EUROPAKO BATASUNA. FRANTZIAREN TXANDAKAKO PRESIDENTETZA. Sarkozy: «Erabat aldatu behar dugu Europa eraikitzeko gure era»

Irlandako herritarrek Lisboako Itunari emandako ezetzak «zerbait oker» dagoela frogatzen duela uste du estatuburuak

arantxa elizegi egilegor
2008ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Europako Batasunari ez doakio nahi bezain ongi. Halaxe onartu zuen atzo Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk. Horregatik, EB zuzentzeko moduan aldaketak egin beharra dagoela esan zuen gaur Esloveniarengandik batasuneko txandakako buruzagitza hartuko duenak. «Erabat aldatu behar dugu Europa eraikitzeko gure era», esan zuen Frantziako estatuburuak. Izan ere, haren ustez, Irlandak Lisboako Itunari emandako ezetzak erakusten du «zerbait oso oker» dagoela.

Europako Batasunean herrialde berriak sartu eta instituzioak berritzea ahalbidetuko luke itunak, baina horretarako beharrezkoa da 27 kideek onartzea. Ondorioz, irlandarren ezetzak krisia eragin dezake EBren bihotzean. Hori dela eta, datozen sei hilabeteetan konponbidea aurkitzen saiatu beharko du Frantziako Gobernuak.

Kezka ere agertu du Sarkozyk, herritarren artean Europako proiektuarekiko zalantza zabaltzen ari delako. «Beren buruari galdetzen diote azkenean ez ote dituzten hobeto babesten beren herrialdeetako agintariek, Europakoek baino». Harekin bat etorri da Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchner ere, eta nabarmendu du batasunak oso kontuan hartu behar dituela herritarren kezkak. «Eraginkorrak izan behar dugu herritarrentzat horren argi ez dagoen Europan».

Lau dira Parisen lehentasunak: immigrazioaren gaineko beste akordio bat, energia eta klima aldaketa, nekazaritza politikan aldaketak bultzatzea eta defentsan urratsak egitea. Klima aldaketa eta energiaren gaineko akordioei eman die garrantzia, hala ere, Sarkozyk. Iragarri du gai ekologikoen gaineko %5,5era BEZa murriztuko duela.

Gasak murriztea xede

Besteak beste, klima aldaketa eragiten duten CO2 gasak %20 murriztu nahi ditu Bruselak 2020rako. Aldi berean, beste hainbeste handitu asmo du energia berriztagarrien erabilera. «Planeta sumendi bat da, eta berehala ekin behar diogu lanari. Europak erakutsi behar die bidea, AEBei, Txina eta Indiari», adierazi du Sarkozyk. Dena den, estatuburuak onartu du ez dela erraza izango gasen inguruko akordioa lortzea, izan ere, hainbat herrialdek erregai fosiletatik lortzen dute energiaren %90. Hori da, esaterako, Poloniaren kasua.

Bestalde, herenegun Carcassonnen izandako erakustaldi militar batean soldadu batek egiazko balak jaurti zituen gezurrezkoen ordez, eta 17 lagun zauritu. Tartean hiru urteko haur bat eta haren gurasoak. Tiroak egin zituen sarjentua eta beste hiru soldadu atxilotu zituzten, eta gertaera istripua izan zela ziurtatu dute arren, ikerketa egingo dutela iragarri dute.



Datua

LISBOAKO ITUNA

Alemania. Irlandaren ezetzaren ostean, Alemaniako ezkerrak aurkeztutako salaketak direla medio, Konstituzionala testua aztertzen ari da, eta hark hura berretsi arte ez duela sinatuko iragarri du Horst Koehler presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.