Konstituzioak aurrerapauso txiki bat ematea ahalbidetuko duela eta babestu behar dela, aurrerago egitea oztopatzen ez duen bitartean», adierazi du Zuccarellik, «baina aurrerapauso horrek duen arriskua da merkataritza askeko Europa batean kokatzea, zeinak ezingo lukeen inoiz eginkizun garrantzitsurik bete mundu multipolar batean». UMPk, berriz, eztabaidak sortzeko asmoa dauka eta militanteei konstituzioa azaltzeko eskatuko die, nahiz eta onartzen duten «une honetan» ez dirudiela erreferendumak Korsikako herritarren interesa pizten duenik. «Gure lana da ahal dugun guztia egitea konbentzitzeko», dio UMPk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.