CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren hegaldien jakitun ziren Europan. Gobernuek edo zerbitzu sekretuek horren berri ez izatea ez dela sinesgarria ondorioztatu du txosten batek. Dick Marty legebiltzarkide suitzarrak zuzendu du ikerketa eta atzo helarazi zituen aurreneko ondorioak: «Nola da posible atzerriko hogeita bost agente herrialde europar batera iristea eta norbait atxilotzea eta lekuz aldatzea inork ezer jakin gabe?». Europako Giza Eskubideen Kontseiluak agindu zion ikerketa iragan urtearen amaieran. Europako herrialde «askotatik» susmagarriak eramateko «ehunka» hegaldi pasa zirela dio txostenak. Estatuburuek eta gobernuburuek jakinaren gainean zeudela dio txostenak.
CIAk atxiloketa zentro sekretuak izatea, berriz, ukatu egin zuen Martyk. Errumanian, Polonian edo «beste edozein herrialdetan» zentro sekretuak izan zirela ziurtatzen duten «froga formalik eta ukaezinik» ez dagoela zehaztu zuen. Europako Giza Eskubideen Kontseiluaren baitan 48 estatu kide daude. «Guantanamoko basea bezalako atxiloketa zentroak daudela baieztatzen ahal duten elementu erabakigarririk ez dago». Txostenaren arabera, baina, egiaztatuta dago hainbat pertsona bahitu zituztela eta herrialde ezberdinetatik eraman zituztela euren askatasun eskubidea urratuz. «Tortura eta tratu iraingarriak baliatu zituzten eta hori nahikoa larria da berez ikerketak justifikatzeko».Txostenak hogeita lau orrialde ditu eta ikerlariak atzo aurkeztu zuen Estrasburgon (Frantzia). Ikerketa aurrera egingo du eta aurki informazio gehiago jasoko duela jakinarazi zuen Martyk.
The Washington Post egunkariak eman zuen hegaldien berri iragan azaroan. Human Rigths Watch giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak egin zuen aurreneko salaketa.Abu Omar eta Khaled al Masriren kasuak aipatzen dira txostenean. Aurrenekoaren bahiketak «terrorismoaren kontrako ekintza bat saboteatu» zuen eta hori «onartezina eta eraginik gabekoa da». Hainbat herrialdetako agintariek, gainera, informazioa emateko garaian errezeloak izan dituztela salatu zuen Martyk.
Kolaboratzeko deia
Europako Batzordeko presidenteorde Franco Frattinik ikerketekin «ahalik eta azkarren eta prestutasun osoz» kolaboratzeko eskatu zien atzo estatu kide guztiei gertatu dena lehen bai lehen argitzeko. Txostenaren ondorioak «larritzat» jo zituen eta, ildo horretan, estatu kideek euren jarrera argitzeko garaia dela gaineratu zuen: «Txostenak informazio aipagarria du eta, neurri batean, berria». Estatu kideek otsailaren 21 arteko epea dute ikerlariek bidalitako galdeketa erantzuteko. Europako Legebiltzarrak, bestetik, beste ikerketa bat agindu zuen ekainean emango dituzte ezagutzera ikerketa horren emaitzak.
Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko presidente Rene van der Lindinek, bestetik, terrorismoari aurre egiteko legez kanpoko metodoak baliatzea kritikatu zuen atzo: «Ezin dugu terroristen antzeko metodoak erabiltzea onartu».
EUROPAKO BATASUNA. Europako Kontseiluak dio CIAko hegaldien berri ez izatea ez dela sinesgarria
Europatik «ehunka» hegaldi pasa zirela ziurtatu du ikerketa batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu