Podemoseko europarlamentaria

Idoia Villanueva: «Europako Batasuna genozidio planifikatu baten konplizea da»

Israelek gosea arma gisa erabiltzen duela salatu du Podemoseko europarlamentariak. Rafahko Egiptoko aldean egon da, errealitatea bertatik bertara ezagutzeko.

(ID_17095464391025) Idoia Villanueva
PODEMOS
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 6a
05:05
Entzun

EB Europako Batasunaren eginkizunetako bat Gazako gerran eskua sartu eta bakea lortzen saiatzea dela uste du Idoia Villanueva Podemoseko europarlamentariak (Iruñea, 1980); hala ere, haren iritziz, 27 estatu kideko taldeak orain arte egin duen guztia «Israeli inpunitatea ematea besterik ez da izan». Gazako zerrendan, eta bereziki Rafahn —Egiptorekin muga duen hiria— bizi duten errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz joan zen hara Villanueva, beste bi europarlamentarirekin batera, eta joan den asteartean itzuli ziren. Egiptotik Palestinara sartzea ezinezkoa izan zaio. Halere, egunero Gazan dauden ekintzaileekin hitz egiteko aukera izan du; Ilargi Gorriarekin, besteak beste.

Zergatik joan zarete Rafahko mugara?

Garrantzitsua iruditzen zitzaigun egoeraren berri bertatik bertara jakitea. Gaur egun, batez ere Gazako zerrendako hegoaldera bidaltzen ari dira laguntza humanitarioa, bereziki Rafahra. Israelek laguntza horri ezarria dion blokeoa salatu nahi genuen handik.

Zer egoerarekin egin duzue topo?

Egiaztatu dugu Israel genozidio planifikatu bat egiten ari dela. Planifikatu hitza erabili dut palestinarren aurkako ekintzek inpunitatea izan duten hamarkadetan dagoelako oinarrituta. Inpunitate hori bukatzeko asko falta da —Nazio Batuen Erakundeak hamaika ebazpen eman dituen arren—. Egunero ehunka gerra delitu egiten dituzte Gazan. Palestinarrak ez ditu soilik metrailak hiltzen.

Janaria geroz eta urriagoa da zerrendan.

Gosea beste arma baten moduan erabiltzen dute. [Gazako gerra hasi aurretik] Laguntza humanitarioa zekartzaten kamioi gutxi sartzen ziren zerrendan. Egun, ordea, salbuespen egoera batean gaude. Han dauden erakundeek esan digutenez, egunean 600 kamioi behar dituzte, gutxienez, Gazan dauden herritarrak janariz hornitzeko; baina bost kamioi inguru sartzen dira egunero.

Israel Rafahko sarrera blokeatzen ari da. Mugaren Egiptoko aldean 2.000 kamioi baino gehiago daude prest Gazara laguntza humanitarioa eramateko, baina Isarelek atzera botatzen ditu, arrazoirik gabe.

EB zer ari da egiten Gazako egoera hobetzeko?

Gaur egun Egiptora heltzen den laguntza humanitario gehiena Europako Batasunak finantzaturikoa da. Hori besterik ez da egiten ari, Hamas gobernura heldu zenean Gazan zuen ordezkaritza itxi baitzuen. Oso argiak izan behar dugu honekin: Europako Batasuna genozidio planifikatu baten konplizea da. Mendebaldeko gobernuek genozidio posible bat gelditzeko ekin beharko liokete, eta ez dira ezer egiten ari.

«Egunero ehunka gerra delitu egiten dituzte Gazan. Palestinarrak ez ditu soilik metrailak hiltzen»

Nazioarteko gobernuek eta Europako instituzioek harremanak eten ditzakete Israelekin. Isarelek EBrekin duen akordio pribilegiatua bertan behera utzi beharko litzateke; zigorrak ezarri beharko litzaizkieke sarraskiaren erantzuleei; Israeli armak saldu eta erosteari —genozidioa finantzatzeko erabiltzen dute diru hori— utzi beharko genioke Europan; eta EBk nazioartean abian dauden prozesu judizialak babestu beharko lituzke. Egiten den beste edozer genozidiorekiko erabateko konplizitatea da.

Egipton palestinarren exodo bat gertatzearen beldur dira?

Egiptoko gaur egungo erregimena oso argi mintzo da: bere lurraldean ez dira milioika errefuxiatu palestinar egongo. Behin eta berriz adierazi duenez, su etena nahitaezkoa da, palestinarrek beren lurretan geratu behar baitute. Ez daude prest, Jordaniak beste batzuetan egin izan duen bezala, hainbeste errefuxiatu hartzeko.

Mezu hori zabaltzen duten bitartean, jakin badakigu beste Nakba bat gertatuz gero palestinarrak sartzeko esparruak eraikitzen ari direla. Gazako herritarrak zeru zabalera irekia dagoen kartzela batetik guztiz itxita dagoen esparru batera igaroko dira.

EBk Palestina estatu gisa aitortzea eztabaidagai dago?

Espainiako Gobernuak publikoki esan du Palestina estatu gisa aitortzea aztertzen ari dela. Dakidanez, Espainia aliatuak bilatzen ari da Europan denek batera aitortza hori egiteko. Neurri ona iruditzen zait, baina hipokrisia alde batera utzi behar dugu; tamalez, berandu dator. Podemosen, 2018ko aurrekontuak onartzeko, alderdi sozialistari [PSOEri] eskatu genion Palestinako estatua aitor zezala. Ez zuen aitortu.

2018an Espainiak eta Europako beste hainbat estatuk Palestina aitortu izan balute, ez ginateke egungo egoeran egongo. Orain Palestina estatu gisa aitortzeak ez du amaituko genozidioa. Batez ere, estatu hori hartuko duen lurrik ez dagoelako. Israelek zenbait hamarkada daramatza palestinarren lurrak okupatzen.

Joan den astean, AEBek esan zuten balitekeela laster izatea su etena. Menia gertu dago?

Laguntza humanitarioa ematen duten elkarteekin, Egiptoko agintariekin eta EBko ordezkaritzarekin hitz egin dugu. Esan digutenez, Qatarren su etena negoziatzen ari dira. Onartezina da EBn behin-behineko su eten bat, eten humanitario bat, egon behar den edo ez eztabaidatzea. Genozidioak ez dira aldi baterako gelditu behar: behin betiko eten behar dira. EBren ardura da Israeli erasoak eten ditzala exijitzea.

Menia lortzeko negoziazioak daude, baina [Benjamin] Netanyahuren gobernuko adarrik erradikalena argi mintzo izan da: ez dira geldituko azken palestinarra txikitu arte. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli eskatu zion genozidioa eragozteko neurriak hartzeko. Tel Avivek ez du ezer egin hori ziurtatzeko; are gehiago, Palestinaren aurkako oldarraldia areagotu du. Israelek, Palestina desagerrarazi nahi duelako ideiaz harago, ez du bestelako sinesgarritasunik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.