Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk, Europako Batasuneko (EB) txandakako presidentetza hartu eta egun gutxira, gaur, nabarmendu du EBk ez duela itun berria negoziatuko. Iragan ekainean Irlandako Errepublikako herritarrek Lisboako Itunari erreferendumean ezezkoa eman ondoren EBn sortutako krisiak kezkatuta dauzka agintariak baina, Sarkozyren idurikotz, itunari eutsi egin behar zaio, EB hedatu eta egokitu ahal izateko "funtsezkoa" delako.
Irlandara joango da Sarkozy
Sarkozyk baieztatu du hilaren 21ean Irlandara, Dublinera joango dela, "entzutera, hitz egitera eta irlandarren ezetza-ri aterabide bat aurkitzera".
Zehaztu duenez, krisia konpontzeko Frantziak EBn duen txandakako presidentetzaren asmoa Irlandako Gobernuarekin adostutako metodo eta ahal dela aterabide bat proposatzea da. Urrian edota abenduan egitea aurreikusten du Sarkozyk.
Agintari eskuindarraren esanetan, iaz Frantzian presidentetzarako hauteskundeak egin aitzin frantziarrei iragarri zien ez zuela beste erreferendumik antolatuko, kasu honetan Lisboako Ituna berresteko. Irlanda izan da EBko estatu kideetan bakarra ituna erreferendumean bozkatzeko aukera eman duena, ez Gobernuak hala nahi zuelako, Konstituzioak agintzen ziolako baizik. Gainerako estatu kideetan Legebiltzarrean berresten ari dira, herritarrei ahotsa eman gabe.
Lisboako Itunaren aurretik, Europako Konstituzioa -ituna konstituzioaren edukien %96 duela salatu dute kritikoek- bozkatu zuten EBko estatu kideek. Frantziako estatuko herritarrek eta Herbeherekoek ezezkoa eman zioten galdeketa banatan, 2005ean, eta horrek sekulako krisia eragin zuen Europako Batasunean. Beste estatu kide batzuek baiezkoa eman zioten, tartean Espainiako estatuko herritarrek. Bruselak, halere, krisia piztu zenean berreste prozesu hura eten egin zuen.
Urte batzuk lehenago, 2001ean, Nizako Ituna bozkatu zuten erreferendumean. Irlandarrek ezezkoa eman zioten orduan ere, baina Bruselaren eta Dublinen arteko negoziazio batzuen ondotik, berriz egin zuten galdeketa, 2002an, eta "herritarrei beldurra eragiteko kanpaina" baten ondorioz -kritikoen esanetan- baiezkoa eman zioten. Danimarkan antzekoa gertatu zen.
Orain Sarkozy eta EBko gainerako gobernuburu eta agintarien kezka da ea zer gertatuko den Europako Legebiltzarrerako 2009an egingo dituzten hauteskundeetan. Aurreko bozetan herritarren motibazio eza izan da nagusi, eta parte-hartze txikia eragin du horrek. Horri buelta nola eman aztertzen ari dira agintariak, Europarako eredu neoliberala eta estatuetan zentratua -nazio eta herrialdeetan izan beharrean- sendotzeko.
Mundua
Europako Batasunak ez duela Lisboako Ituna berriro negoziatuko esan du Sarkozyk
EBko txandakako presidentearen iritziz, ituna "funtsezkoa" da Europako Batasuna hedatu eta egokitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu