Europako Batasuna plan bat prestatzen ari da Palestinako gatazkari «irtenbide sinesgarri bat» emateko

Zirriborroan hamar puntuko bide bat jaso dute; tartean, bake konferentzia bat egitea, eta bi estatuen soluzioari eustea. Sirian Guardia Iraultzaileko bost kide hiltzea leporatu dio Iranek Israelgo armadari.

(ID_13357358) MIDEAST PALESTINIANS EU DIPLOMACY
Josep Borrell EBren diplomaziaburua —ezkerrean—, Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroa alboan duela, azaroan, Ramallahn (Palestina). NASSER NASSER / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 20a
16:25
Entzun

EB Europako Batasuneko estatu kideen eta Ekialde Hurbileko herrialdeen sostengua lortzea zaila izango den arren, EBren talde diplomatikoa, AEEZ Atzerri Ekintzako Europako Zerbitzua, bake plan bat osatzen ari da Palestinako gatazkari «irtenbide sinesgarri eta oso bat» emateko. Hamar puntuko proposamen bat da —zirriborroa da oraindik—, eta, testu horretan, besteak beste, bi estatuen soluzioari eustearen alde egiten dute, baita herrialde arabiarren eta Israelen arteko harremanak normalizatzearen alde ere.

Dokumentuan argudiatu dutenez, «ordua da» Palestinaren eta Israelen arteko «bakerako prestatzeko», «zailtasunak eta ziurgabetasunak agerikoak» diren arren, Euractiv atariak argitaraturikoaren arabera. Josep Borrell EBren diplomaziaburua ere parte hartzen ari da plan hori osatzeko lanean, eta, talde komunitarioko estatu kideei bidalitako gutun batean esan duenez, aurkezturiko bide orriaren helburua da «proposamen praktikoen bitartez» honako ideian sakontzea: «Soilik luzera begirako irtenbide politiko iraunkor baten ondorio izan daiteke bi herrietan bakea eta eskualdean egonkortasuna lortzea».

Plan horren funtsezko proposamenetako bat zera da, urtebete iraungo lukeen bake konferentzia bat egitea, «nazioarteko parte hartze indartsu batekin». AEB Ameriketako Estatu Batuek, Arabiar Ligak, EBk, Egiptok, Jordaniak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Saudi Arabiak parte hartuko lukete, eta negoziazioen oinarriak ezartzeko baliatuko lukete konferentzia hori, betiere Palestinako eta Israelgo ordezkarien iritzia aintzat hartuta.

Tarte horretan, gatazkako bi aldeek ez lukete zertan mahai beraren inguruan eseri; hori bai, AEEZk zehaztapen bat egiten du: PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak osatuko luketela palestinarren ordezkaritza, eta ez Hamasek.

EBren proposamenaren arabera, PAN eta PAE lirateke Gazako eta Zisjordaniako herritarren ordezkariak negoziazioetan, eta ez Hamas.

Behin NBEk onarturiko ebazpenak, Europar Kontseiluak negoziaturiko ondorioak eta konferentzia horretako parte hartzaileen iritziak aintzat hartuta, orduan bai, Palestinak eta Israelek –«gatazkako aldeek»– behin betiko bake akordioa negoziatu, adostu eta sinatu beharko lukete. «Hamasen aurrean, palestinarrek alternatiba politiko suspertu bat beharko dute, eta israeldarrek borondate politikoa beharko dute bi estatuen irtenbidea lortzeko negoziazio nabarmenetan engaiatzeko», dio AEEZk dokumentuan.

Eta horrek guztiak bide eman beharko lioke, besteak beste, Palestinako Estatua eratzeari –Israelen «alboan biziko» litzateke estatu hori– eta bi herrialdeentzako «segurtasun berme sendoak» adosteari.

EBko Atzerri ministroak etzi bilduko dira, eta baliteke egun horretan bertan eztabaidatzea AEEZren proposamena, agendan zehaztu baitute «Ekialde Hurbileko egoeraz» arituko direla. Estatu kideen arteko desadostasunak agerikoak izan dira hilabeteotan Gazako gerraren inguruan, zailtasun handiak izan baitituzte fronte bateratu bat osatzeko; hortaz, ez dago argi zirriborroak zer ibilbide izango duen talde komunitarioaren beraren barnean. Israelgo Atzerri ministro Israel Katek eta PANeko Atzerri ministro Riyad al-Malikik ere parte hartuko dute bilkura horretan, bakoitzak bere aldetik.

Hamasen eta Netanyahuren jarrera

Hamasi eta Israeli dagokienez, ikusteko dago zer erantzun emango dioten planari. Egunotan izan duten zeharkako talka dialektikoak, ordea, ez du itxaropenerako tarte handirik ematen; gaur Palestinako organizazio islamistak Joe Biden AEBetako presidenteari erantzun baitio, eta esan ez duela itxaropenik izan behar honakoaren inguruan: Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak noizbait onartu egingo duela Palestinako Estatua sortzea.

Biden eta Netanyahu atzo mintzatu ziren telefonoz, eta, elkarrizketa horren ondoren, AEBetako presidenteak esan zuen «oraindik ere» badirela aukerak Israelgo lehen ministroaren jarrera aldatzeko. Hamasen adar politikoko zuzendaritzako kide Izzat al-Rixqek, aldiz, ez du hori uste, eta Bideni egotzi dio, komunikatu baten bitartez, «genozidio gerrako erabateko kide» izatea: «Ez dugu ezer espero harengandik».

Netanyahuren helburuen artean daude, hark hainbatetan adierazi duenez, Hamas «suntsitzea» eta organizazio islamistak joan den urriaren 7ko erasoan bahituriko guztiak askatzea. Bada, The New York Times egunkariak argitaraturikoaren arabera, horren inguruan zalantzati dira armadako zenbait komandante, uste baitute «bateraezina» dela bi xedeak betetzea. Barne desadostasunak geroz eta handiagoak dira Israelen, bai gobernuan eta bai goi kargudun militarren artean.

Ekialde Hurbilean, berriz, Siriako hiriburuko eraikin bat bonbardatu dute gaur, eta eraso horretan Irango Guardia Iraultzaileko bost kide hil. Teheranek eta Damaskok Israelgo armadari leporatu dizkiote heriotzak, nahiz eta Tel Avivek ez duen ezer esan horren inguruan.

Libano hegoaldean ere auto bati eraso egin diote, eta gutxienez bi lagun hil, herrialde horretako NNA albiste agentziak jakinarazi duenez. Bi gorpuak erreta daude, eta ezin izan dituzte identifikatu; hortaz, ez dago argi Hezbollahko kideak ziren. Gobernuak salatu du Israelgo armadak egin duela eraso hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.